Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Suspertuz doa dantza berriro

Dokumentuaren akzioak

Suspertuz doa dantza berriro

Egilea
Iratxe Etxebeste
Komunikabidea
Tolaldeko Hitza
Tokia
Tolosa
Mota
Erreportajea
Data
2004/11/14

Dantzari asko egon omen dira betidanik Tolosaldean, garai batean edonork hartzen zuelako parte hango eta hemengo dantza taldeetan. Horixe diote oraindik ere eskualdean gidari jarraitzen dutenek. Beherakada handia izan zuten urte gutxian, ordea, ezkontzerakoan utzi egiten ziotelako dantzariek dantzatzeari. Egun beste arrazoi batzuk daude horretarako: kanpora ikastera joateagatik, edo, besterik gabe, askotariko kirol eskaintzak tarteko, asko dira azken urteetan dantza taldeetatik urrundutakoak. Hala, «dantza asko gustatzen zaienek soilik jarraitzen dute asteroko-asteroko entseguetara joaten», eta horietako gehienak neskak dira, gainera.



Izan ere, azken bi-hiru urteetan eskualdeko dantza talde batzuk indartu egin badira ere, mutil falta ikaragarria da denetan. Antza, aukeraketa egiterakoan futbolaren eta judoaren gisakoak nahiago izaten dituzte mutikoek, eta dantza taldeak osatzerakoan eragin handia du horrek, asko eta asko direlako neskak baino ez dituzten taldeak. Orain urte dezente sortutako mutil dantza ugari galtzeko bidean dira, horregatik.



Kontuak kontu, eskualdeko hiru dantza taldek, Tolosako Udaberrik, Ibarrako Alurrek eta Villabonako Oinkarik, dantza jaialdia eskainiko dute hil honen 20an Tolosan, eta ekitaldi berezi hori aitzaki hartuta, bertako arduradunekin hitz egin du Hitzak, Tolosaldean dantzaren egoera zein den jakiteko, eta, bide batez, dantza talde bakoitzaren nondik norakoen berri zuei emateko.



Udaberri, mende erdirantz



Euskal Herriko talde zaharrenen artean, historia luzearen jabe da Udaberri Euskal Dantzari taldea, 1957an sortua. Xabier Galdona eta Xalbador Gar-mendia sakramentinoek inguruko mutil talde bat hartu eta hala hasi ziren euskal dantzak haiei erakusten. Hasiera batean, dantza horiek ezagutzera ematea zuten helburu, Frankismoaren latzenean, «gure kultura, errepresio eta debeku gogorrenen pean, zulo ilun eta sakon batean baitzen; bazter guztietatik sortzen ari zen argi-harien isla zen, euskal kulturaren berpizkundearen beste adar bat, beste bide bat, zulotik irteteko ahaleginean».



Taldea bermatzen eta sendotzen ari zelarik helburu berriak diseinatuz joan ziren Udaberriko kideak: musika landu, jantziak zaindu eta dantzak jatorrizko tokian ikasita plazaratu, betiere tradizioari ahalik eta leialen izanda. Horrekin batera, ikerketaren bideari ere ekin zion Udaberrik. Horrela berreskuratu, erakutsi eta gaur arte mantendu ahal izan dira hainbat dantza: hala nola, Berastegiko San Juan dantzak, Gipuzkoako Soinu Zaharrak eta Tolosako Bordon Dantza, tartean Bedaioko Ingurutxoa-ren inguruko lan bat eginez, eta behar zuen bultzadatxoa emanez.



Gerora etorri ziren bidaiak: besteak beste, Herberehetan, Irlandan, Suitzan, Belgikan, Italian, Txekoslovakian, Austrian, Hungarian, Alemania Demokratikoan, Portugalen eta Espainian izan dira Udaberrikoak dantza emanaldiak eskaintzen, bai eta Katalunian eta Ga- lizian ere. 90. hamarkada ikuskizun berezien garaia izan zen, eta erronka berriak hartu zituen taldeak; Xirulikan, Iruditan eta Erromeria izan dira emaitzarik esanguratsuenak. Larunbatetako haur ikastaroetan 30 bat lagun dira egun, eta Udaberriko dantzariak, berriz, 25 bat. Taldea bere 50. urteurrenari begira da, eta bienbitartean, taldearen biziraupena bermatuko duten gazte berriak bilatzen ahalegintzen da.



