Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sortzaile gazteak, bidea egin nahian

Dokumentuaren akzioak

Sortzaile gazteak, bidea egin nahian

Sei emanalditan banaturik, bederatzi dantzariren sormen lanak ikusteko aukera izango du zaleak

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2001/03/21

Gorputzaren adierazteko gaitasunak dantzara eramaten ditu gazte asko, eta, klasikoaren arau zorrotzak hausten hasi zirenetik, aukerak ugaritu dira jarduera horren bitartez egunerokoari buruz, kezken eta liluren inguruan mintzatzeko. Dantzari garaikideak oholtzara igotzen dira ikasi eta bizi dutena mugimenduaren bitartez azaltzera.



Baina adierazteko gaitasuna izanik ere, Euskal Herrian agertokietara igotzeko aukerak ez dira asko izaten, eta ikuskizunaren mundura jauzi nahi duten askoren proposamenak itzalean geratzen dira, konpainia gutxiren mesedetan. Hasiberriei bidea egiteko sortu zen Koreografo Gazteen Erakusketa, duela bost urte, eta urtez urte aurkezten diren proposamenen hautaketa eskaintzen du Jaurlaritzak lagundutako ekimenak.



Aurten bederatzi koreografo gazteren lanak erakutsiko dituzte, baina ez dira lanok guztiak batera eskainiko, aurreko urteetan bezala. Bi emanalditan banatzea erabaki dute, proposamenek protagonismo handiagoa izan dezaten, eta, era berean, dantza ikusteko aukera maiatza baino hilabete gehiagotan egon dadin. Emanaldi bakoitzean aurkeztuko dituzten lau koreografiekin batera, Iratxe Aranaren Ezbaiko lekuak proposamena izango da bi emanaldietan, eta bideoa euskarri izanik dantza egiteko modu berezia erakusten duela-eta erabaki dute egitarauko bi emanaldietan eskaintzea. Martxoan hasi eta ekaina hasiera arte eskainiko dituzte emanaldiok, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.



Udan ere dantzan



Bestalde, udaberriko eskaintzez gain, udan ere izango da dantzarik aurten. «Dantzaren denboraldia zabaltzeko asmoari erantzuten dio honek ere. Lau konpainia gazteren obrak ikusgai izango dira», esan zuen Rikardo Bilbaok, Kultura Sortu eta Zabaltzeko Jaurlaritzako saileko zuzendariak. Oraindik zehazteke daude emanaldiok.



Atzo koreografien aurkezpenean lan horien sortzaileetako batzuk izan ziren; «Gure lanak ezagutzeko modurik egokiena horiek ikustera joatea da, ezin dira hitzez adierazi», esan zuen Isidro Zapatero koreografoak, beste dantzari bati txanda emanez. Jorge Jauregik, Hemen lanaren sortzaileak, bere lana egunerokoarekin loturik dagoela aurreratu zuen. «Dantza egunero ikusten dugu kalean, jendearen gorputzean, eta gizakion komunikatzeko gaitasunak liluratzen nau. Komunikazioari eta harremanei buruzko lana aurkeztuko dut».



Idoia Zabaletak, berriz, inprobisazioari buruzko gogoeta egingo duela esan zuen atzo: «Chance ikuskizuna arriskutsua da, nire ustez, baina inprobisazio munduan egiten denak erakartzen nau, eta eremu zabala hartzen du. Oinarrian, hala ere, mugimenduari eta denborari buruzko gogoeta dago».



Maria Martin eta Judit Ruiz Metro ikuskizunaren gainean mintzatu ziren. «Geltoki batean, bagoietan, gerta daitezkeen egoeraren isla da», esan zuen Martinek. Ruizek, berriz, hauxe: «Bizitzaren aukerei buruzko metafora ere bada. Bide bat edo bestea hartzeak gure bizitzan izan dezakeen garrantziari buruzkoa».



Marta Ortega, Beatriz Txurruka eta Kontxi Lopezen Ya sé dónde me duele izan zen atzo aurkezten azkena. Elkarren arteko harremanetik sortu da proposamena. Joan den udaz geroztik izandako dantza jarduera eta eztabaiden fruituak dira. Nortasunak eman ditzakeen hiru ikuskera eskainiko dituzte. Marta Ortegak, ikuskizuna hizpide izateaz gain, proposamen ausartagoa egin zuen: «Euskal Herriko antzokietako arduraunei gonbita egin nahi diegu aurrerantzean proposamenei lekua egin diezaieten». Ez dira asko eta, urtean zehar dituzten aukerak.



