Dokumentuaren akzioak
Theret: «Pilotaren eta dantzaren arteko lotura naturala da; kirol hori oso estetikoa da»
Xiru jaialdiak «Pilotar(h)itza» ikusgarria emanen du gaur gauean, Gotaineko areto nagusian
Pilota, dantza, musika, bertsolaritza eta soinuak elkartuko dira gaur gauean, Gotainen, Pilotar(h)itza deituriko obra berriaren aurkezpenean. Mixel Etxekoparri bururatu zitzaion X. edizioan pilota dantzarekin elkartuta ikusgarria egitea lagun batekin mintzatu ondoren, eta horren emaitza aurtengo jaialdiaren sorkuntza nagusia izango da.
Abotia jaialdia antolatzen duen elkarteak aurten jokoa aipatzea aukeratu du, eta Pilotar(h)itzan gai hori dantzaren, bertsoaren, musikaren eta pilotaren bitartez agerian jarri nahi izan du. Musikak eta bertsolaritzak garrantzi handia dute ikuskizunean, baina pilota eta dantza elkartzeak berezia egiten du lana.
Obra egiteko, Mixel Etxekoparrek Mizel Theret Biarrizko koreografoa eta Michel Iturria Mauleko pilotari ohia elkartu ditu. Pilotariaren keinuak aintzat hartuz, Mizel Theretek kirol hori dantza garaikidearen berezitasunera eramatea aukeratu du. «Pilotaren eta dantzaren artekoa lotura naturala da. Kirol hori kontestutik ateratzen badugu, baliatzen dituzten keinu asko oso estetikoak direla ohartuko gara», aipatu zuen Theretek. Hartzaro jaialdiko ikusgarri gehienak egin ditu Biarrizko koreografoak, baina, landu dituen obra guztien artean, Pilotar(h)itza sakonduena dela nabarmendu zuen. «Taldean egin den lana da. Lehenik, guztien ideiak mahai gainean jarri ditugu eta, gutxinaka, ikuskizunaren ildoa eraiki dugu. Inprobisazioak leku handia izan du, eta ikuskizunean ere izango du», adierazi zuen.
Itzulikatuz, jokalekuan agertzen den pilota batek ematen dio hasiera ikusgarriari. Eta, berrogeita hamar bat minutu igaro ondotik, zesta-punta jokoa agertuz bukatzen da. «Obra egituratua da, eta dantzari dagokionez, oso garaikidea da. Ez dugu dantza batere landu; pilota jokoaren keinuetan oinarritu gara», berretsi zuen Theretek. Duela hamar bat urte beste lau dantzarirekin mota bereko lan bat egin zuela adierazi zuen koreografoak.
«Ikusgarri horren ideia batzuk berriz hartu ditut. Baina musikari, pilotari eta soinulariarekin elkarlanean aritu garenez gero, harreman horretatik ere ideia asko atera da. Guztiak esperientzia handiko artistak izanik, askoz errazagoa izan da lan egitea», azaldu zuen. Asko eztabaidatu ondoan, astebetez Maulen egindako egonaldiarekin aski izan dute ikusgarria egituratzeko.
Soinu elektro-akustikoak
Hala ere, dantzatik eta pilotatik at, musikak, kantuak eta soinuek toki garrantzitsua dute Pilotar(h)itzan. Theretek, izan ere, Pierre Vissler artista zuberotarrak landutako «soinu elektro-akustokiak» nabarmendu zituen.
Ikuskizun horretarako, Vissler pilota munduari lotuak diren soinuak grabatzen aritu da. Paretan jotzean pilotak egiten duen soinua, trinketaren giroa, pilotaren ufakoa; hots, kirol horri lotuak diren soinu berezi guztiak grabatu eta berriz landu ditu ikuskizuneanazaltzeko.
«Soinu elektro-akustiko horiek atmosfera berezi batean sartzen du ikuskizuna», erran zuen koreografoak. Bertsolariei dagokienez,ikuskizunean oinarrituko dira bertsoak sortzeko. Musika arloan, berriz, Mixel Etxekopar eta Jean Christian Irigoien arituko dira.
Dokumentuaren akzioak