Dokumentuaren akzioak
Suzko xoriaren hegaldi luzeak
S travinski musikaria 1971ko apirilaren 6an goizeko 5:20ean hil zen New Yorken, Bosgarren Etorbideko 920 atariko apartamentuan, 88 urte zituela. Haren gorpua Veneziako San Michele hilerriko errusiarren kantoian lurperatua izan zen, Sergei Diagilev Errusiar Balleten sortzailearen hilobitik ez urruti.
Igor Stravinski 1939ko irailean joana zen Kaliforniara bizitzera (Aldous Huxley idazlearekin bazkaltzeko ohitura zuen larunbatetan), zinemarako konposatzen aritu zen, eta AEBetako hiritar bilakatu zen 1945eko abenduan. Harrezkero AEBetan bizi izan zen hil arte, nahiz eta hiru asteko bisitaldia egin zuen 1962an Sobiet Batasunean, Nikita Khrustxov lehendakariaren gonbidapena onarturik, agurtu nahi baitzituen bide batez Dmitri Xostakovitx eta Aram Khatxaturian adiskideak.
Errusiatik Parisera
XX. mendeko musikari handienetako bat izan zen Igor Stravinski. San Petersburgotik gertu den Lomonosov herrian jaio zen 1882ko ekainaren 17an. Opera kantaria zuen aita, eta Nikolai Rimski-Korsakov musikari aparta izan zuen irakaslea.
20 urterekin konposatu zuen pianorako aurreneko sonata, eta 25ekin lehendabiziko sinfonia. Sergei Diagilev ballet ekoizleak Stravinskiren ikasle garaiko Su artifizialak pieza entzun zuenean, txunditurik geratu zen; eta Suzko xoria balleta konposatzeko eskatu zion, gero Parisen 1910eko ekainean estreinatua, Mikhail Fokin dantzariaren koreografiarekin. Berehala etorri ziren, segidan, Petruxka (1911) eta Udaberriaren sagaratzea (1913) balletak.
Esan ohi da Udaberriaren sagaratzea obraren estreinaldia izan dela musikaren historiako eskandaluzko unerik handiena. Parisko Eliseoko Zelaietako Antzokian zurrumurruak, irriak, txistuak eta oihuak hasi ziren. Florent Schmitt konpositoreak garrasi egin zuen:«Isildu zaitezte, hamaseigarreneko putak!». Eta hortik aurrera, gogoratzen zuen Gertrude Stein idazleak, ez zen musikaren soinurik aditzen ahal. Borroka bizian hasi zen jendea.
Kalapitatik arrakastara, hegan egiten hasi zen Stravinski. Munduko musikari ezagunena bihurtu zen denbora gutxian. Time aldizkariak, 1923an, eragin handieneko ehun pertsonetako bat izendatu zuen.
Miarritzeko konposizioak
Igor Stravinski, Ekaterina Nosenko emaztea eta lau haurrak Angelura joan ziren bizitzera 1921eko maiatzean, baina laster aldatu ziren Miarritzera. Urte hartako udaberritik 1924ko udazkena bitartean Fregate karrikako Les Rochers txaletean bisitan hartu zituen adiskideak: Maurice Ravel, Arthur Rubinstein, Georges Auric, Pablo Picasso, Blaise Cendrars, Jean Cocteau, Coco Chanel; edo bestela denak joango ziren Eugenia Huici mezenas txiletarraren La Mimoseraie txaletera. Maurice Ravel lagunari «musikako erlojugilea, gure perfekzionista» deitzen zion.
Miarritzen konposatu zituen: 1921ean Petruxkaren hiru mugimenduak Arthur Rubinsteinentzat; Mavra opera bufo laburra, 1922ko ekainean Parisen estreinatua; 1923ko udaberrian Ezteiak balleta; Haizezko instrumentzako zortzikotea, 1923ko urrian jendaurrean emana; eta 1924an Piano eta haizezko instrumentuentzako kontzertua.
1924ko irailean, Stravinskiren familia Nizara bizitzera joan zenean, amaitu ziren musikariaren Euskal Herriko egunak.
Etienne Rousseau-Plotto historialariak 2016an plazaratutako Stravinsky à Biarritz liburuan (Atlantica argitaletxea) jakingarri gehiago aurkituko ditu irakurleak.
Dokumentuaren akzioak