NOAUA! Zinemaren ohiko koordenadetatik kanpo dago Dantza. Zaila egiten zaigu filma azaltzea. Zer kontatu nahi izan duzu?
Telmo Esnal. Herri imaginario baten historia kontatzen du. Lurra lantzen duen herri bat, landutakoa babesten duena, babestuz gero fruitua dakarrelako… Kasu honetan, sagarra da gure fruitua. Sagarrarekin sagardoa egiten da eta behin sagardoa egina dagoenean festa dator. Eta festetan harreman pertsonalak sortzen dira… Juan Antonio Urbeltzek urtetan landu dituen hipotesiak bereganatu egin ditut. Urbeltzen diskurtsoan eta sinbologian murgildu naiz eta horrekin guztiarekin istorio bat osatu dut; herri nekazari baten istorio bat.
Filman jaso duzun istorioa unibertsala dela esan izan duzu.
Dudarik ez dut horretan. Ezpata-dantzak eta soka-dantzak gure dantzatzat hartzen ditugu baina antzekoak topatuko dituzu Europan eta Aisian. Niri mundu bat zabaldu zitzaidan Urbeltzen diskurtsoa ezagutu nuenean. Eta Urbeltzi ikasitakoarekin istorio bat osatzen saiatu naiz. Bisualki potentzialtasun handia ikusten nion.
Dantza da mintzaira nagusi eta bakarra. Dialogorik ez da.
Dantza hizkuntza bat da bere horretan. Orain arte dantzak ikusi izan ditugu baina elkar lotu gabe: Bizkaikoak batetik, Gipuzkoakoak bestetik, soka-dantza, ezpata-dantza… Baina ez zegoen loturarik. Ni saiatu naiz dantzaz dantza istorio bat osatzen.
Lengoaia zinematografikoa abstraktu samarra izanik ere, filmak logika narratibo bat jarraitzen du.
Dantzak bat bestearen atzetik datoz, suelto, baina aurrera egin ahala filmak forma bat hartzen du eta zerbait kontatzen hasten da. Ez daude dantza denak. Nik kontatu nahi nuenerako dantza jakin batzuk hautatu ditut.
Loreak, Amama, Handia… Euskaraz egin diren azken ekoizpenek oihartzun handia izan dute eta kritika onak jaso dituzte. Baita hemendik kanpo ere. Oreina eta Dantza pelikulak kontestu horretan plazaratu dira. Besteek erdietsi duten arrakasta, ona ala txarra izan al da zuen ekoizpenentzat?
Nik ez dut horrela bizi. Eta Dantza bezalako proiektu batekin are gutxiago. Banekien zertan nenbilen, nahikoa abstraktoa zela dena. Pentsa, ni egitasmo honekin hasi nintzenean Handia proiektua ez zen existitzen. Bien bitartean, Amama eta Loreak egin dira…
Uste dut ona dela gertatzen ari dena. Urte dezente daramagu zinema egiten hemen. Eta pelikulak jarraikortasun batekin egin ahala, jende bat trebatzen ari da. Eskarmentua hartzen ari gara eta horrek ausardia ematen dizu.
Bestetik, lehen aurreiritzi asko zituzten Estatu mailan gure zinemarekiko eta baten batek onartu egin zidan gainera. Loreak Zinemaldiaren sail ofizialean ikusi zutenean ordea, jende bat beste modu batean hasi zen hemengo zinema epaitzen. Gutxinaka oihartzun handiagoa lortzen ari gara hemendik kanpo. Eta hori beti da ona.
NOAUA! 2014. urtean plazaratu zenuten film honen lehen trailerra. Estreinaldia zergatik atzeratu da hainbeste?
Telmo Esnal. Finantziazioarena asko luzatu zen. Hiru urtez egon ginen kinka larrian. Bestetik, dantzariak ez dira profesionalak eta entseguak eta grabazioak asteburuetan egin beharko genituela bagenekien. Gure aurreikuspenen arabera, urtebete luzatuko zen grabazioa. Eta horrela izan da.
Dantza San Tomas egunean iritsi zen zinema areto komertzialetara. Zer nolako harrera izan du?