Zalantzarik gabe, Tolosako eta inguruko folklorean funtzio garrantzitsuak bete izan ditu dantza taldeak, eta egun ere horretantxe dihardu, «gure herriko kultur historian ezinbesteko direlarik». Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, Tolosako historia eta Bordon Dantza-ren azterketa biltzen duen lan bat argitaratu du aurten Udaberrik, duela 23 urte Jose Maria Jimeno Jurio historialariak idatzitakoa: Tolosa Bordondantzaren ikuspegitik.



Oinkari, ia 30 urte lanean



Oinkari dantza taldea 1975ean sortu zen Villabonan, Euskal Herriko dantzak jaso, ikasi eta erakusteko helburuarekin. Elizan kantatzeko biltzen ziren gazte haiek eman zuten lehen pausoa dantza taldearen sorreran, Zizurkilen dantza ira-kasten aritzen ziren Segurola ahizpen gonbita aintzakotzat hartu ostean. Hasierako urtee-tan 60 bat gazte biltzen ziren Zentroaren gaineko La Sala zeritzan gazte lokalean. Gerora, gela hori utzi eta Zatorran ekin zioten entsegatzeari. Dantza ikasteaz gain, ekintza gehiagotan ere parte hartzen zuten: garai hartan euskararen aldeko mugimendua puri-purian zegoen, eta dantza taldeak beti erakutsi zuen atxikimendua.



1976ko maiatzean Parrokiko Elkarteak dirua biltzeko Gurea zineman antolatu zuen jaialdian egin zuen estreinaldia Oinkari dantza taldeak. Harrezkero inguruko hainbat herritan eskaini zituen emanaldiak: Atallon, Lizartzan, Tolosan, Iruran, Adunan, Sorabillan, Zizurkilen, Urretxun...



Urtetan aritu ziren lanean, dantza ikasi eta eskaintzeaz gain emanaldietarako arropa eta bestelako materiala prestatzen. Diru falta medio, astero 25 pezetako kuota ordaintzen zuen taldeko partaide bakoitzak, taldearen diru iturri nagusia horixe izanik. Sortutako herri mugimendua ez zen nolanahikoa izan, gazte gehienak zeudelako talde baten baitan.



1977an hasi ziren Oinkarik antolatutako eta haurrei zuzendutako ikastaroak. 1979an, taldeko hainbat mutil soldadutzara joaten hasi zenean, jarri zen lehen aldiz kolokan dantza taldearen etorkizuna. Hala ere, aurrera egin zuen, saio gehien eman zituzten urtea izateraino. Gerora ahulduz joan zen taldea, partaide askok utzi egin ziotelako bertan dantzatzeari. Giro horretan, 1983ko abuztuaren 24ean izandako uholdeek udaletxe zaharreko gela batean biltzen zituzten arropak eta gainerako tresnak hondatu zituzten, eta dantza taldeari bukaera ematea erabaki zuten taldeko lehen partaideek.



Urte batzuk beranduago, 1992ko herriko jaietan Iñude eta Artzainen konpartsa antolatu zuten Oinkariko kide batzuk; konpartsa hori izan zen Oinkari dantza taldeko hurrengo belaunaldia, bigarrena, abian jarri zuena, astearte eta ostegun iluntzetan, Kultur Etxeko gela hasieran, Ikastolako ganbara gero, dantzarako doinuz eta alaitasunez jantzi zuena. 1997ko irailean jarri zituzten berriz ere abian haur ikastaroak, eta horiei esker Oinkari dantza taldeak ordura arte jasandako dantzari faltari aurre egitea lortu zuen.



