Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Stiletto'-en dantza

Dokumentuaren akzioak

'Stiletto'-en dantza

EOS

Zuzendaria: Josep Caballe-Domenech. Baleta: Miarritzeko Malandain. Egitaraua: : S. Prokofieven Errauskine op.87. Lekua: : Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Ekaina 3.
Egilea
Arkaitz Mendoza
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/06/05
Lotura
Berria

Hamar minutuko atzerapenarekin hasiera eman zitzaion Errauskine-ren maitasuna kontaerari. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa prest auditoriumeko orkestra zuloan, eta eszenan, stiletto zapataz hornituriko horma zabal eta handiak, balletaren ardatz trinko. Thierry Malandain koreografoak ideiatutako Errauskine honetan, mugimendu akrobatikoak lekuz kanpo daude, guztiz sinplea baita dantzarien egitekoa. Errauskine lirain bat, bakarkako uneetan askeago, bikote zein hirukote ataletan zertxobait tente sumatuz. Printzearen rola talentu handiko interpretazioan islatu zen, betiere gorputzaren oreka artistikoa balletaren dantza pauso zehatzekin urtuz.

Caballe-Domenech zuzendariak argi eta garbi maneiatu zuen Euskadiko Orkestra. Nahiz eta atal bakoitzaren amaieran txalotzeko unea desegin, erritmo bizian begiztatu zuen Sergei Prokofieven balleta. Perkusioa eta zelesta zehatz eta haria soinu zingaroan, haize instrumentuak egoki aritu ziren hain gutxitan lantzen den egitasmoan. Musikaren abiadura aldaketak eta dantzarekin bateratu beharreko pasarterik zailenak lasaitasunetik landu ziren, lehen aldiz gerturatutako Errauskine balleta zoriontsu izanik.

Eszenografia aldetik, une bikainak izan ziren Kursaalean: Errauskine denboraz kanpo sentitzen den momentuko erloju madarikatua, bai orkestra bai dantzarien erritmoan, fidagarritasun gozagarriz adierazi zen. Maniki eta dantzarien arteko ezinezko dantza deabrutsuak fikzio puntu txalogarria erantsi zion kontaeraren tramari, printzearen maitea identifikatu ezinik. Maitasunaren alderdirik xahu eta garbiena irudikatu nahi izan du Malandainek Errauskine honetan, amodioaren atalik sutsuenak eta bihotz berokoak alde batera utziz. Elbarri agertu zen ugazama barregarri eta iraingarriak maitasuna egunero ureztatu behar dela erakutsi zigun, ekintza ñimiñoek handikeria gailentzen duten seinale.

Dokumentuaren akzioak