Dokumentuaren akzioak
Sormenek amaitu du sei eguneko astindua, soka-dantzan
Goibel esnatu da aroa gaurkoan. Euria goian behean. Zaparradak gora behera, jendea gerturatzen joan da pixkanaka-pixkanaka Kurtzeko plazako karparen epeltasunera. Aurten behintzat, azkenekoz eskaini du Sormeneren karpak epeltasun eta babes hori, izan ere, hasiera guztiek duten moduan, Sormenek ere amaiera eduki du zor, gaur eman baitiote amaiera bigarren edizioari.
Ikuskizuna eguerdiko hamabietan hasi da, Ainara Azpiazu Axpi komikigileak Tupust! komikiaren aurkezpena egiteaz gain, komikiaren nondik norakoak azaldu dizkie karparen epeltasunera bertaratu diren gutxiei.
Hasieran gutxi batzuk izan badira ere, gero eta jende gehiagok aurkitu du babesa bertsolariak ikusi eta entzuteko. Sormeneren oholtzara igo dira Uxue Alberdi, Oihana Arana eta Oihana Iguaran bertsolariak, eta Maite Berriozabal gai-jartzaile. Komikia ez ezik, bestelako kontuak ere izan dituzte kantagai bertsolariek eta hain zuzen ere, bertsolarien ahots akordeek ur tantek sortutako hotsa izan dute lagun ordu bete inguruz, eta amaieran txalo zaparrada ur zaparrada baino gehiago entzun da.
Euriak atseden pixkat bat hartuta, arratsaldean, Sormeneren azken txanpan, «Amatxik dixit» antzerki obra antzeztu dute Nerea Ariznabarretak, Ander Basalduak eta Gaizka Chamizok, galdakoztarra azken hau. Gerra garaian jazarpenak eta kondenak pairatu zituztenei omenaldia egiteko asmoa dauka antzezlanak; beste modu batean esanda, memoria historikoa berreskuratzea, eurek diotenez, «iragana ordenatuz, gertatutako aitortuz eta etorkizunera gizarteari dagokion informazioarekin joanez, sarritan errealitateak fikzioa gainditzen duela jakinda».
Marcelina eta Rafaelen istorioa kontatzen du hogei bat minutuko obrak eta aktoreek eurek egiten dituzte narratzailearen eta aktoreen paperak.
Obraren ostean eta antzezlanaren gaiari tiraka, Galdakao Gogora elkarteak antolatutako mahai ingurua egin da, eta bertan izan dira Agurtzane Yurrebaso, gerra bizi izan zuen galdakoztarra, eta Galdakao Gogorako Eunate Barroeta, obrako aktore eta zuzendariarekin batera. Gerra garaiko eta gerraosteko zenbait bizipen elkarbanatu dituzte.
Oholtza atontzen ari zirela, txistu eta gaita doinuak entzuten hasi dira karpan. Dantzariz ere bete da karparen barrualdea. Horien artean izan dira Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldea, Lekeitioko Etorkizuna Dantza Taldea, Oñatiko Oñatz Dantza Taldea eta Iurretako Dantzariak. Iruñeko Duguna Dantza Taldeak ere oholtzan beharko luke, baina eurek sare sozialetan iragarri dute taldekide batek Covidean positibo eman duela eta ezinezkoa izan zaiela: «Ilusioz gainezka ginen gaur Galdakaoko Sormene palazan gainontzeko dantzariekin eskuz-esku soka-dantzan aritzeko, baina egoerak arduraz jokatzera behartu gaitu».
Bizkaiko gaiteroekin hasi da emanaldia. Bi gaitero eta atabal jolea izan dira iluntzeari musika jartzen lehenak. Ondoren Iurretako dantzariek soka-dantza abestua eskaini diete bertaratutakoei. Eta musikarekin jarraitu dute etxekoek, Andra Mari Dantza Taldeko musikariek, Pirinio aldeko doinuekin gozaraziz publikoa.
Galdakaotik Oñatira. Hango aurreskua dantzatu dute bertako Oñatz Dantza Taldekoek txistuaren eta atabala lagun izan dutela.
Bertsolariak ere ez dira falta amaierako ekitaldian; Igor Elortza eta Erika Lagoma igo dira oholtza gainera eta ostean, Lekeitioko soka-dantza eskaini dute Etorkizunakoek. Lekeitiotik atzera ere etxera, berriro ere Andra Mariko musikariek hartu dute oholtza. Dantzariak gehitu zaizkie musikariei eta emanaldia egin dute etxeko publikoaren aurrean.
Eta amaierako ekitaldiarekin bukatzeko, jota eta porruak dantzatu dituzte talde guztiek batera. Igor Elortzak bota duen moduan: «Sokak marraztu du Euskal Herriko mapa».
Honaino beraz, Sormene sorkuntzen Galdakaoko plazaren bigarren edizioa; izan bedi luzaroan ere euskal kulturaren sokaren astingarri!
Dokumentuaren akzioak