Oso ona. Ikusi da ahoz ahokoak oso ondo funtzionatu duela. Oso zaila izan zen zinema aretoetan muturra sartzea. Hasieratik pentsatu genuen gabonak garai ona izan zitekeela baina ahaztuta genuen Amerikako Estatu Batuetatik etorri ohi den produkzioa handia izaten dela data horietan. Karteleran toki bat egitea oso konplikatua izan zen. Donostiako Trueban hasi ziren ematen. Aretoa bete egiten zen eta Principe aretora pasa zuten gero. Principen ere aretoa lepo eta Antiguo Berrin programatzen hasi ziren. Donostian bi zinema aretoetan dago orain. Jende pila bat joaten ari da. Eta asko hunkituta ateratzen dira. Polita da hori. Egiten duguna jendeak ikusteko izaten da. Eta jendeak bere egiten badu, ba pentsa.
NOAUA! Dantzarien erritmoak gidatzen du lma. Iruditeria ere oso garrantzitsua da. Sinboloak ere unibertsalak direla esan al daiteke?
Telmo Esnal. Alderantziz, ikonografia oso gurea da. Leitzako plazan ageri diren faldoiak sagarrari lotuta daude. Koldobika Jauregik landu du filmeko iruditeria eta sagarraren kultura hartu du kontuan. Sagar loreak agertzen dira toki askotan. Egiten dituen jantzietan apaingarri pila bat daude eta denak daude sagarrarekin lotuta. Koldobika Jauregiren lana liburu bat osatzeko modukoa da.
Atenporala da filma, ezta?
Dantzaren jatorria ez dago kokatzerik. Maiz galdetu izan diot nire buruari: zer da lehenago, erritmoa ala dantza? Txalaparta kirikoketatik sortu bazen jolas moduan, ba dantza ere akaso erritmo batetik etorriko zen.
Lehen piezak hori irudikatzen du. Lurra lantzen ari direla hasiko dira lehen pausoak ematen.
Lurra landuz erritmo bat sortuko dute eta erritmo horretan jolasean hasi eta dantzan amaituko dute. Atenporala da kontakizuna baina filmaren amaierako pasarteak XVI-II-XIX. mendekoak direla badakigu eta horregatik kokatu ditugu garai hartako espazio batean.
Zentzu horretan, denetariko dantzak daude. Batzuk aspaldikoak eta besteak berri samarrak. Igartubeiti baserriko ‘Almute’ dantzak adibidez 15 urte izango ditu. Ez gehiago. Atenporala da baina pelikularen baitan bada bilakaera moduko bat. Lokalizazioetan, jantzietan eta atrezzoetan bada bilakaera bat. Soiltasunetik abiatzen da filma baina gero eta aberatsagoa izango da eskaintza.
Hemendik kanpo, nola funtzionatuko ote du? Jakinmin hori izango duzu, ezta?
Zinemaldian mexikar batzuk egon ziren eta txundituta geratu ziren. Dena den, oraingoz ez dugu asko mugitu hemendik kanpo. Nire esperientziagatik iruditzen zait interesgarria suertatu daitekeela. Dena den, filma bitxia da. Ez da ohiko lan bat. Beste bide batzuk jarraitu beharko ditu eta horretan gaude.
NOAUA! Dantzariak dira filmeko protagonistak. Ez dago aktorerik.
Telmo Esnal. Dantza egiteko modu asko dago baina pelikulan agertzen direnak Juan Antonio Urbeltzen kordakoak dira denak. Dantzakera horregatik aukeratu genituen. Hasi nintzenean, paper berezi batzuk izendatuta nituen eta dantzariak ikusi ahala egin nuen aukeraketa.
Zuzendari lana nolakoa izan da? Uste baino zailagoa?
Ez dira aktoreak baina oholtza gainera igotzen direnean, dantzariek ere antzeztu egiten dute. Beren gorputzarekin antzezten dute. Indar gehiago jarri genuen aurpegien adierazkortasunean baina ez zen oso konplikatua izan. Zorte handia izan dut, aukeratutako dantzari denek eman beharrekoa eman didatelako.
Sutegira hurbiltzen diren asko Orbeldi Dantza Taldeko kideak ikustera gerturatuko dira. Leitzako plazan ageri dira Orbeldikoak, ospakizun betean.
Estilo konkretu bat behar genuen film honetarako eta Juan Antonio Urbeltzen inguruan dabiltzan dantzariak behar genituen. Leitzako zatia grabatzeko jende asko behar genuen. Herri bat dantzan ikusi nahi nuelako. Haurrak, gazteak, helduak… Adin guztietako dantzariak behar genituen. Eta horrela egin genuen. Zer dantzatu behar zuten erakutsi egin zitzaien. Oso polita geratu zen.