Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Suitzan hemendik aurrera garatu nahi dudan hizkuntza aurkitu dut

Dokumentuaren akzioak

Suitzan hemendik aurrera garatu nahi dudan hizkuntza aurkitu dut

Asier Zabalea - Dantzari eta koreografoa

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/02/26

Nor ez da noizbait txoritan egon. Jendez inguratuta baina bakar-bakarrik, bere burua- rekin elkarrizketan, norberaren pentsamenduetan galduta. Hala gaudenean, «egoera puruan» ageri gara. Hala irizten dio Asier Zabaletak, eta Ertza Dantzaren azken ikuskizunaren oinarri bilakatu du. ‘‘Babia’’ da obraren izenburua eta gaur estreinatuko da La Fundición-en, 20.30ean.



­- Zein da«Babia»ren gakoa?



Niri beti gustatu izan zait jendea babian dagoela ikustea, zeharo erlaxatuta dauden lagunak, beren munduan sartuta, barne elkarrizketa batean, inguruan denaz ez direnean konturatu ere egiten, mundu horre- tan bakarrik sentitzen direnean. Era berean, beti interesatu izan zait etxean bakarrik gaudenean, ispiluaren aurrean egiten ditugun keinuak edo sukaldean gaudela egiten ditugun ikuskizun txikiak, kantatuz, dantzan... Iruditu zitzaidan hor arakatzeko zerbait bazela, antzerkia edo dantzarako material aberatsa, nonbait.



­- Ez da lehen aldia gizakiaren portaeraz ari zarela zure ikuskizun batean. Zertan datza interes hori?



Oraingoan anekdotikoa den zerbait bezala planteatu dut. Ez dut nortasunari buruzko analisi sakon bat egin nahi izan. Jendeak holako egoeretan nola jokatzen duen aztertu dugu. Taldekideok geure buruei begiratu diegu eta emaitza erakusgarri antzeko bat izan da. Niri irudikoz, babian dagoenean, pertsona bere egoera puruan ikus dezakegu, ez baitago gizarteak inposaturiko jokabide arauen azpian, konplexu eta beldurretik libre dagoelako memento horretan. Obra honetan erakusten dugu pertsona desberdinek espazio desberdinetan babiako egoera hori nola lortzen duten.



­- Barne-barneko egoera batez mintzo zarete gorputzaren bitartez. Zein konexio dago bien artean?



Zuzena, eta ikuskizun honetan, inoiz baino gehiago. Gorputza gure barrenean pasatzen ari den horren isla da. Denok ditugu gure idolo, topiko, maite ditugun filmetako eszenak... batzuetan erreproduzitu egiten ditugu geu konturatu gabe ere.



­- Nola izan da sortze prozesua?



Talde-lana izan da. ‘Babia’ antzerki-dantza da, testu eta guzti. Babian dagoenaren elkarrizketatxoa, askotan zentzu gehiegirik gabekoa, erreproduzitu dugu. Mugimendu aldetik ere nahiko zabala da.Ez gara mugimendu mota bakar batetik abiatu. Izaera desberdinak hartu ditugu eta, hala, taula gainean aurki dezakegu tipo bat hip-hop egiten, beste bat norbait imitatzen... Musika oso desberdinak entzuten dira obran zehar.



­- Musikaz gain, zeintzuk beste euskarri dituzte dantzariek?



Geure helburua zera izan da, ikusleak lehen begiradarekin eszena kokatzeko ahalmena izan dezala, hau da, pertsona hori non dagoen edo zer egiten ari den zailtasunik gabe uler dezala. Eszena batetik bestera nahiko bizkor eta loturarik gabe pasatzen saiatu gara, obrari esketx egitura emanez. Agertokia espazio desberdinetan banatu dugu eta espazio bakoitzean gauzatxo bat gertatzen da. Banan banan joaten gara horiek erakusten. Baliabide hori errazteko, eszenografia erabili behar izan dugu, gutxieneko altzariekin baina begirada soil batez identifikatzen da non dagoen pertsona hori eta zer egiten ari den.



­- Umoreaz ere baliatu zarete.



Ez da helburua izan baina nahi gabe nahiko ikuskizun umoretsua atera zaigu. Babian dagoen pertsona bat harrapatzea beti da nahiko barregarria. Guretzako, konpainiarentzat, zailtasunik handiena publiko baten aurrean intimitatean gertatzen diren eszenak erreproduzitzea izan da.



­- Zein dantzarik parte hartzen dute obra honetan?



Jorge Lastra, Iñigo Iraultza García eta María Ibarretxe Bilbotik datoz, antzerki eskolatik; gero dantza garaikidearen munduan sartu dira eta hainbat ikuskizun egin dituzte. Pilar Andrés Burgostik dator, baina azken urteetan Bilbon bizi izan da. Lau urte eta erdi kanpoan bizi izan naizenez, hemengo jendearengandik pixka bat deskonektatuta nengoen. Jende gaztea ezagutu nahi nuen. Entzunaldi bat antolatu nuen Artelekun eta berton ezagutu nituen. Oso talde majoa osatu dugu. Batzuk dantzatik, besteak antzerkitik, elkarlanean erdi bideko hizkuntza bat osatu dugu.



­- Gorputzak ere «babian» bezala behar du sortzeko?



Nire kasuan, gehienetan. Mugimendu hutsaren atzetik nabilenean ere, dantza sekuentzia bat egin nahi dudalako, beti abiatzen naiz inprobisaziotik. Saiatzen naiz gorputza ahalik eta libreen uzten. Zaila da pixka bat inkontzienteki egin duzun hori antolatzea, errepikatzea. Gero eta gehiago interesatzen zait gorputza kontrolik gabe uzten den unea, ez erabat beharbada, baina bai pauta batzuen barruan berak nahi duen lekuetatik joaten uzten dugun unea.



­- Dantza eta antzerkiaren bidea jorratzen jarraituko duzu?



Suitzan egon naizen konpainian bi esparru horien artean lan egiten genuen, batetik bestera konturatu gabe pasatuz. Testua erabiltzen genuen, dantza ere bai, askotan ikus-entzunezkoa ere. Ez genuen mugarik nahi, esan nahi genuenarentzat baliabiderik onena bilatzen genuen: bideoa, dantza, ahotsa...



­- Suitzako esperientzia nolakoa izan da?



Alias konpainian egon naiz. Oso esperientzia ona izan da. Ikaragarri ikasi dut, niri interesatzen zaidan hizkuntza aurkitu dut eta nondik nora joan nahi dudan. Oso baldintza onetan lan egiten da han, ez dago hemengo prekarietatea diru laguntzak daudelako, konpainia egonkorra delako, hilabete bukaeran zure soldata daukazu. Hala ere, ez dut nire lekua aurkitu Suitzan, alor pertsonalean gehienbat. Nahiko hotza egiten zait herri hura. Arrazoi pertsonalengatik, batetik, eta nire proiektuak aurrera ateratzen hasteko gogoa nuelako, bestetik, hura uztea erabaki nuen.

Dokumentuaren akzioak