Dokumentuaren akzioak
'Solteroen dantzalekuak' plazaratu du Joxean Agirrek
«Bizitzaren kontakizuna egiten hasten garenean, joera daukagu pasarte ilunak ezkutatzeko eta ederrak ederragotzeko. Eta hain humanoa den joera hori ia fenomeno soziologiko bihurtzen da diktadurak erortzen direnean: mundu guztia hasten da hor bere biografiak itxuraldatzen». Joxean Agirrek nobela berriaren bihotzean jarri dituen gogoetetako bat izan daiteke hori, baina, idazlearengan ezagun denez, umorez eman dio forma. Solteroen dantzalekuak deitu du, eta izenburuak berak aurreratu dezake liburuaren tonua. Xehetasunak aletu ondotik egin du aitorpena: «Nobela guztian badago solterotasunaren gorazarre bat, kontraesanez betea. Neuri ere harrigarria egiten zait, baina asko maite dut: badago zerbait esaten didana solteroa izatea gauza ederra dela». Pausa bat, eta ñabardura: «Soltero modernoa behintzat, tradizionala ez hainbeste».
Duela bi urte eman zuen Nobela errealista bat Agirrek (Zarautz, Gipuzkoa, 1949), eta handik bi urtera itzuli da eleberri berriarekin. Elkar-ekin eman du hori ere, eta, liburuz liburu, goranzko bide bat egiten ari den autore gisa kokatu du Xabier Mendiguren editoreak: «Idazle askoren ibilbideari jarraitzea suertatu zait, eta ikusi dut gazte hasten diren asko nola joaten diren gutxika hobetzen, goia jo eta ondoren beherantz-edo egiten hasteko, kalitatean, intentsitatean». Ez da Agirreren kasua, haren ustez: «Iruditzen zait ez duela goia jo oraindik. Orain dela pare bat urte idatzi zuen Nobela errealista bat, nire ustez bere nobela onenetako bat, eta hau haren pare dagoela esango nuke».
Eleberri «dibertigarri» gisa definitu du editoreak, «gai serioak planteatzen dituena, umorez, eta adarjotze puntu bat ere badaukana». Idazlearengan ohiko diren gaiak —«obsesioak»— eta gai berriak uztartu dituela aurreratu du, eta bi garairen uztarketa deigarria egin zaiola erantsi: «Bata da 1975 ingurua, Joxeanen gazte garaia, normalean zirrara bereziz gogoratzen duguna; baina bada beste bat ere: gaur egungoa».
Bien artean agertuko da dantzan protagonista: erretiratzear den Soziologiako irakasle bat, dibortziatua, ezusteko gonbidapen bat jasoko duena: lehendakarigai joateko proposamena egingo dio Alderdiak. «Boleto guztiak dauzka alde, beste profil bat nahi dutelako», idazleak. Eta zehaztapena Mendigurenek: «Lehendakarigai ez hain zozoa». Agirre: «Bai. Hau batzokiz batzoki ari da hitzaldiak ematen, eta emakumeak hunkitzen ditu, eta gizonezkoak ere ateratzen dira aldarte onarekin. Badauka jendearekiko dohaina».
Baina badauka, halaber, orbain bat «curriculum politikoan», eta hor kiribilduko dira iraganeko hariak orainaldikoekin. 1975eko salbuespen egoeran, Erakundean sartuta ibili zen protagonista, eta torturak jasan zituen bi eguneko atxiloaldian. Zuberoara alde egin zuen horren ostean. Horren jakitun, Alderdiko kideek haren biografiaren parte hori «itxuraldatzeko» ikastaro bat antolatuko dute, eta itxialdi bat egingo du protagonistak Hondarribiko (Gipuzkoa) Bista Eder hotelean.
Identitatearen parte bat antzaldatze horretan du, hain justu, abiapuntua nobelak. Reginie Robin historiagile eta idazle frantsesaren lan batek eman zion ideia Agirreri. «Kontatzen du Berlingo harresia erori zenean Stasiko milaka agente lanik gabe geratu zirela, eta kurtso batzuk egin, bakoitzari identitate berri bat eman, eta Alemanian barreiatu zituztela. Abiapuntu polita izan zitekeela pentsatu nuen, zeren, badirudi ezetz, baina denok ezkutatzen eta aldatzen baititugu [biografiako] gauzak; kuriosoa da».
Motozerra pista erdian
Kontakizuna «alaitzeko» elementuren bat behar zuela jabetuta, dantzalekuetara joaten ziren baserritarren gaineko ikerketa bat ere sartu du jokoan Agirrek, Pierre Bourdieuk egindako azterlan bat gogoan hartuta —«guretzat guru bat izan zen Bourdieu, garai batean»—. Hala azalduko dira, nahasian, motozerra batekin dantzalekura sartu zen mutilaren pasadizoa, salbuespen garaian zezen plazan egindako galdeketak, protagonistaren emazte ohiak aldizkari bati aitortutako ezkonbizitzako kontuak, haurtzaroko oroitzapenak eta beste. «Horrela esanda ez dakit graziosoa dirudien, baina gauza esperpentiko samarra da», aho txikiz egileak, eta arin albotik editoreak: «Bai, bai! Bada!».
Dokumentuaren akzioak