Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sorginen dantza, Ezpala festan

Dokumentuaren akzioak

Sorginen dantza, Ezpala festan

Dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdiak zortzigarren aldia du aurten

Folkloreak herrialdeak bereiztu ordez berdindu egiten dituela sinisten dute Ezpala jaialdiko antolatzaileek, Iruñeko Duguna eta Eibarko (Gipuzkoa) Kezka dantza taldeek. Dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia da Ezpala, eta urtero gai baten inguruan antolatzen dute festa: aurten, zortzigarren aldian, sorgin dantza izango dute ardatz.
Egilea
Maialen Unanue
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea-Eibar
Mota
Albistea
Data
2013/05/23
Lotura
Berria

Bi egun eta bi leku: larunbatean, Iruñeko Burgoen plazan egingo dute, 18:00etan hasita, eta igandean, berriz, Eibarren izango da; 12:30ean hasita arituko dira, Untzaga plazan. Jaialdia hasi baino orduerdi lehenago, kalejirak egingo dituzte: Iruñean, alde zaharreko kaleetan barrena, 17:30ean, eta Eibarren, Urkizutik Untzagara, 12:00etan. Eibarren, gainera, 48. Euskal Jaia izango da igandean, eta Aiko taldearekin erromeria izango da, 17:00etan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Europako txoko askotan bada aire bat bikotean dantzatzen dena, esku jokoekin hasi, eta musuekin, besarkadekin, ukabilkadekin zein tiroekin bukatzen dena. Besteak beste, fricasse izenarekin ezagutzen dute Frantzian, oxdans esaten diote Norvegian eta ball de sant ferriol Katalunian. Euskal Herrian ere baditu zenbait baliokide: Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) sorgin dantzan, Aretxabaletako txino dantzan, eta baita Zuberoako maskaradetan ere —keretuek egiten duten dantzan—. Horren haritik, Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat dantza taldek parte hartuko dute bai larunbatean bai igandean Ezpala jaialdian.

Dantza horiek guztiak «enbor bereko ezpalak dira», antolatzaileen arabera. Hala, lekuan lekuko izena eta aldaerak izan arren, berez, jatorri bera dute guztiek. Europako txoko askotan errepikatzen dira dantza asko, eta urtez urte bilduma komun hori erakustea du helburu Ezpala jaialdiak: «Folkloreak herrien arteko loturak aspaldikoak direla erakusten digu, eta dantza tradizionalak Europako eskualdeen arteko trukea frogatzeko era hobezina dira».

Euskal Herrian, sorgin dantzari dagokionez, Lasarte-Oriako Oria auzoan aurki daiteke dantza horren «arrastorik sakonena». Gipuzkoako hainbat herritan egiten omen zuten, baina Orian soilik eutsi zioten. Antza, Bergarako (Gipuzkoa) langile talde bat joan zen Oriara, eta haien eskutik dantzatuz iraun omen zuen.

EZPALA JAIALDIA

Non. Larunbatean, Iruñean, eta igandean, Eibarren (Gipuzkoa).

Ordutegia. Iruñean, 18:00etan, eta Eibarren, 12:30ean.

Esku jokoarekin hasi, eta musuak, besarkadak, ukabilkadak eta tiroak dira sorgin dantzaren ezaugarri nagusiak. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak