Dokumentuaren akzioak
Telmo Esnalen 'Dantza' Sail Ofizialean izango da, emanaldi berezien artean
Donostiako 66. Zinemaldia
Donostiako Zinemaldiak aurten erakutsiko dituen film gehiagoren berri eman du gaur goizean, Espainiako Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademian egindako aurkezpenean, Madrilen. Aurten ez da izango euskal ekoizpenik Urrezko Maskorra lortzeko lehian, baina Sail Ofizialean izango da Telmo Esnalen Dantza, emanaldi berezien artean. Amaia Irigoienek, Gari Otamendik, Ainara Ranerak, Joseba Astarbek eta Jon Garatek hartzen dute parte lanean.
Donostiako Zinemaldiaren sari nagusia lortzeko hautagaien artean izango diren beste lau pelikula jakinarazi dituzte gaur goizeko agerraldian: Iciar Bollain hirugarrenez izango da Maskorraren lehian, Yuli filmarekin; Isaki Lacuestak Entre dos aguas filma erakutsiko du —2011an Maskorra eraman zuen Lacuestak Los pasos dobles filmarekin—; Carlos Vermut Quién te cantará lanarekin lehiatuko da –Vermutek ere irabazia du Urrezko Maskorra Magical Girl lanarekin, 2014an—; eta Rodrigo Sorogoyenek El Reino lan berria aurkeztuko du.
Telesail bat izango da bigarren urtez jarraian Sail Ofizialean, lehiaz kanpo. Alberto Rodriguezek zuzendutako La peste erakutsi zuten iaz, lehen aldiz, sail nagusian, eta Gigantes emango dute bertan aurten, Enrique Urbizuk eta Jorge Doradok zuzendu dutena.
Telmo Esnalen Dantza-rekin batera, Jose Luis Cuerdaren azken lana ere erakutsiko dute proiekzio berezien atalean: Tiempo despues, 1989an estreinatu zuen Amanece, que no es poco pelikularen sekuelatzat aurkeztu duena.
Aurreko astean jakinarazi zuten Koldo Almandozen Oreina Zuzendari Berriak sailean izango dela. Atal berean izango diren beste hiru pelikulen berri eman dute gaur: Leon Siminianik Apuntes para una película de atracos aurkeztuko du; Francisco Marisek Para la guerra filma erakutsiko du, Espainia, Argentina eta Kubaren arteko ekoizpen bat; eta Celia Rico Clavellinok Viaje al cuarto de una madre lana eramango du Donostiara, bere lehen lan luzea.
Zabaltegi-Tabakalera sailean euskal ekoizpen bat izango da aurten: Maddi Barberren 592 metroz goiti film laburra. Jaialdiko "sailik irekiena" dela aipatu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, eta beste lau lan gehitu ditu bertan erakutsiko dituzten pelikulen zerrendara: Federico Veirojen Belmonte, Elena Lopez Rieran Los que desean film laburra, Lola Ariasen Teatro de guerra eta Xacio Bañoren Trote.
Perlak atalean, Ikuslearen saria lortzeko aukera izango dute segidako lanek: Luis Ortegaren El Ángel, Jaime Rosalesen Petra eta Raul de la Fuentek eta Damian Nenowek zuzendutako Un dia más con vida / Another day of life.
Estreinakoz Sail Ofizialean
Dantza film berriarekin bosgarrenez izango da Esnal Donostiako Zinemaldian. 2005ean izan zen estreinakoz, Aupa Etxebeste! pelikularekin, Asier Altunarekin batera idatzi eta zuzendu zuena. 2009an Amona putz! laburra aurkeztu zuen Zinemiran, eta, bi urtetara, Urte berri on, amona! lanarekin izan zen Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean. Iaz, Altunarekin batera egindako Septiembre izeneko lana erakutsi zuen Kalebegiak film kolektiboaren barruan. Esnal pozik agertu da antolatzaileen erabakiarekin.
Esnalen lanak iazko Zinemaldian ere hartu zuen parte, eta baita bi sari irabazi ere: Glocal in Progress Industria eta Glocal in Progress sariak. Hizkuntza ez-hegemonikoetan sortutako filmak sustatzeko helburua du Glocal in Progress programak. Hemen filmaren trailerra:
Dokumentuaren akzioak