Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka The Chicken dance

Dokumentuaren akzioak

The Chicken dance

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2002/04/14

Ameriketako Estatu Batuetako euskal komunitatean «The Chicken Dance» bezala ezagutzen dute dantza hori, baina «The Duck Dance»,» Dance Little Bird», «Vogel Tanz»,» La Danse des Canards» edo «El Baile de los Pajaritos» bezala ere ezagutzen dela azaldu du Lisa Corcosteguik. Dantza Thomas Werner-ek konposatu zuela 1970eko hamarkadan Suitzan, eta poliki-poliki mundu osora hedatu dala. Gaur egun «Oilaskoaren dantzaren» 140 bertsio desberdin ezagutzen omen dira eta kantaren 40 milioi kopia saldu dira munduan. «Oilaskoaren dantzaren» zabalkundeaz hainbat datu bildu ditu Lisa Corcosteguik, baina badauka oraindik erantzunik gabeko galderarik. «The Chicken Dance», «oilaskoaren dantza», Ameriketako Estatu Batuetako euskal komunitatean nondik nora sartu zen aurkitu nahian dabil. 

EUSKAL dantzari buruzko informazioa eskaintzeko Internet-en jarri duen aldizkarian kontatu digu oilaskoaren dantzarena Lisak. Ameriketako euskal dantzariak elkarrengandik urrun eta informazioz urri dabiltzala ikusi du Renoko dantzari eta ikertzaileak, eta beraz, ingelesez eta informazio aberatsez osatzen duen "dantzaldizkaria" jarri du sarean. 

Euskal Herriko dantzariak elkarrengandik hurbil gaude eta informazioa eskurago dugula pentsa genezake, baina praktikan, gure arteko informazio trukea oso urria da. Ehunka dantza talde, milaka dantzari eta hainbat eta hainbat ekitaldi badaude ere, bakoitzak gure inguruko hiruzpalau ekimenen berri baino ez dugu izaten. Ondorioz esperientzia, saio berri edo sendotutako proiektuen berri izan gabe, hutsetik hasi eta egunero «mundua berrasmatze»n jarduten dugu. 

Euskal dantzarien komunitatearen informazio trukea bideratzeko sortu da dantzan.com, "euskal dantzari eta dantzazaleen gunea". Dantza-talde, dantzari eta dantzazale bakoitzak bere albistea jarri dezake bertan, besteen ekarpenak irakurri eta informazioa gehitu daiteke, eta baita iruzkinak egin ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza eta Code&Syntax enpresaren ekarpenari esker erabiltzeko erraza eta ikusteko oso txukuna den web gune interaktiboa prestatzeko modua izan da http://www.dantzan.com helbidean. Interaktibitate horri esker dantzazale guztion artean egiten den gunea da, ekarpenak azkar eta erraz sareratzeko bidea ematen baitu. 

DANTZAREN inguruko albistegi nagusiaz gain, dantzarekin zerikusia duten azken disko eta liburuen berri ematen da bertan, prentsan dantzari buruz agertutakoak biltzen dira, dantzari buruzko bibliografia kontsulta daiteke, eta argazkiak eta dokumentuak trukatu daitezke. Gunearekin batera posta zerrenda bat antolatu da, eta beraz, dantzaren inguruko informazio truke bizia egiteko modua gauzatzen hasi da. Gasteizko Folklore Eskolaren "Doinu eta dantza" aldizkarietatik hasita, Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarraren ekimenetara, eta Renon prestatzen duten «Dantzaldizkaria» ahaztu gabe, dantzari buruzko informazio interesgarriena, «Oilaskoaren dantza»ren inguruko xehetasunak irakurtzeko lotura barne, aurki daiteke bertan: www.dantzan.com

Dokumentuaren akzioak