Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tanttaka eta Kukaik 'OteHitzari Biraka' ikuskizuna eskainiko dute

Dokumentuaren akzioak

Tanttaka eta Kukaik 'OteHitzari Biraka' ikuskizuna eskainiko dute

19:00etan Elorsoro Kiroldegian izango da

Egilea
Egarriz
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2005/03/04

Tanttakak eta Kukaik bide oparo horri jarraipena ematea erabaki dute, eta ez edonola gainera. Oraingoan bi konpainiek erronka handi eta erakargarri bati ekin diote. Izan ere, koprodukzioan sortutako bigarren ikuskizunak Jorge Oteiza du oinarri. OteHitzari biraka da ikuskizun berri honen izenburua.



Oteitzaren izena aipatzea, osagarri nahiko indartsua da. Orion jaiotako artista ez da inoiz oharkabean igaro, eta azken-azkenera arte eman zuen zeresanik. Eskulturan, poesian, filologian, antropologian... bizitzan. Oteitzak bizitzaren aurrean jorratu zituen ikuspuntuak eta azaldutako iritziak erakusten ditu ikuskizun honek.



Nolanahi ere, Oteiza bera ez da ikuskizunaren osagarri bakarra. Bere obra sakon aztertu ondoren Mireia Gabilondok egin du ikuskizunaren gidoia eta zuzendaritza, Jon Mayak sortu du koreografia, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda arduratu dira musikaz eta kolaborazio zerrenda luzea bildu da proiektura: Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Pello Zabala, Joxe Angel Irigaray, Xabier Lete, Claude Iruretagoyena... Dantza, musika, poesia, bideoa... izango ditu ikuskizunak. Baina, batez ere, Jorge Oteitzaren hitzak eta espiritua.



Jorge Oteiza



Jorge Oteiza 1908. urtean jaio zen Orion eta 2003. urtean hil zen Zarautzen. Urte horiek denak indar osoz bizi izan zituen eta ez zen inoiz oharkabean igaro. 1957. urtean eskultore batek jaso dezakeen izendapenik gorenena eskuratu zuen Sao Paoloko Bienalean, eta berak orduantxe erabaki zuen eskultura uztea.



Euskal Herrira itzuli eta gizartearen eraldaketa estetikoa aldarrikatu zuen. Poesian aurkitu zuen gotorlekua, baina bere izaerak kulturako, hezkuntzako, hizkuntzako, bizitzako... esparru guztietan iritziak ematea, mintzatzea, eztabaidatzera eraman zuen.



Mireia Gabilondoren lana



Mireia Gabilondok hilabeteetako lan sakona egin du Jorge Oteizaren obra aztertzen. Quosque Tandem, Existe Dios al Noroeste, Itziar Elegia..., hari buruzko bildumak, hark egindako elkarrizketak, dokumentalak, bere erakusketak, bere etxea... Jorge Oteizaren arrastoa ageri zen leku eta lan guztiak arakatu ditu.



Oteizaren pentsamendua ulertu, landu eta horretan sakondu du. Horretarako, gainera, Oteiza beraren gertuko lagunak ere adiskide izan ditu. Hainbat elkarrizketa izan ditu Jose Angel Irigarai, Juan Antonio Urbeltz, Juan Pablo Zabala, Nestor Basterretxea eta abarrekin. Beraiekin ezagutu ditu Oteizaren lagun arteko jarduna, barru-barruko sentimenduak eta bitxikeria ezezagunak. Azterketa sakon horren ondotik, Mireia Gabilondok aukeratu egin behar izan du, ezinezkoa izango litzatekeelako Oteizak landutako gai guztiak ikuskizun bakar batean jasotzea.



Hala, hitzaren beharra, haurtzaroa, artearen alboratzea, hezkuntza sistema aldatzeko beharra, isiltasuna, Vitoriano Gandiagarekin izandako harremana, Itziarren heriotzak eragindako bakardadea eta heriotza barneratu ditu gidoian.

Dokumentuaren akzioak