Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sustrai berberetatik sortutako hostoen hizkuntza komuna

Dokumentuaren akzioak

Sustrai berberetatik sortutako hostoen hizkuntza komuna

Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2011/02/03
Lotura
Gara

«Hostoak» izenburua du Kukai dantza taldeak, Oreka Tx-ek eta Amaren Alabak elkarlanean abiarazi duten egitasmo berriak. Diziplina ezberdinetan jarduten dira denak -dantza, txalaparta eta zuzeneko kantagintza, hurrenez hurren-, baina guztiak dira euskal herritarrak, eta tokian tokiko kultur ondarea dute oinarri, nahiz eta garaikidetasunetik edaten duten haien sorkuntzak berritu eta plazaratzeko garaian.

Euskal kultura tradizionala da haien abiapuntua, eta bakoitzak bere esparruan baina egungo garaietara egokitutako lanak dira jendartean sona eman dietenak. Irteera berbera partekatzeaz gain, helmuga ere ez da gehiegi desberdintzen; esku bat iraganean eta bestea etorkizunean dutela hazten dira hiru taldeak, nondik datozen eta nora doazen aurrez ondo finkatu ondoren.

Hori da, finean, Euskal Herriko hiru talde horiek elkarlanera eraman dituena. Emaitzak «Hostoak» du izena. Berau ere, iraganean oinarrituz etorkizunari begira dagoen ikuskizuna da, non musikak, dantzak eta kantuak bat egiten duten. Ez da kontzertu bat, ez da dantza emanaldi bat, ez da kantu saio bat; «festa» baten gisan ikusten du Mireia Gabilondo eszenografia zuzendariak. «Sustrai beretik datozen hostoen gisan ikusten ditut hiru taldeak. Erro, jatorri bera dute, baina elkarrengandik ezberdinak dira. Hosto bakoitzak bere kolorea du, ikuskizunean bezala; hosto bakoitza sentipen baten erakusle izango da. Ikuskizun bat baino gehiago, festa bat dela esango nuke», esan zuen.

Ipar Euskal Herriaren eta Hegoaldearen arteko harremana estutzeko egitasmoa ere badela nabarmendu zuten partaideek. Hala, estreinaldia otsailaren 19an izango da, 20.00etan, Kursaaleko auditoriumean, baina Euskal Herriko zazpi hiriburuetatik igaroko da datorren asteetan; Baiona (otsailak 25), Iruñea (otsailak 26), Bilbo (martxoak 16), Gasteiz (martxoak 31), Donibane Garazi (abuztuak 11) eta Maule (urriak 1). Bira amaituta, Euskal Herriko kultura tradizionalaren bilakaera oinarri duen ikuskizuna erbestean ere agertuko dutela jakinarazi zuten.

Hogei lagun, taula gainean

Ikuskizunean hogei lagunek baino gehiagok hartzen dute parte. Oreka TX bikoteak (baita haien ohiko bandak ere), Amaren Alabak taldeko sei kantariek, Kukaiko beste sei dantzarik eta zuzenean irudiak marrazten ariko den azken artista bat ere. Oraindik entsegu lanetan ari direla aitortu zuen Gabilondok, baina elkarlanean (Harkaitz Mtez. de San Vicente musika zuzendaritzan eta Jon Maia koreografietan) ondo moldatzen direla, nahiz eta hainbeste «hostoren trafikoa» maneiatzeak lan eskerga egitea eskatzen duen.


p043_f01_199x116.jpg

Dokumentuaren akzioak