HAUTATUTAKO LANAK



Azken hilabeteotan landutakoaren emaitzak



Egunero-egunero jardunez landutakoak eman dituen emaitzak ikusteko aukera izango da. Zortzi koreografo gazteren lanak bi emanalditan banaturik aurkeztuko dituzte. Iratxe Aranaren Ezbaiko Lekuak bideo emanaldia izango da launa banatutako koreografoen proposamenekin batera.



LEHEN emanaldiko koreografoak



JORGE JAUREGI. Hemen ikuskizuna prestatu du, eta egunero kalean izaten diren harremanen eta komunikazioen inguruan mugituko dira dantzariak. Ikutu dantza garaikidearen elkarteko sortzaileetako bat da, eta Moare taldearekin hainbat koreografietan parte hartu du.



MARIA MARTIN, JUDIT RUIZ. Metro ikuskizunaren sortzaileak, geltokietako mugimenduak aztertuko dituzte. Biak dantza klasikoko ikasketak egin ostean, Nancy Seitz Mclntyre koreografoarekin lan egin dute. Egun, garaikidean trebatzen dihardute Londresen eta New Yorken.



IGOR CALONGE. Na/die cree/ce koreografiaren sortzaileak antzerki mundutik dantzarako bidea hartu zuen 1994an. Harrezkeroztik klasikoa eta garaikidea nahastu ditu, eta egun tempomobile taldekoa da. Inprobisazio teknikak dantzan aztertzea du gustuko.



IDOIA ZABALETA. Chance inprobisazioa nagusi den ikuskizun arriskutsua erakutsiko du. Azkenaldian, inprobisazioak izan dezakeen esparru zabala lantzen ari da, dantza munduan bide luzea egin ondoren. Dantzari honek kurrikulum luzea du garaikidean, gaztea izan arren.



EMANALDIAK



Goiko lau dantzari horiek hiru emanaldi eskainiko dituzte:



MARTXOAK 24. Donostiako Egia auzoko kultur etxean, 20:00etan.



MARTXOAK 31. Gasteizko Federico Garcia Lorca Antzokian, 20:00etan.



APIRILAK 6. Basauriko Social Antzokian, 20:00etan.

Bigarren emanaldiko koreografoak

MARTA ORTEGA, BEATRIZ TXURRUKA, KONTXI LOPEZ. Ya sé dónde me duele elkarren arteko eztabaidetatik sortu da. Udaz geroztik dihardute elkarrekin lanean, eta sormen irizpide anitz batuta ikusteko aukera emango dute. Identitateari buruzko arazoez mintzatuko dira.



NATALIA MONGE. Izquierda-derecha, izquierda-derecha… koreografiaren egileak lan asko sortu eta zuzendu ditu. Konposatzeko orduan, dantzarekin batera, bideoarekin eta argiztapenekin jokoak lantzen ditu. Egun Performing Arts ikasketak amaitzen ari da.



ISIDRO ZAPATERO. Silencio ikuskizunaren sortzailea. Dantzari gazte honek lan asko egina du jada Londresen. Dantza ikasketak amaitu ondoren, Aletta Collinsekin Europan zehar hainbat emanaldi eskaini zituen. Damian Muñozen konpainiako dantzaria izan da.



NEREA URBIETA. Todo está a mi lado laugarren koreografia du, eta egun Amsterdamen koreografia, konposizio eta inprobisazio ikasketak amaitzen ari da, dantza klasikoa eta garaikidea egin ostean. Saioa Ibañezekin batera dantzatuko du berak sortutako pieza.



EMANALDIAK



Goiko lau dantzari horiek hiru emanaldi eskainiko dituzte:



MAIATZAK 18 Basauriko Social antzokian, 20:00etan.



MAIATZAK 24. Gasteizko Federico Garcia Lorca Antzokian, 20:00etan.



EKAINAK 2. Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.

Dokumentuaren akzioak