Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Teresa Franzoia : “Dantza euskal kultura munduan zehar zabaltzeko era bat da”.

Dokumentuaren akzioak

Teresa Franzoia : “Dantza euskal kultura munduan zehar zabaltzeko era bat da”.

Boisen igaro dugun lehen egun honetan Oinkari dantza taldearekin batzeko aukera izan dugu. Taldea duela 50 bat urte sortu zen, 60ko hamarkadan, 6 euskal-amerikar Euskal Herria eta familia ezagutzera Donostiara joan zirenean. Bada, han zeudelarik euskal dantzen berri izan zuten eta Euskal Herriko Oinkari dantza taldea ezagutu eta bertan dantzatzen hasi ziren. Halako batean ikasitakoa Ameriketara eramatea otu zitzaien eta taldearen izena erabili zuten esker ona adierazteko. Horrela sortu zen Boiseko Oinkari dantza taldea, lehen ekitaldia Gabonetako Artzainen dantzaldian izan zelarik.
Komunikabidea
Gazteaukera
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/07/27
Lotura
Gazteaukera

Egungo dantzarien artean Teresa Franzoia aurki dezakegu. Taldeko nesken zuzendaria da bera eta hiru urte zuelarik hasi zen dantzan, Elco hirian eta guk berarekin solasteko aukera izan dugu. Hizketaldian zehar harritu egin gaitu Teresaren euskara mailak. Izan ere, noizean behin herriko artzainekin soilik erabiltzen badu ere, oro har, ingelera da komunikatzeko erabiltzen duen hizkuntza.

 

IMG_0973

Teresa Franzoia

Zenbat dantzarik osatzen duzue egun taldea?

58 dantzari gaude momentu honetan taldean, eta horietatik 31 neskak dira. Hala ere Boiseko Gazteetan dantzari gehiago aurki daitezke. Izan ere, 14 urte bete ondoren sar zaitezke Oinkari dantza taldean.

Edonork du parte hartzeko aukera baldin eta Euzkaldunak-eko bazkide bada. Bestalde, dantzari guztiek dute euskal jatorria batek izan ezik. Azken hau taldeko trikitilariarekin ezkondu eta ondoren hasi zen taldean

Nola egiten duzue dantza taldea bideragarri?

Taldea bera  autogestionatua da, nahiz eta prestatutako lokal batean entseatzen dugun eta horren truke ekitaldiak egiten ditugu Euzkaldunak-entzat. Horrez gain gazteriaren parte hartzea ezinbestekoa da proiektua aurrera eramateko, eta zorionez Boiseko euskal komunitateko gazteria oso aktiboa da.

Nola iritsi zara zuzendari izatera?

Ikaragarri gustatu izan zait beti dantzatzea. Hori dela eta, munduko leku ezberdinetara bidaiatu izan dut gauza berriak ikasteko. Esaterako, Gazte Mundo programarekin Euskal Herrira joan nintzen dantzak hobetzera, eta bertokoak ikastera, gerora Ameriketan erakutsi ahal izateko. Hala iritsi zitzaidan zuzendari izateko aukera eta orain dantzen baino zuzentzen ematen duten denbora gehiago.

Etengabe berritzen dituzue dantzak?

Bai. Adibidez, orain Xiberoko dantzak ikasten hasi gara. Hala ere badaude beti errepikatzen direnak. Bada, betidanik dantzak pixka bat moldatu izan ditugu eta batzuk gure egin.

IMG_0952

Oinkari Dantza Taldea

Zer suposatzen du zuentzat dantza egiteak?

Hemen txikitatik ikasten da dantza egiten. Izan ere, euskal kultura bizirik dagoela erakusteko modu ikusgarria da. Urtean zehar ekitaldi ezberdinak egiten ditugu Boisetik kanpo, hala nola, Seattle, San Franciscon… Hauen bitartez euskal kultura zabaltzen saiatzen gara. Jendeak Basque hitza entzuten duenean eta euskal amerikarren gaineko jakin-mina izaten du.  Ondorioz, jende dezente batu ohi da gure ikuskizunetan.

Aurretik aipatu duzu dantzak euskal kultura zabaltzeko bide bat direla. Horretaz aparte zer egiten duzue norabide horretan?

Dantzekin batera euskal hitzak, dantzen jatorria eta euskal herriko historia ere irakasten ahalegintzen gara. Esaterako, dantza bizkaitarra baldin bada bertoko armarria erakutsi eta hitz batzuk sartzen ditugu. Halaber, Boisen dantzaz gain euskal kulturarekin lotura duten beste hainbeste ekintza egiten dira, adibidez, pala, trikia, musa…

Anduiza Frontoia

Anduiza Frontoia

Jaialdia ate joka dagoela iritsi da azken hilabeteetan burututako lana argitara ateratzeko ordua  ezta?

Halaxe da, irailean hasi ginen Jaialdia prestatzen. Ordutik igandero hamabietan batzen izan gara dantzari berriekin eta ordu batetan berriz talde guztiarekin. Dena den, jaialdia gerturatzen joan den heinean entsegu kopurua ere handitu behar izan dugu azken zuzenketak egiteko. Jada lan guztia egina dago eta asteazkenean Jaialdian estreinakoz dantza egiteko irrikan gaude, ea dena ondo ateratzen den.

 Boiseko argazki gehiago

Dokumentuaren akzioak