Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Telefonoaren doinura

Dokumentuaren akzioak

Telefonoaren doinura

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2010/04/25

Britainia Handian ia bost milioi lagunek egiten du dantza. Futbolaren ondoren jende gehien erakartzen duen aktibitate fisikoa da. Dantza-klasikoa, garaikidea, aretoko-dantza, bio-dantza, break-dancea, sabel-dantza... Aukera-sorta zabal guzti hori, ia berbera da munduan barrena. Abontzan hip-hopa egiten duenaren lengoaia bera darabil Brixtonen edo Magentan dantzatzen duenak.

Ahozko lengoaia, euskara, normalizatzeko kalera atera eta testuinguru guztietan erabiltzearen garrantziaz ohartuta gaude. Gure lengoaia koreografikoa ere, euskal dantza, gutxitasun egoeran dago. Euskara bera baino baldintza okerragoetan dagoela esango nuke gainera, ez baitu haren errekonozimendurik, ez zaio aitortzen balio handirik eta gainera ez dago dantza egoera diglosikoan egon daitekeenaren kontzientziarik. Euskal Kultura zer den eta zer ez den definitzen denean hizkuntza, euskara, izaten da irizpide sendoena. Hitzezko komunikazioa erabiltzen ez duten lengoaiak definizio horretan bigarren mailan, itzalean geratzen dira. Dantza euskal kulturaren osagai dela ez da zalantzan jartzen, baina ez da lehentasunen zerrendan ageri.

Herri batzuetan hasi dira batzuk radiokassete handia kalean jarri eta euskal dantzak egiten. Donostian, Bulebarrean ikusi ditugu orain gutxi. Gure etxepean oraingoz Beyoncerekin jarraitzen dute. Abontzako eremu berdea berreskuratu eta telefonoaren doinura Jeniffer, Izaro eta Aner mutxikoak dantzatzen hasten ez diren bitartean etorkizun beltza izango du euskal dantzak. Euskararen egoera arduraz bizi dugu, zer esanik ez zenbaitek museora kondenatu nahi duela antzematen dugunean. Dantzarekin ez dugu kezka hori, museoetan ere ez baitago tokirik beretzat.

Dokumentuaren akzioak