Dokumentuaren akzioak
TEATRODIX phestibal asteburu honetan helduko da Hendaiara, hiru ikuskizun berrirekin
TEATRODIX phestibal deituriko egitasmoak bidea egiten segitzen du. Bi zutabe nagusi ditu proiektuak, alde batetik, burua komunitate eta gizarte-antzerkiaren eremuan bere kokatzen duelako, eta bestetik, «mugaz gaindiko izaerari» atxikia delako.
Asteburu honetan zehar, Hendaian, hiru proposamen eszeniko eskainiko ditu, migrazioa, etxegabe izatea eta indarkeria bezalako gaiak antzerkiaren eta dantzaren bidez landuz.
Jean-Philippe Leremboureren zuzendaritzapean, Compagnie des Syrtes-ek Emekiro aurkeztuko du, otsailaren 21ean, ostiralarekin, 19:30ean. Itxaro Bordaren testu batean inspiraturik, lanak dantza, musika eta proiektatutako irudiak uztartzen ditu, egungo bizitza-moldea ezaugarritzen duten hausturaren eta sakabanaketaren gaineko gogoeta proposatuz.
Antolatzaileek azaldu dutenez, euskaraz ez dakitenei «paperean jasotako testu poetikoa» eskainiko zaie.
Ikuskizun hau Compagnie des Syrtes, TEATRODIX eta Bizkaiko Bizitegi elkartearen arteko mugaz gaindiko lankidetzaren baitan kokatzen da.
Bestalde, otsailaren 23an, igandean, 11:00etan, Bizitegi elkarteko Zenbatu taldeak Debajo del puente antzezlan komunitarioa aurkeztuko du. Ivan Iparraguirrek zuzendutako obra honetan, gizarte-jantoki bateko erabiltzaileek parte hartzen dute. Umorea eta gizarte-kritika uztartuz, antzezlanak etxerik gabeko pertsonen bizipenak agertarazten ditu, baita genero-ikuspegiaren eragina eta babes-sistemaren gabeziak aztertu ere.
Finean, igandean ere, 12:00etan, Baobab Dantza konpainiako dantza komunitarioko taldeak gorputzetatik igarotzen diren eguneroko indarkerien inguruko work in progress bat, KINTSUGI, Zaurien hitza eskainiko du. Eszenatokian dauden lau emakumeek mugimenduaren bidez hausturak gainditzeko eta sendatzeko bideak gorpuztuko dituzte.
Mugak gaindituko dituen edizioa
TEATRODIX proiektuak, 2024ko urritik, hogei emanaldi eta sormen-lantegi baino gehiago eskaini ditu Iruñean, Bilbon, Hendaian, Tuteran, Irurtzunen eta Peraltan.
Urrian, jadaneko, Retrato del naufragio número cero, Lampedusako migrazio-krisia, baina baita Bidasoako mugakoa ere, ardatz duen obra aurkeztu zen Lapurdiko hirian.
Egitasmoa Iruñean 2025eko ekainaren 12an, 15ean eta 17an antolaturiko emanaldiekin bururatuko helduko da. Data horietan, Nafarroako hiriburuan Marco Canale antzerkigile argentinarrak bere lan berria estreinatuko du. 65 urtetik gorako pertsonek eta tokiko artista eta musikari ez-profesionalek partekatuko dute eszena.
Elkarbizitza eta aniztasuna giltzarri, TEATRODIX phestibala Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak babesturiko ekimen kulturala da. Horrez gain, La Caixa Fundazioa eta Nafarroako Kutxa Fundazioa erakundeek bultzatutako Innova Programaren eta Nafarroako Gobernuaren lankidetzan jarduten du.
Dokumentuaren akzioak