Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sorkuntza eta formazioa, Euskal Dantzarien Biltzarraren ardatzak

Dokumentuaren akzioak

Sorkuntza eta formazioa, Euskal Dantzarien Biltzarraren ardatzak

Irakasle eta ikasleei zuzendutako euskal dantzen ikastaroak ere abiatuko dituzte

Egilea
Hartzea Lopez Arana
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2003/01/11

«Euskal dantza tradizionala norbaitek asmatu zuen. Orain guri dagokigu bide horretarik jotzea, eta sorkuntza berriz bultzatzea». Hitz horiekin aurkeztu zuen atzo Serge Isteque Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakariak datorren agorrilaren 15an Luhuson (Lapurdi) antolatuko duten euskal dantza txapelketa. Bertan, mementoz, Lapurdiko bost taldek eta Nafarroa Behereko batek hartuko dute parte. Bakoitzak hitzordu horretarako dantza berri bat eskainiko du, eta sorkuntza lanean jardun nahi duten beste taldeei deia egin diete, «oraindik ez delako berantegi izenak emaiteko». Euskal dantzaren maila handitu, sorkuntza bultzatu eta etorkizunera begira kokatu dira, besteak beste, lehiaketa egiteko azpimarratu dituzten arrazoiak.



Lehiaketaren nondik norakoak aipatzen hasita, azaldu dutenez, talde bakoitzak 12 dantzari izan beharko ditu gutxienez, emanaldiak hamar eta hamabost minutu arteko tartea izan beharko du, eta orain arte dantzarentzat erabilia izan ez den musikan oinarritu beharko du sorkuntzak. Oro har, euskal gaiak izanen dira dantzen ardatzak, hala nola pilota eta etxea. «Erreferentzia historiko lokalek emanen dute euskaltasuna, baina betiere dantzak duen unibertsalismoari lotua», adierazi zuen Istequek. Antolatzaileek nabarmendu dute horrelako ekimen bat bultzatzen den lehen aldia dela, eta Luhusoko besta komiteak, eta baita Kanbo eta Ortzaizeko ikastolek ere ekitaldia kudeatuko dute. Bi sari emango dizkiete irabazleei: Ameriketara eta Europara bidaia bat. Epaimahaiko kideak ez dira Euskal Dantzarien Biltzarreko partaideak izango.



Luhuso herrian berrikitan ireki den zerbitzu gela Euskal Dantzarien Biltzarraren lantokia bilakatu da, eta bertan dantza irakasleei eta dantzariei zuzenduriko formazioak abiatu dituzte.



Euskal dantzaren tituluen bila



Irakasleei biltzarrak diploma bat eskaini nahi die, eta horretarako Frantziako Kultura Ministerioarekin eztabaidan ari dira, «euskal dantzaren diploma ofiziala» izan dadin. Bizkaiko eta Zuberoako dantzak, baleta, dantza modernoa eta praktika musikala dira, besteak beste, formazio horretan irakatsiko direnak. Nahi duen ororentzat zabalik izanen da eskaintza.



Beste ikastaroa dantzariei zuzendu zaie. Otsailaren 10etik 14a arte Betteluren fandangoa irakatsiko dute, eta apirilean zehar Lekeitioko Kaixarranka eta Larrain dantza. Data beretan txistularientzako ikastaldiak ere antolatuko dira. Luhusoko gela dantzaren topagune garrantzitsu bihurtzea nahi du EDBk.

Dokumentuaren akzioak