Dokumentuaren akzioak
Suak piztuta dirau
Alurr taldeak 'Sua' filmean oinarritutako dantza ikuskizuna aurkeztuko du igande honetan Tolosako Leidor Antzokian Jauntxoen eta herriaren arteko borroka azaltzen dute koreografien bidez
Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteak egin zuen Sua
filmean, 1609an Lapurdin kokatzen den Inkisizioari buruzko istorioa
kontatzen da. Istorio horren oinarria jauntxoen eta herriaren arteko
borroka da. Dantza ikuskizunaren bidez, egungo garaira estrapolatu ahal
den egoera azaldu dute: boterea duenak herria nola zapaltzen duen eta
herriak ematen dion erantzuna. Sorginak ere koreografia hauetako
protagonistak dira, baina historiak eman dien ikuspegia aldatu nahi
izan du Alurr dantza taldeak. «Beti zoro moduan erakutsi izan dizkigute
sorginak, eta guk emakume aurrerakoiak zirela erakutsi nahi izan dugu»,
azaldu du Eli Nosellas Alurr taldeko zuzendariak.
Suak presentzia handia du ikuskizun honetan. Hasieran
pertsonei sentiarazten dien beldurra irudikatzen dute, batik bat
naturako elementu horrek lehen zituen konnotazio negatiboak. Amaieran
aldiz, Nosellasen hitzetan: «Itzaltzen ez den sua, itxaropenaren eta
indarraren sinbolo gisa aurkeztu nahi izan dugu».
Sua emanaldiaren sorrera
Lehen aldia da Alurr dantza taldeak film baten moldaketa egiten
duela. Taldekideek aspalditik nahi zuten, dantzaz gain antzerkia edota
istorioren bat kontatzen zuen ikuskizunen bat prestatu. Alurr-eko kide
batzuek Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteak eginiko Sua
filmean parte hartu zuten, eta haren moldaketa egitea bururatu
zitzaien. Hala ere, hiru orduko gidoia egokitzeko zailtasunak izan
zituzten. Hori horrela, filmean kontatzen zen istorioaren sustraia
hartzea erabaki zuten; azpian zegoen mezua igortzea koreografien bidez.
Eli Nosellasek azaldu duenez: «Zineman irudia eta ahotsa dituzu istorio
bat azaltzeko, gure kasuan aldiz zailagoa da, guztia irudikatu beharra
daukazu». Komunikatzeko erabili duten baliabideetako bat jantziena izan
da. Ramon Garciak egindako lanari esker, ikuslegoak erraz ezberdinduko
ditu jauntxoak eta herritarrak.
«Aspalditik genuen proiektu propio bat egiteko gogoa», azaldu
du Nosellasek. Hala, koreografiak sortzeaz Edu Muruamendiaraz eta
Katixa Perea arduratu diren arren, talde osoak hartu du parte sormen
lanean. Euskal dantza tradizionaletan oinarritzen diren arren,
berrikuntzak gehitu dituzte. Koreografien bidez, taula gainean,
jauntxoen eta herriaren arteko gatazka islatzea lortu dute. Eli
Nosellasek borroka hori nola antzeztu duten azaldu du: «Filmean ez
bezala, guk ez ditugu irabazleak eta galtzaileak definitu,
interpretazio irekia eman nahi izan dugu».
Alurr dantza taldearen ikuskizun gehienetan musikaz zuzenean
gozatzeko aukera eskaintzen den arren, Sua proiektuarekin hori ez da
posible izan. Hasiera batean musika konposatzea pentsatu bazuten ere,
azkenik Oreka TX, Kepa Junkera, Javier Tejedor, Alboka eta Tomas San
Miguelen doinuak dantzatuko dituzte emanaldian.
Alurr dantza taldea
1995ean ekin zion Alurr dantza taldeak bere ibilbideari. Jose
Luis Zubeldiari Ibarran dantza ikastaro bat ematea eskaini zioten, eta,
hark izan zuen arrakasta ikusirik dantza taldea sortzea erabaki zuen
herriko talde batek. 13 urte hauetan inguruko herrietara zabaldu dira:
Legorreta, Zaldibia, Zizurkil, Berastegi, Berrobi, Altzo, etab.
Ikuskizunak eskaintzeaz gain, dantza eskola moduan ere lan egiten du.
Une honetan Sua proiektuan buru-belarri dabiltzan arren, Alurreko kide batzuk beste emanaldi batzuk prestatzen ari dira.
Dokumentuaren akzioak