Dokumentuaren akzioak
Sortu berriak
Sortutakoak Jaialdia
Dantzaguneak antolatuta, pasa den asteburuan izan da Sortutakoak jaialdiaren II. edizioa, eta iazko deialdian hautaturiko hiru sortzaile berrik beren koreografia laburrak plazaratu dituzte, oso maila eta lan-ildo desberdinak agertaraziz.
Hiruretan lehena —On izenekoa— Eneritz Zeberiok aurkeztu du. Esku-programako hitzetan, «XXI. mendeko gorputza inguru teknologiko birtualean nola bizi den hausnartuz» sortu da pieza, eta informatika alorreko hots ezagunak izan dira soinu-eremuko protagonistak, Kalakan taldearen herri-kanta baten bertsio garaikidearekin batera. Taula gaineko bost neskek eboluzio sinkronikoak eta ibilbide lerrozuzenak deskribatu dituzte eskortzo erako jarrera estatikoekin konbinatuz, baina proposamena soinu-bandaren egitura faltaren menpe ibili da aldi oro, eta lehen minutuak igarota, agortuta geratu da, noraezean.
Ordea, gaualdiko bigarren piezak —Judith Argomanizen Hooked (still)— sortzaile berri batengan genituen itxaropen guztiak bete ditu hasiera-hasieratik. Judithek berak eta Jaiotz Osak eratu dute taula gaineko bikotea, eta koreografiak giza harremanen bilakaera gatazkatsua aztertu du, bikote arrunten esparru mugatua gaindituz eta gizakion arteko harreman korapilatsuei ukitu pertsonal aberasgarria emanez.
Koherentzia handikoa izan da argien, soinu-bandaren, isiluneen eta jantzien hautaketa, eta elementu guztiek bat egin dute bi dantzarien arteko auzia planteatu eta ebazterakoan. Argi dago bien arteko koordinazio zehatza eta prestakuntza fisikoa lanordu askoren ezinbesteko emaitza izan direla, eta emozioak piztu dituzte ideia koreografikoen jarioak, keinuen adierazkortasun dotoreak eta begiraden zein jarreren sotiltasunak. Baina, beste ezeren gainetik, harrigarria egin zaigu proposamenak erakutsi duen kalitatea abstrakzioaren, sinbolismoaren eta metaforaren planoetan.
Gaualdiko azken pieza Alioune Diagneren eskutik etorri da. Senegaldar artista garaikide honek ere ganoraz uztartu ditu argiak, musika, isiluneak eta arropa, dantzarako hautu pertsonala eta islama bateragarriak direla erakutsiz. Andersenen Zapata gorriak ipuina aitzakiatzat hartuta, This Line is my Path sortu du Diagnek, eta hasiera batean klake moduko bat dantzatu du oinetan hondartzarako txankletak zeramatzala. Beranduago, elastiko gorria erantzi eta figura artegagarriak eratu ditu bere azal iluna agerian utziz eta europarron pentsamendutik urrun dauden kodeak erabiliz. Sexualtasuna eta umorea ere beldurrik gabe baliatu ditu, jatorrizko malgutasuna eta ahalmen fisikoa ederki konbinatuta, eta esandako guztiaren ondorioz zintzotasun handiko lan jostagarri eta polit batez gozatu ahal izan dugu.
Dokumentuaren akzioak