Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sutargi, suaren distira eta izarren argia

Dokumentuaren akzioak

Sutargi, suaren distira eta izarren argia

Euskal dantza tradizionala oinarri hartuz ikuskizun guztiz berritzailea aurkeztu du Aukeran dantza konpainiak.

Egilea
Nagore Ferreira Zamalloa
Komunikabidea
Deia
Mota
Erreportajea
Data
2001/09/28

Suaren distiratik izarren argirainoko bidea da ‘‘Sutargi’’. Sua, jaia, akelarrea; suaren inguruan dantzan biziaren omenez, arbasoen gomutaz. Gure asaben lurretik gora, zerura, jainkoen bizileku den zerura. Batetik bestera, bitartean, musika, argia, dantza... Akelarreko sua abiapuntu eta izarretako argia helmuga.



Sua eta izarren arteko ibilbidea erakusten digu Aukeran dantza taldeak ‘‘Sutargi’’ ikuskizunean. Talde gipuzkoarrak orain arte egindako lanik sendoena da ‘‘Sutargi’’, baita luzeena ere. Aukeran dantza konpainiak 1997an sortu zenetik koreografia laburrak egiten aritu da. Lehenbiziko lan biak ­‘‘Aukeran’’ eta ‘‘Akilimarro’’­ Eusko Jaurlaritzak Euskal Koreografo Gazteen Erakusketa deritzaionera aurkeztu zituzten. Koreografiek arrakasta nahikotxo zeukatela-eta, ondoren ‘‘Errenkan’’ eta ‘‘Zirgaezean’’ etorri ziren; baina, horiek euren kontura egin zituzten, laguntzarik gabe. «Lehenagoko lauzpabost koreografia erabili ditugu ikuskizuna egiteko; baina haien artean loturarik ez dagoenez gidoi bat egin behar izan da, hortaz gauza batzuk aldatu egin dira, gauza berriak gehitu...», azaltzen du ‘‘Sutargi’’ko dantzaria den Aiert Beobidek. Iazko udan ekin zioten proiektuari, urte bukaeran ikuskizuna muntatu eta aurtengo maiatza aldera lehenbiziko emanaldiak egin zituzten.



Dantza tradizionala eta garaikidea



Uztailaren 12an Donostiako Antzerki Ferian aurkeztu zuen Aukeran konpainiak ‘‘Sutargi’’; ordutik Euskal Herriko hainbat tokitan izan dituzte emanaldiak; arrakasta handiz, gainera. Konpainiaren zuzendaria den Edu Muruamendiarazen koreografia honetan zazpi dantzarik eta lau musikarik hartzen dute parte. Txalaparta, darbouka, trikitixa, teklatua, alboka, djembea, txistua, txirula eta panderoaren soinuekin batera ahotsak ere garrantzi berezia du, eta zirrara berezia sortzen du. Dantza, musika, ahotsa eta argia dira ordu eta laurdeneko saioaren osagai garrantzitsuenak.



Baina eszenatokira igo baino lehen ezkutuko makinatxo bat lanordu daude, uste duguna baino gehiago. Aiertek dionez, «ordu asko entseiatu behar da ordu eta laurdeneko ikuskizuna egiteko, eta kide bakoitza beste gauza batzuetan ere ari da, ez baikara momentuz honetaz bizi; beraz, gehienetan iluntzean batzen gara gaueko hamaikak arte-edo... Gogorra da bai». Uztailean estreinatu arren maiatzetik dabiltza ‘‘Sutargi’’rekin antzokiz-antzoki eta plazaz-plaza. Urte bukaeraraino agenda beteta dute, jendeari gustatu zaionaren seinale. «Gauza berria da guk egiten duguna; euskal dantza tradizionalak dantza garaikidearekin nahasten ditugu, musikarekin... Sarritan jendea zer egiten dugun jakin gabe etortzen da; baina gero gustura irtetzen dira. Publikoaren harrera oso ona izan da eta kritika ere ona izan da»,argitu digu Aiert Beobidek.



Profesionalizatzeko asmoarekin dabiltza orain Aukeran konpainiakoak, baina Aiertek argi utzi digu ‘‘oso zaila’’ dela. Bitartean abendura arte hamaikatxo hitzordu dituzte: igande honetan Durangon, urriaren hamaikan Agurainen, hemeretzian berriz, Bergaran...

Dokumentuaren akzioak