Dokumentuaren akzioak
'Soka' erakusketa ibiltaria Bilboko Euskararen Etxera heldu da
Teknologia berrien bitartez kulturaren arlo artistiko honetan murgiltzen dena
Pirinioen magalean bizi eta dantza egiten duen herria. Horrelaxe marraztu zuen Voltairek, hitzekin jolasean, euskaldunen erretratua La Princesse de Babylone liburuan. Haren aurretik eta baita ondoren ere makina bat izan dira munduari buelta eman dioten euskal dantzen irudi eta testigan-tzak, herri osoak plazaren inguruan biltzen dituzten jai eta erromerien lekuko.
Euskal Herriko gizartea denboran zehar batu duen lokarria ere badira euskal dantzak, bere identitatea eraikitzen laguntzen duen ezinbesteko elementu bihurtuz. Hori dela eta, herritarrei gure kulturaren arlo hauxe gerturatu nahi izan die Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak (EKE).
Iazko irailean abiatu zen Miarritzen Soka erakusketa ibiltaria, eta ordutik Hazparne, Donapaleu eta Donostia izan dira bidearen geldialdietako ba-tzuk. Uda honetan, ordea, bilbotarren txanda izango da, abuztuaren 31ra arte Azkue Fundazioaren Euskararen Etxeak hartuko baitu bere baitan euskal dantzaren erraietaraino barneratzen den erakusketa interaktiboa.
“Dantza da gure kulturaren adierazpen nagusienetako bat, musika eta beste arlo batzuekin batera; haren bitartez gure gizartearen alde asko azaleratu eta ezagutzen dira, alderdi estetikoaz gain, noski, eta horrek publikoa erakartzen du”, azaltzen du Jakes Larre komisarioak.
Ehun eta berrogeita hamar metro karratu inguruko espazioaren atarian kokatzen da bisitaria, erakusgela bakoitzaren berezko erugarriei moldatutako espazioan, hain zuzen ere. Ibilbidea lau ataletan banatu du proiektua garatu duen batzorde zientifikoak, bakoitzean dantzari lotutako alderdi bat lantzen delarik: Dan-tzaren bizipen intimoak, Euskal dan-tza eta historia, Euskal dantza eta gizartea, eta Sorkuntzaren bideak.
Lehen begirada Sarrerak dantzaren kontzeptu orokorra irudikatzen du, estilo ezberdinetako dantzariak protagonista bihurtuz. Haien testigan-tzak zenbait bideotan bildu dituzte, bakoitzarentzat dantza zer den islatuz. “Euskal Herrian asko dantzatzen dela erakutsi nahi izan dugu, eta ez bakarrik euskal dantzak; gorputz mugimendu unibertsala dela, alegia”, azpimarratzen du Larrek.
Aurrera eginez, bigarren eta hirugarren atalek osatzen dute erakusketaren mamia, alderdi historiko eta sozialak uztartuz. Bigarrenak euskal dantzaren historiari egiten dio errepasoa, hainbat azpigai jorratuz: Errenazimenduko Dantza Maisuen irudia, euskal dantzen presentzia Luis XIV.a Frantziakoaren gortean, emakumeen presentzia euskal dantzen munduan edota XX. mendean arloak izan zuen garapena, besteak beste.
Jon Maya dantzariak zazpi koadro pintatu ditu Oskar Alegriaren ‘Margo dantza’ proiekturako, oinekin euskal dantza ezberdinek utzitako arrastoa irudikatuz.Argazkia: Soka
“Baina dantza ez da bakarrik historia, ekintza soziala ere bada”, argitzen du komisarioak. Zentzu horretan, hirugarren modulu zabalak euskal dantzak gizartearen jerarkia marka-tzeko modua ere izan direla azaltzen du. Horren adibide da erakusketari izenburua ematen dion soka-dantza, partaideen katea eraikitzerako orduan klase sozialen “nolabaiteko ordenu” bat mantentzen baitzuen. Halaber, zati honek bestelako atal batzuk ere hartzen ditu bere baitan: Elizarekiko harremana, erritualen adiera ezkutuak eta maiz oharkabean igarotzen den soinulariak betetzen duen paperari errekonozimendua.
Dantza 2.0. Mila materialetik gora biltzen dituzten bi atal hauek bisitarientzako erakargarriago izan daitezen, EKEk multimediaren aldeko apustua egin du Soka erakusketan. Izan ere, ikus-entzunezko 400 pieza baino gehiago eta 200 testigantza inguru bildu dituzte hamalau pantaila interaktibo eta bederatzi irakurgailu multimediatan. Modu honetan, norbanakoak bere denbora eta interesen arabera moldatu dezake bisitaldia, lau irakurketa maila ezberdinen artean hautatuz: orokorra, tematikoa, espezializatua eta transmedia. “Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatu ditugu espazio txiki batean anitz gauza erakusteko eta bisitariak informazioa nahierara lantzeko”, aipatzen du Larrek, jende asko erakusketa ikusi eta ondorengo egunetan sakontzen jarraitzeko itzuli egiten dela erantsiz.
Laugarren moduluak euskal dan-tzen alderdi “poetikoagoari” so egiten dio, alegia, izaera estetikoari. Oskar Alegria sortzaileak erakusketarako propio egin dituen zazpi pieza ikus daitezke bertan; tartean Miarritzeko Jean Ospital dantzariari eskainitako Enbor Beretik bideoa, Filipe Oyhamburu omentzen duen Galtzerdi Berdeak, izaera esperimentaleko Jalgi edo Jon Maya dantzariarekin batera sortutako Margo Dantza.
Era berean, erakusketako tarte berezi batean Juan Antonio Urbeltz koreografo eta ikerlaria omendu nahi izan dute, 1965. urtetik hark zuzen-tzen zuen Argia taldeak garatu zuen eszenaratze molde berria oroituz. “Berak moldatu zituen hainbat dan-tza erakutsi nahi izan ditugu, egin zuen ekarpena azpimarratuz”, dio EKEko kideak.
Uztailetik aurrera, Azkue Fundazioak bere ekarpen propioa egingo dio etengabe eraberritzen doan erakusketa bizi honi. Izan ere, publiko gazteari zuzendutako mugikorrentzako aplikazio bat aurkeztuko dute orduan. Galdera eta jokuen bitartez, Soka-ri lotutako edukiak barneratzeko aukera izango dute erabiltzaileek. “Erakusketaren asmoa jakingura sortzea eta bere edukiak denboran zehar luzatzea da; gure arloa teknologia berriak direnez eta gazteak transmisio horretan giltza direnez, Soka gure egoitzan hartzeaz gain bigarren pauso bat eman dugu”, dio Azkueko Iurdana Acasusok.
Irailean, Bilbo utzi eta bere bidea egiten jarraituko du proiektuak, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar baina baina baita kanpoan ere, soka-dantzako partaideek elkarri eskua ematen dioten bezala, euskal gizartea lotzen duen arlo artistiko honen aurpegi guztiak herritarrei hurbiltzen.
Dokumentuaren akzioak