Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sokadantza berreskuratzen

Dokumentuaren akzioak

Sokadantza berreskuratzen

San Blas eguna baliatuz, sokadantza berritu bat dantzatu dute Duguna taldeko dantzariek Iruñean

Sokadantza berritu bat plazaratu dute, estreinakoz, Duguna dantza taldeko dantzariek Iruñean. Garai batean dantzak Nafarroako hiriburuan ekitaldi garrantzitsuetan zuen tokia berreskuratzeko asmoz, eta San Blas eguna baliatuz, bitan dantzatu dute: San Nikolas plazan lehena, eta Sarasate pasealekuan bigarrena.
Egilea
Irene Arrizurieta
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2013/02/05
Lotura
Berria

Euskal Herriko hainbat tokitan ospatzen da San Blas eguna, baita Iruñean ere. Alde Zaharreko San Nikolas eta San Miguel plazan berrogei eta lau postu jarri ziren herenegun izandako ospakizunean. Txantxingorriaz gain, Duguna dantza taldeak berreskuratutako sokadantza izan zen protagonista.

Sokadantza berritu bat ikusteko aukera izan zuten Alde Zaharreko San Nikolas plazara eta Sarasate Pasealekura bildu zirenek. Dantza tradizio baten oinordeko izanik, garai batean dantzak Iruñean zuen tokia berreskuratzea da taldearen helburu nagusia. Historian atzera begira, hiriko ospakizunetan egiten ziren dantza emanaldien erreferentziak asko dira artxiboetako idazkietan. Alde zaharreko San Nikolas elizak bazuen San Blasen omenezko kofradia bat, hiritik pasatzen ziren erromesei laguntza emateko, eta egun ere San Blaseko ospakizunak San Nikolas parrokiaren inguruan egiten dira. Prozesio txiki bat egiten da goizez, eta gero hainbat postutan erroskilak eta goxokiak saltzen dituzte, eztarriaren gozagarri. Dantza batek errotzeko giro egokia behar duela aintzat hartuz, ospakizun hori egokia iruditu zitzaien sokadantza berreskuratzeko.

Iruñean lehenengo aldiz sokadantza noiz dantzatu zen esatea ezinezkoa den arren, ingurutxo moduko sokadantzak aspalditik dantzatu izan dira Iruñean. Jimeno Jurio historialariak eta Patxi Arraras folkloristak dokumentatuak dituzte, eta Juan Bautista Mazo margolari espainiarrak 1646an Iruñera Filipe IV.a erregearekin egindako bisita baten ondotik margotutako koadroan ere ageri da sokadantza bat. Harresitik kanpo gizon eta emakume sail bat ikus daiteke sokadantza bat dantzatzen Vista de Pamplona (Iruñeko ikuspegia) lanean.

Urrats berriak

Leitzako ingurutxoaren sokadantza eta ingurutxoa eredu gisa hartuta, Nafarroako iparraldeko doinu, urrats eta koreografietan oinarritu dira Duguna taldeko dantzariak sokadantza berritua atontzeko. «Iaz, hainbat tokitan emandako emanaldietan dantzatu genuen sokadantza, eta, orain, Iruñeko festa batean txertatu dugu», dio Haritz Ibañez Duguna taldeko dantzariak.

Sokadantzaren ezaugarri nagusia da dantzariak eskutik helduta joaten direla biribil ireki batean. Buruan joaten den aurreskulariak eta biribila itxiz doan atzeskulariak gidatzen dute dantza. Haiek erabakitzen dute dantzak zein parte eta pauso ezberdin izan behar dituen. Jose Miel Bidador folklorista eta dantzari ohiak eta Mikel Aranburu Ortzadar folklore taldeko kideak dantzan dena asmatua dagoela esana dute, eta diotenez interpretazioan dago berrikuntza. Irizpide horri jarraitu nahi izan diote Duguna taldean. «Nafarroan egun bizirik dirauten sokadantzak ikusi, doinu eta pauso batzuk aukeratu eta guri interesatzen zaigun ordena eman diogu».

Igandean dantzatu zuten sokadantzan hogeita bi dantzarik parte hartu zuten. Mutilek atera zuten soka, eta haiek izan ziren taldearen gidari, baina hurrengo emanaldian neskei eman nahi diete lekukoa.

Deusen okerrik ez bada, San Joan egunean, ekainaren 24an, beste sokadantza bat plazaratuko du taldeak, eta orduan neskek hartuko dute erantzunkizun nagusia.

Dantzak berreskuratzeko ahalegina ez da berria Dugunan. Iruñeko hainbat ospakizunetan dantzatzen ziren, eta galduta zeuden dantzak berreskuratzeko lanari ekin zion duela bost urte. 2009. urtean Ezpata dantza berreskuratu zuten San Fermin Txiki jairako. Aurten bosgarren aldiz plazaratuko dute ezpata dantza. Bide horren segida da sokadantzaren dantza berritua.

Duguna dantza taldekoak, San Nikolas plazan sokadantza dantzatzen, herenegun. / LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak