Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sokatik kulunka

Dokumentuaren akzioak

Sokatik kulunka

'(Sok)2'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2010/03/14

H hilaren 20rako zegoen iragarrita (Sok)2-ren emanaldia, baina Campos Eliseos antzokiaren inaugurazioak hankaz gora jarri du guztia, eta Kukai dantza konpainiari egokitu zaio lehen ikuskizuna ematearen ohorea. Soka izeneko aurreko lanean bezala, elkarrekin jardun dute Kukai konpainiako Jon Maiak eta EliralE konpainiako Pantxika Telleriak, eta aurrekoa ikusi zutenek haren arrasto edo zantzu batzuk aurkituko dituzte honetan ere. Hala ere, argi dago sokaren ideiaren aitzakiaz zeremonia eta jolasaren arteko pieza berri bat jaio dela eta prozesu osoan kontuan eduki dutela areto barruko lan handia sortu behar zela.

Gauzak horrela, sakontasun handiko planteamenduetan murgildu dira Maia eta Telleria, eta taula gaineko zazpi dantzariak barneko biluztasuna erakutsiko balute bezala agertu dira uneoro, beren jarrera estatiko eta geldoekin isolamendua, barne-bilaketa eta gizakion arteko lotura antzemanezinak iradokiz. Dantzari dagokionez, berriz ere ibili gara euskal dantzatik hizkera garaikidera doan bidetik, eta emanaldian zehar jakituria handiz eman dira esandako bi puntuen artean dauden fase guztiak, batzutan pauso tradizionalak beren purutasunean emanez, eta beste batzuetan ikuspegi ezin urrunagotik eraldatuz.

Elementu eszenikoen aldetik, aurrekoa baino askoz osotuagoa da (Sok)2. Esate baterako, jantzien erabilera eta kolore zuria sinbolismo handikoak izan dira, eta eremu eszenikoaren diseinuak ere erabateko soiltasunera jo du, hainbat neurritako bospasei kutxa, soka luzea eta Javi Ullaren argi miresgarria besterik ez baitu erabili. Azkenik, Iñaki Telleriak bateria, harpa eta kontrabaxurako konposaturiko musikak aipamen berezia merezi du, emanaldiaren funtsezko osagaia izan delako eta dantzarien mugimenduak emozio neurtuen bidetik gidatu dituelako.

Dokumentuaren akzioak