Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Telmo Esnal: "Polita eta bitxia izan da niretzat 'Dantza' filmaren prozesua"

Dokumentuaren akzioak

Telmo Esnal: "Polita eta bitxia izan da niretzat 'Dantza' filmaren prozesua"

Datorren astean emango dute zine areto nagusietan Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako Dantza filma. Zinema zuzendariaren azken lana orain arte egin duen "bereziena" da.
Egilea
Amaia Urbieta Arruti
Komunikabidea
Zarauzko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/12/12
Lotura
Zarauzko Hitza

Telmo Esnal: "Polita eta bitxia izan da niretzat 'Dantza' filmaren prozesua"

Telmo Esnal Donostiako Zinemaldian. (Gari Garaialde)

Dantzaria izanik, pentsa daiteke ez dela kasualitatea zure azken lanaren ardatza dantza izatea.

Dantzan ibiltzen nintzenean buruan neukan horrekin zerbait egitea, bai. Beti erakarri nau dantzarekin zerbait kontatzeak. Garai hartan ez nekien halakorik egingo nuenik, baina banituen ideiak. Labur bat egitea ere otu zitzaidan, baina sekula ez nuen egin. Koldobika Jauregik [filmeko zuzendari artistikoak] esan zidanean dantza tradizionalaren inguruan zerbait egiteko elkarrekin, berehala esan nion baietz.

Luzea izan al da prozesu guztia?

Oso prozesu konplikatua izan da proiektua aurrera ateratzea. Diru iturriekin kontatzea nahiko konplikatua izan da. Duela lau urte zati bat grabatu genuen, istorioa grabatzeko orduan jaso genuelako diru laguntza bat, eta hala hobeto ulertuko zela uste genuen. Behin finantziazioa osatu genuenean, lau urte beranduago, grabaketa bukatu dugu, urte batean. Urtaro desberdinetan grabatu behar genuelako igaro dugu urte osoa, beraz, ez da ohiko grabaketa bat izan. Beste aldetik, dantzarien baldintzak zirela eta, entseatzen ez zuten egunetan grabatu behar izan dugu, alegia, asteburuetan, eta abar.

Nola lortu duzu hitzik gabe komunikatzea?

Filmak ez dauka elkarrizketarik, hala nahi izan nuen hasieratik eta pensatzen nuen ez duela behar, dantzak berak baduelako bere lengoaia. Lengoaia horrekin kontatu behar zela istorioa, eta halaxe egin dugu. Dantzaren bidez beti komunikatzen da, beste gauza bat da buruan neukan istorio hori ulertaraztea lortu ote dudan. Horretarako erabaki egin behar izan dugu zein dantzarekin kontatu zer. Koreografia batzuk egokitu egin behar izan ditugu kontatzen ari ginen horretara. Jendeak esango du ulertzen den istorioa edo ez, nik uste dut ulertzen dela.

Filmaren trailerra ikusita zuzendaritza artistikoak eta argazki zuzendaritzak pisu handia dutela dirudi.

Bai, beti daukate, baina kasu honetan are gehiago. Baita soinu bandak eta musikak ere. Elkarrizketarik gabekoa izanik, pentsatu genuen bisualki eta soinu aldetik zerbait oso erakargarria izan behar zuela. Atmosfera jakin bat sortu behar duzu denbora guztian. Horretan jardun du Koldobika Jauregik, diseinu artistikoaren arduradunak. Jantziak, atrezzoa eta abar prestatuz, berak sortu du behar zen mundu berezi hori, baita Javi Agirre argazki zuzendariak ere. Soinuan ere lan handia egon da dantza bakoitzak behar duen giro berezi hori sortzen. Musika, berriz, Pascal Gagnen lana izan da. Egokitzapenak egin ditu gehien bat, aurretik jasota zeuden doinuak moldatu ditu, istorioari laguntzeko.

Zer moduz sentitu zara filma egiteko prozesuan?

Hau orain arte egindako guztien aldean pelikula desberdina da. Komedia egin izan dut, drama pittin bat ere sartu dut, baina hau beste kontzeptu bat da. Gutxien jorratu dudana orain arte. Oso eroso sentitu naiz, oso gustora egin dudan lanarekin. Azkenean lortu dut buruan neukana egitea, eta nik neukanari asko erantsi dio lan taldeak. Lasai nago pelikularekin, harro, gustura. Irrikitan estreinatzeko eta jendeak ikusteko.

Horrez gain, dantzarekin neukan harremana berreskuratu dut. Bai nik dantzarekin neukana, baita aspaldian beraiekin dantza egindako dantzariekin neukana ere. Jende askorekin egon naiz pelikulan zehar, eta oso polita eta bitxia izan da guztia.

Zergatik egiten duzu zinea euskaraz?

Zinea egiten hasi nintzenean erabaki nuen euskaraz egitea, euskara beste edozein hizkuntza bezala hartuz. Ez da militantzia, ni ez naiz militantea ezertan. Zergatik ez? Gure hizkuntzak ez al du balio zinea egiteko? Nik lehen esaten nuen hizkuntza banda sonorako pista bat gehiago dela. Elkarrizketak pista batean doaz, eta pista askoz gehiago daude. Gu euskaldunak gara, eta horregatik egiten dut zinea euskaraz. Ez daukat inongo arazorik zinea gazteleraz egiteko, egin behar bada. Ingelesa ez dut menderatzen ondo, baina egingo nuke behar balitz. Azkenean istorio bakoitzak esaten dizu zein hizkuntzatan azaldu behar duzun. Adibidez, nik egin nuen gazteleraz labur bat, hari euskaraz ez niolako zentzurik hartzen.

Zer esango zenioke orain zine ikasktak egiten dabilen gazte bati?

Egiten ikasten dela eta egin egin behar dela. Ikusten dezente ikasten da, baina benetan egiten gehiago ikasten da beste ezertan baino. Egiten hasten zarenean topatzen dituzu aurre egin beharreko mila arazo. Probatzeko esango nioke. Gaur egun, teknologia oso aurreratua dago, eta edozein mugikorrekin egin daiteke pelikula bat. Ekin eta jarraitu, ilusioarekin. Ez da bide erraza, baina tira, ez dakit bide errazik badagoen.

Ni laguntzaile lanetan egon nintzen denbora asko. Ikasi ondoren zuzentzen hasi nahi nuen, baina lanean hasi nintzenean horrekin konformatu nintzen. Une batetik aurrera, ordea, ni neu hasi nintzen egiten. Norbaitek zerbait kontatu nahibadu, kontatzen hastea da egin behar duena.

Labur-labur

Gehien hunkitu zaituen filma? Dantza

Zuzendari bat? Bat esatearekin ez naiz konformatzen

Genero bat? Egoeraren arabera, komedia egin ohi dut baina drama asko gustatzen zait.

Dantza bat? Euskal dantza

Amets bat? Lasai bizitzea

Afizio bat? Asko, baina jarraikortasunik gabekoak

Leku bat? Jenderik gabeko uhartetxo bat

Abesti bat? Mikel Laboaren Sustraiak han dituenak

Dokumentuaren akzioak