Dokumentuaren akzioak
Sokaren lihoa iruten
'[Sok]2' ikuskizuna estreinatuko du gaur Kukai dantza taldeak, 'Soka' proiektuaren bigarren emaitza
Mugimendu batzuetan leun eta besteetan zakarren bitartez, euren arteko
harremanak garatu eta errotuko dituzte dantzariek; apurka arropak
soinean jantziz joango dira, eta, azkenean, taula gainean eskutik
helduta, guztiek bat egingo dute. «Bateratua dagoen gizartearen
argazkia» da erakusten den batasuna, Kukai dantza taldeko kide Jon
Maiaren hitzetan.
Iaz abiatutako Soka obraren parte da [Sok]2,
baina ez haren bigarren zatia, proiektuaren bigarren emaitza baizik.
«Uste genuen bazegoela aurreko lanetik nondik garatu, eta horregatik
ekin genion lan honi». Ohi moduan, dantzari gisa baino gehiago,
koreografo lanetan aritu da Maia. Pantxika Telleria izan du lagun
zeregin horretan. Maiak berak gogoratu duenez, Telleriak ezin hobeto
deskribatzen du obraren funtsa: «Berak dio hau ez dela eleberri bat, ez
dela hasi eta amaitzen den istorio bat; poesia liburu batekin
alderagarriagoa dela esaten du».
Aurreko aldian legez, oraingoan ere soka da lanaren hari
gidaria. Sokadantza tradizionalean inspiratuta dago, baina ez da haren
erreprodukzioa. «Dantza hori oroitarazi eta, era berean, gauza asko
iradokiko ditu», dio Maiak. Sokak, lanak aurrera egin ahala, rol
bikoitza jokatuko du; ikusleek begi biez ikusteaz gain, sinbolikoki
ere, dantzarien arteko harremana erakustera etorriko da.
Dantza eta musika, biak bat
Obra, dantza emanaldia ez ezik, musika ikuskizuna ere bada.
Iñaki Telleriarena da musika originala. Hark eman zien Maiari eta
Telleriari, hain zuzen, lan hau abiatzeko aitzakia: «Hark egin zuen
ikuskizun berrirako proposamena. Musika ederra izateaz gain, lan
honetarako egokia ere bada, garapenarekin ederki josten dena», zehaztu
du Maiak.
Biak ala biak, batera sortu diren formak dira, bata bestea
elikatuz joan direnak. Perkusioaren, harparen eta kontrabaxuaren
doinuek iruten dute, zehazki, sokaren lihoa. Dantzariekin batera
zuzenean aritzen dira musikariak taula gainean, Maiaren aburuz,
«ingurugiro ezin hobea» emanez lan osoari.
'[SOK]2'
Estreinaldia: Gaur, 21:00etan, Bilboko Campos antzokian.
Martxoaren 27an: 19:00etan, Miarritzeko Kasino antzokian.
Maiatzaren 18an: 20:00etan, Errenteriako Kultur Etxean.
Dokumentuaren akzioak