Dokumentuaren akzioak
Sokak, mamutxak, bidoiak eta sua
Kritika. Leioako umore azoka
Tellagorri bi dantza lanean Natalia Monge, Matxalen Bilbao eta Natxo Montero begiak estalita agertzen dira, plaza erdiko haritzaren enborrari gerritik lotuta. Hasierako mugimenduak egoera berezi horrek markatzen ditu eta hirurek eboluzio ederrak burutzen dituzte espazio ezezaguna esploratzeko, gorputzaren pisua sokatik eskegiz grabitatearen kontrako jarrera ikusgarriak lortzeko.
Laster, baina, laugarren elementu bat gehitzen zaio taldeari (Jon Urrasa). Pertsonaia distortsiogile berria beste hiruren kontrapuntua da eta jolas bihurtzen du orain arteko guztia. Benetan borobila da lan kolektibo hau, jendearen arreta eta onespena bereganatzeko gai da, erritmo sostengatua du eta aipatzekoa da musika zuzenean jo izana musika elektroakustikaren gainean. Bestalde, eta bertute nagusi moduan, guztiz egokia da kalerako, ezin hobeto baliatu baititu kaleko egoera eta elementuak lanaren probetxurako.
Kukubiltxok Mamutxak estreinatu zuen. Kalejira erako ikuskizun honetan pertsona tamainako aktoreek eta panpina erraldoiek hartzen dute parte, Mamutxak izeneko enpresaren zeregina baita gure artean bizi diren izaki fantastikoak topatzea. Horrela izanik, lamiak, herensugeak, jentilak, oihulariak eta euskal mitologiako beste hainbeste lagun deskubrituko dituzte mamumobil-etik irtendako zientzialariek. Izan ere, mamumobila eta Pablo Lasa eta Bixente Martinezen musika ezinbestekoak dira muntaia koloretsu, alai eta atsegin hau girotzeko, panpina erraldoien maneiuan aspalditik direlako trebeak Kukubiltxoko kideak.
Zanguango eta Pikor konpainiek plazaratutako Al fondo a la derecha harribitxitzat jo dezakegu, kontuan izanik Bekereke antzerki talde historikoak sortutako lan baten berreskurapena dela. Eszenaren erdian lau pertsonaia berezi eta samur ditugu: emakume haurduna, etorkina, agurea eta buru aldetik mugan dagoen boxeolaria. Haien atzetik, agintea irudikatzen duen funtzionario desatsegina.
Kartoizko bidoiak dira eszenografiaren elementu nagusia, eta haiekin batera eskailera tolesgarriak eta oholak, protagonistak lantoki moduko batean aritzen baitira, bidoiak leku batetik bestera mugitzen, erritmo bizian eta era harrigarrian, umorea galdu gabe laztasunaren erdian.
Tamalez, emanaldia bukatzear zegoela euria hasi zen eta ezin izan genuen amaieraz gozatu. Ordurako, baina, argi zegoen lanaren bikaintasuna, bai antzezpenaren aldetik bai dramaturgia eta mamiaren aldetik.
Hortzmugak Matraka estreinatu zuen gerraren gaia ardatz hartuta. Aktore-lanaz gain, piroteknia eta beren-beregi eraikitako ibilgailu erraldoia dira muntaia ikusgarri honen oinarriak. Lana, oro har, ondo dimentsionatuta dago, ikusleen interesa mantentzen du eta nabaria da partaide guztien inplikazioa. Beharbada, irregularra da, edo makala zenbait unetan, baina nik uste dut eskertzeko modukoa dela taldeak lan honekin hartutako erronka, beste pauso handi eta sendoagoetara eroan daitekeena.
Dokumentuaren akzioak