Dokumentuaren akzioak
Sorkuntzaren eta tradizioaren bilgune
Aurtengo Xiru jaialdiaren gai nagusia karrika antzerkia delarik, Mauleko herriak ekimen hau preziatzeko aukera ukan zuen atzo, Maskaradak Xirurekin bat egin baitzuen egun osoan. Goizean barrikadak hasi eta, arratsaldean, berriz, ikusgarriari ekin zioten. Ehunka lagun hurbildu ziren bertara.
Hala ere, jaialdiaren xede nagusia sorkuntza berria bultzatzeko doinu garaikideen eta tradizioaren artean trukea bideratzea denez, Eskiulak egin Maskaradak irudi berezia azaldu zuen.
Hain zuzen ere, tradizioak azaltzen dituen Kabana, Pitxu, Bohamiak, dantzariak, eta jaunak besteak beste, bertan bilduak zirelarik, atabala eta txistuaren doinu tradizionalei Mauleko "Basa Txaranga" eta "Auprès de ma blonde" taldeen erritmo biziak gehitu zizkieten. «Euskal Herrian hain bizi ditugun aberastasunetan oinarrituz, hau da inauteriak, toberak..., Zer aurki genezake haietan gure biharko tradizioaren sortzeko?», aipatu zuten antolatzaileek aurtengo Xiru jaialdiaren aurkezpenean.
Jaialdiaren helburua hori da, eta Maskaradak ahalegin berezia egin zuen atzo tradizioa eta berritasuna uztartzeko.
MASKARADA
Ikusgarria aurrera zihoala, Maskaradaren doinu tradizionalak buruz behera aurkitu ziren, Mixel Etxekoparek laguntzen zuen Txarangak bere agerpena egin zuelarik.
Erritmo tradizionalek, bat-batean, musika garaikidearen doinuekin bat egin behar izan zuten bi aldietan, horrelako ikusgarrietan usaian agertzen diren erritmo luze eta lasaiak indartuz.
Txarangaren presentziak ez zuen hein handiko iraultza ekarri Maskaradaren jarraipenean, bizitasun berri bat baizik. Maskaradarekin landu musika honekin Xiru jaialdian zehar azken bi egun hauetan agertu diren eta gaur ere ikusten ahalko diren emanaldien ikuspegi labur baizik ez dute eman.
Honela, ostiral gauean hasita, Maule gaineko plazan, berrogeita hamar bat dantzari, musikari eta aktore bildu ziren, "Gaü pasa, gaü basa" ikusgarria agertzeko gisa. Gaueko bederatziak zirela, bertara hurbildu ziren ikusleek gaur egun antzerkian eta musikagin egiten diren sorkuntza eta berrikuntza garaikide guztiak preziatzeko aukera ukan zuten.
Hala eta guztiz ere, gaurko emanaldiak ukanen du arrakasta handiena Xiru jaialdiaren aurtengo XIII. edizioaren baitan. Egunari "Harro harro karrika" izena eman diotelarik, karrika emanaldiak dira nagusituko Gotainen goizetik arratsera.
Honela, atzo Maskarada Maulen agertzen zen bitartean gaur agertzekotan diren ikusgarriak lantzen aritu ziren zenbait aktore herriko kiroldegian.
«Kabanak» ikuskizuna zuten, hain zuzen ere, lantzen aktoreek Uztaro arte tailerrak prestatu agertoki berezian. Xuri eta beltzeko oihal batzuk goitik behera zintzilikatuak ikusten zirelarik, benetako herri bat, bere plaza eta guzti, sortu dute gela horretan Uztaroko artistek.
APAINDURA
Oihal bakoitzak etxe bat ordezkatzen zuenez, zulo gisa emanak diren leiho handien aitzinean agertzen zen ikusgarria ikusteko parada ematen zuen. Atzo arratsaldean, beraz, zuloen artean, kabanaz beterik zegoen agertoki txiki bat ikusten ahal zen. Apaindura eta "Kabanak" ikusgarriaz gain, gaur arratsaldeko hiruetan Petit Théâtre de pain antzerki taldeko antzezleek "Mesclagne" ikusgarria eskainiko dute herri antzerkiaren erara. Ondotik "Auprès de ma blonde" txaranga beren perkusio, antzerki eta musika ibiltariekin, eta azkenik, "Kabanak" ikuskizuna izanen da.
Dokumentuaren akzioak