Dokumentuaren akzioak
Sustraiak eta Goiz Deia: ia 30 urte Legazpiko Ezpata Dantzaren zaindari
Bi taldeek ikuskizuna berreskuratu zuten 70eko hamarkadan. 1624. urtean dagoeneko Legazpin ezpatekin dantzatu zen, Udaletxeko agirien arabera
Aurtengoak Ezpata Dantzaren aro berriaren 30. edizioa izan behar zuen eta dantzari eta txistulariek hori ospatzea erabaki dute. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste honetarako. Horrez gain, aurtengo Santikutz egunean, egungo eta garai bateko dantzariak eta txistulariak elkarrekin arituko dira.
Nahiz eta urte batzuetan ez zen dantzatu, Legazpikoa tradizio handiko Ezpata Dantza da. Hala, Jon Dorronsoro dantzariak azaldu duenez, "Udaletxeko agirietan aurki daitekeen lehen aipamena XVII. mendekoa da, 1624koa hain zuzen ere. Maiatzaren 3an ez ezik, Corpus egunean, abuztuaren 15ean, eta iraileko Santikutzetan ere dantza-tzen zen. Dantza errituala denez, agintariren bat herrira etortzen zenean ere eskaintzen zen".
Garai hartan, herri gehienetan dantzatzen zen ezpatekin. "Herri askotan galdu egin zen eta, egun, Gipuzkoako bost herritan bakarrik egiten da. Legazpikoaren berezitasuna Arrosa izeneko figura da: gainontzeko dantzariek kapitain bat altxatu egiten dute. Markinan ere antzeko zer edo zer egiten dute", adierazi du Sustraiak dantza taldeko kideak.
Ezpata Dantza 1960ko hamarkada hasieran galdu zen, baina lehenago ere kinka larrian egon zen. Hala, urte batzuetan neskek eutsi zioten ohitura honi. "Galdu aurretik, hiru edo lau neska animatu ziren eta eurek dantzatu zuten urte gutxi ba-tzuetan. Hori bihar irekiko dugun argazki erakusketan ikus daiteke".
Sustraiak taldekoak, berriz, 1970eko hamarkada erdialdean hasi ziren. "Garai hartan Bizkaiko dan-tzak modan zeuden, baina Gipuzkoakoekin ere hasi ginen eta hortik sortu zen herriko Ezpata Dantza berreskuratzearena".
Horretarako, lan itzela egin zuten. "Federazioarekin eta garai bateko dantzariekin harremanetan jarri ginen, garai batean dantzatzen zen moduan egiteko. Joxe Iriartek, berriz, musika partitura bidali zigun Venezuelatik".
Sustraiak eta Goiz Deia taldekoek aurten ospatuko dute ondorengo 30. ekitaldia, baina maiatzaren 3an hogeita bederatzigarrenez dantzatuko dute, ez hogeita hamargarrenez. "1977an dena prest genuen, baina egun hartan bertan atentatua egon zen eta festa bertan behera gelditu zen", gogoratu du Dorronsorok.
Dantza eta bere ingurukoak ez dira asko aldatu urte hauetan guztietan. "1940ko eta 1950eko hamarkadetan pilotariz jantzita ateratzen ziren plazara. Guk, berriz, Gipuzkoako Ezpata Dantzaren jantziak erabiltzen ditugu. Bestalde, garai batean 25 bat lagunek parte hartzen zuten. Egun, 15 bat irteten gara dantza egitera".
Dena den, etorkizuna ziurtatua Dorronsororen arabera: "Legazpiko jende askok dantzatu du Ezpata Dantza. Sokan ateratzeko jendea eskatzen dugun bakoitzean, herritar asko etortzen da. Bestalde, dantza honi esker, taldekook jarraitzeko motibazioa dugu: badakigu maia-tzaren 3an Euskal Herria enparan-tzara atera beharra dugula".
Dokumentuaren akzioak