Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Taupada elektronikoekin

Dokumentuaren akzioak

Taupada elektronikoekin

Alboka, soinu elektronikoak, gitarra elektrikoa, satan dantza eta akelarreko estetika direla tarteko, 'Lloba' ikusgarria estreinatuko dute gaur, Miarritzen; bihar, berriz, Donostian emango dute.
Egilea
Nora Arbelbide Miarritze
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2013/11/22
Lotura
Berria

Bihotz baten irudi filmatua. Bularra moztua dagoela, agerian da bihotza, ebakuntza bat egitekotan zaizkiola edo. Baina bihotza martxan da. Taupadak. Gordin. Horien irudiak begiak jaten ditu, soinuak belarriak. Emeki-emeki elektronikoak bilakatzen diren taupadak. Emeki-emeki bihotza lausotu eta beste hainbat irudiren desfile errimatuak hartzen dutela pantaila. Eta horren aitzinean, irudien itzalekin jolasean, neska taldea, soka dantzan.

Horien gidari, ordenagailu bat. Hainbat hari, hainbat botoi. Eta horiek mugitzeko, Txomin Ugartemendia Panda Valium musikaria, orkestra buru bat balitz bezala, pantaila eta botoi guztiak eriekin manatzen. Eta batzuetan, zuzeneko emanaldia indartzeko edo, dilindan duen gitarra elektrikoari ematen, buruarekin erritmoa oraindik gehiago markatzen duela. Horren bazterrean, Nicolas Novion, orkestra lanetan hori ere nolabait errateko, baina hau, irudiekin, delako bihotzeko taupadak, edo Llobarentzat filmatu hainbat irudirekin, baita tarteka Thomas Carreteroren marrazkiak, akelarre batek bereganatzen duen Lloba pertsonaiaren ipuina kontatzen ari. Novionen ondoan, Amaia Irigoien, argi jokoa lantzen.

Guztiak azken prestaketak ontzen, Lloba ikusgarriaren gaurko lehena ahal bezain prest izateko. Moi Moi kolektiboak eta Baxter & Rojosek elkarrekin ekoitzi proiektua Miarritzen emanen dute, Atabalen, 20:30ean. Bihar Donostian emanen dute, Intxaurrondo kultur etxean, 20:00etan. Euskal Kultur Erakundea, Donostia Kultura, Donostia 2016 eta beste zenbait partaide biltzen dituen Hogei'ta egitasmoa irabazi du proiektuak, hau da, 13.000 euro eta zenbait plaza, gaurkoa eta biharkoa direla tarteko. Proiektuak berak, adar bat baino gehiago ditu, eta horietariko bat Txomin Ugartemendiaren burmuinean da sustraitzen. Musika elektronikoan murgildurik dabilela, halako egun batez, aurreskua berriz entzuten hasi zen Ugartemendia, erdi kasualitatez edo. Txikitan txistua ikasten aritu zenez, ez zuen arrotza soinua, baina orduan musika elektronikoaren belarriekin hasi zen entzuten. Eta musika zatiak begiak ebatsi zizkion: �Hain da liluragarria, hainbeste zaio lotzen ahal musika elektronikoari�. Berdin, lagun bat alboka jotzailea duela —Unai Zubeldia—, hori entzutean ere, hortik ere bazela zer nahasi ohartu zen. Baita Zuberoako dantzekin, horiek ere zoragarriak iruditzen baitzaizkio. Eta horra hor nola hasi zen Lloba-ko musika osatzen: ordenagailutik pasatu eta bere nahasketekin moldatu.

Beste adarra: dantzariena

Lloba-ren beste adarra dantzariena da. Donibane Lohizuneko Begiraleak eta Hendaiako Akelarre dantza taldeetako hamabi neska dantzariena. Guztiak lagunak, eta Ugartemendiaren musika zale, Ainhoa Datxarri tarteko. Baina honek azken lau urteetan utzia zuen euskal dantza taldea, eta berriz hasi nahian zebilen, baina beste molde batez: �Beti ttunttun eta txistuarekin aritzea pixka bat aspergarria zen. Eta gainera, astkoten, egiten genituen ikusgarriak bakarrik turistentzat izaten ziren. Lloba proiektu oso polita da. Guretzat berria da eszenatoki handietan aritzea, argiekin. Musika ere dinamikoa da. Hartzen zaitu�. Soinuak berenganaturik, musika antolaketa berriarekin euskal urratsak nola uztartu aritu dira, beste koreografia batzuk pentsatuz. Direla Fandango edo Arin-arinenak, Zuberoatik Bizkaira hautaketa zabala egin dute, gustukoenak hartuz: �Pauso batzuk ez genituen ezagutzen, baina Interneten xerkatuz aurkitu ditugu eta ikasi�, Datxarriren hitzetan. Ugartemendia berak, dantzariek zehaztu arau zenbait errespetatuz aritu da soinua moldatzen. Satan dantzarentzat, adibidez, neskek diote esplikatu dantza eta musikaren arteko lotura, eta honek, musika den bezala atxiki du azkenean, gibeletik soinuak gehituz, �hantzeko�.

Lloba-ren azken adarra, bideoarena da. Baxter & Rojosek ekoitzia, zuzenean nahasiko dituzten bideo sekuentziak hainbat aktore lanekin osatuak dituzte, tartean Kukaieko dantzariak, Akelarre giroan murgilduz Lloba-ren estetika.

Lloba ikusgarriko soka dantza errepikatzen, gibelean Thomas Carreteroren marrazkia dutela, eta erritmoa Panda Valiumek diela ematen. / GAIZKA IROZ

Dokumentuaren akzioak