Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Teknika zorrotzeko dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Teknika zorrotzeko dantzariak

'AITZINEKO PUNTUAK'. Azken bi mendeetako bilakabidearen emaitza dira maskarada eta pastoraletako satan dantzetako urrats segidak

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Tokia
Urdiñarbe
Mota
Albistea
Data
2006/02/10

Urdiñarbeko dantzariak ari dira aurten igandero aitzineko puntuak dantzatzen daukaten maila herriz herri erakusten. Lan asko egin dutela eta ondorioz maila ona eskaintzen ari direla diote beren dantza maisuek.



Aitzineko puntuak izenarekin ezagutzen dira maskaradetan eta pastoraletako satan dantzetan dantzariek egiten dituzten urrats segida konplexuak. Nomenklatura zehatzez ezagutzen diren urrats sorta ederra bezain zaila ikasi behar du lehenik eta behin dantzarigaiak. Frantsesez dute izena urrats gehienek: brisé, jeté, échappé, fouetté, aile-de-pigeonÉ Urrats horiek banan-banan menderatu eta ondoren bata bestearekin josten ikasi ahala hasiko dira ateratzen aitzineko puntuak dantzariaren oinetatik.



Biribilean egiten diren jautziak, pastoralak eta maskaradak Zuberoan antzinako ohiturak direla dokumentatu den moduan, dantza tradizionalaren alorreko ikertzaileek azaleratu dute aitzineko puntuen dantza teknika zorrotz eta distiratsu hori azken 200 urteetako bilakaeraren emaitza dela. Jean Michel Guilcher ikertzaile frantziarrak 1962 eta 1976 bitartean Iparraldean egin zituen ikerketa lanek agerian utzi zuten ondorio aipagarrienetako bat da hori.



Akademiamilitarretatik Zuberoara



Guilcherrek azaleratu zuenez, XIX. mendean instrukzioa Frantziako akademia militarretan egin zuten zuberotar gazteen eskutik iritsi ziren dantza urrats zail horiek Zuberoako herri ohituretara. Dantza gorputza sendotu eta bizkortzeko erabiltzen zuten akademia militar horietan. Bost eta zortzi urte bitarteko iraupena izaten zuen instrukzioa jasotzen zuten gazteek akademia militarretan, eta, gudarako prestaketez gain, besteak beste, dantza teknika garatuan hezita itzultzen ziren.



Frantziako eskualde guztietako gazteek jaso ohi zuten hezkuntza hori, baina kasu gehienetan, akademia militarra utzi ondoren, dantza ere bertan behera utziko zuten gazteek. Zuberoan, ordea, zerbait berezia gertatu zen. Gazteek akademia militarretan jasotako dantza formazio hori beren herriko dantza tradizioari erantsi zioten. Gertaera bitxi horren arrazoiak aurkitzen saiatu zen Jean Michel Guilcher. Zuberoan indarrean zeuden maskarada, pastoral eta bestelako herri adierazpenetan aurkitu zuen erantzuna. Emanaldi horietan oso estimatua zen dantzarien lana, eta gainera dantzari bakarlarien ekarpenetara irekita zeuden ikuskizun horiek.Dantza ezagutza akademiko hori zekarten gazteek etxera itzultzean maskarada eta pastoraletako jautzi, barrikada eta satan dantzetan txertatu zituzten urrats eta teknika berriak. Belaunaldi gutxitan bilakaera harrigarria izan zen, eta akademia militarretan ikasitako eta Zuberoako dantza tradizioaren fusioak eskola moduko korronte indartsua eman zuen. Maskaradei eta pastoralei estuki lotuta iritsi da gaurdaino dantza tradizio apart hori.

Dokumentuaren akzioak