1992an lanean jarri zen belaunaldi horretatik aurrera ez du beste etenik izan Oinkarik. Dantzari belaunaldi ugari pasatu dira bertatik, eta pixkanaka oztopoak gailenduz eta taldea sendotuz joan dira. Iaz, taldearen etorkizunean eragin nabarmena izan zuen erabakia hartu zuten Oinkariko kideek: betiko dantza tradizionalak albo batera utzi gabe, koreografia berriak lantzea. Oinkarik egun bere emanaldietan eskaintzen dituen dantza gehienetako koreografiak Edu Muruamendiarazenak dira; hark gidatzen ditu taldeko entseguak. 15 eta 27 urte bitarteko 38 dantzariz osatuta dago taldea, neskak gehienak, eta emanaldietan 13 musikari izaten dituzte alboan. Haur ikastaroetan, berriz, 80 bat dira: 12 urtetik beherakoak, denak.



Alurr: berriena, berritzaileen



1992an hasi ziren Ibarran dantza ikastaroekin. Jose Luis Zubeldia abaltzisketarrak 40 orduko ikastaro bat eskaini zuen, herritarrek Arin-arina eta Fandangoa ikas zezaten. Taldetxo bat sortu zen orduan, eta bestelako dantzak ere ikasteko gogoa piztu zitzaien. Zubeldiak Jesus Mari Garate beasaindarra ekarri zuen horretarako. Jose Luis Zubeldiak berak sortutako taldearen ardura haren anai Jon Zubeldiak hartu zuen gero, urtebetez. Ondoren, Eider Garmendia beasaindarra aritu zen dantza eskolak ematen.



1995eko abenduaren 4an legeztatu zuten Alurr dantza taldea. Herrian eskaintzen zituen ikuskizun gehienak, eta herritik kanpo, Tolosaldean ere, dezente. Duela lau urte beherakada handia izan zuen, gazte batzuk unibertsitate ikasketak egitera kanpora irten behar izan zutelako. Haiek ematen zuten ordura arte taldea: ikastaroak, emanaldiak...



Taldea desagertzear zegoela ikusita, Ibarrako Sendi Ekintza guraso elkarteak hartu zuen Alurr dantza taldeko gidaritza. Dantza taldean ibilitako gazte guztiei deia egin, eta batzarra egin zuten etorkizunean zer egin erabakitzeko. Gazteek berrikuntza nahi zutela-eta Edu Muruamendiarazi hots egin zioten, dantza eskolak eman zitzan. 13 laguneko taldearekin hasi zen orain hiru urte, eta 80 gazte gidatzen ditu egun dantzari bergararrak. Beste norabide bat hartu zuen dantza taldeak orduan, baina helburuak hasierako berak dira: euskal dantzak ikastea eta zabaltzea, dantzatuz ondo pasatzea, eta, batez ere, herriko dantza taldea bizirik mantentzea.



Harrezkero dantza saioak eskaini ditu Alurrek Txantrean eta Lesakan, eta Alemaniara joateko aukera ere izan du berriki. Gainerako ikuskizunak herrian bertan ematen ditu: urtean bitan edo hirutan bai, gutxienez. Uzturpe ikastolaren Kultur Astean, Izaskun auzoko jaietan, Ibarrako Gazte Festetan, Hauspoak bi urtetik behin antolatzen duen jaialdian... Haurrek eta helduek badituzte urtean ikuskizun finkoak, baina Alurr dantza taldearen ikuskizun garrantzitsuena San Bartolome jaien baitan eskainitakoa da, abuztuan. Herriko jai nagusietako emanaldi arrakastatsuena eta desiatuena izateaz gainera, ikus-entzule gehien biltzen dituena ere izan badelako.





udaberri



Tradizioari ahalik eta leialen izanda joan dira helburu berriak diseinatzen: musika landu, jantziak zaindu...



oinkari



Iaz, betiko dantza tradizionalak albo batera utzi gabe, koreografia berriak lantzea erabaki zuen



alurr



Beste norabide bat hartu du taldeak, baina helburuak hasierakoak dira: ikastea eta herriko taldea mantentzea

Dokumentuaren akzioak