Dokumentuaren akzioak
Sortzaile gotortua
'Edouard Lock's New Work'
Greziar mitologian oinarritutako opera barroko bi (Purcellen Dido eta Eneas eta Glucken Orpheo)
hartu du Lockek urruneko inspirazio iturritzat. Ikusleek, berriz, haien
musikaren produktu eratorria jaso dute Gavin Bryars eta Blake
Hargreaves konpositoreen eskutik, batzutan ia aldaketarik gabe eta
gehienetan ikuspegi garaikidetik emana, baina betiere oinarri barrokoa
errespetatuta. Izan ere, Locken uste sendoa da musika barrokoaren
parametro aritmetikoak lagungarriak direla lengoaia garaikide hotza
eraikitzerakoan, nahiz eta, ene uste apalean, muga zurrunak ezartzen
dizkioten gaurko edozein sorkuntzari.
Gauzak horrela, eta
hasieran pantaila bitan izandako proiekzio ia estatikoen ostean,
dantzarien keinu segida frenetiko eta aberatsa hasi da, haietariko
bakoitza argi-zirkulu banatan zegoela, punten gainean ia geldirik eta
besoak zein eskuak intsektuen abiaduran mugitzen zituztela, gorputza
bitan zatituta balute bezala. Emakumeek maillot eta panty beltzak
janzten zituzten eta gizon gehienek, praka beltzak besterik ez. Argien
diseinu zuri eta zenitalak, aldiz, aldaketa ia estroboskopikoak jasateaz
gain, argi-ilun gogorrak sortu ditu emakumeen eta gizonen gihar
indartsuak nabarmentzeko.
Dantzarien mugimendu hipnotikoa
parodiaren mugatik hurbil ibili da batzuetan eta, aldian behin,
leuntasun handiko keinu bakan batzuekin baretu da, etengabeko paroxismo
zatikatuan ostera ere murgildu aurretik. Hala ere, badirudi sortzailea
gotortuta geratu dela bere planteamendu estetiko aurreratuen defentsan,
eta nahiago izan duela bere dantzarien gaitasun tekniko itzela
muturreraino eraman, etengabeko irudi estatiko/zinetikoak erakutsiz,
publikoarekin egiazko zerbait konpartitu beharrean.
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 4.
Dokumentuaren akzioak