Dokumentuaren akzioak
'Soka' erakusketa Donostiara iritsi da
Euskal dantzari buruzkoa da eta historiaz gain alde asko ukitzen ditu
Euskal dantzei buruzko ‘Soka’ erakusketa ibiltaria Donostiara iritsi da, Miarritzeko egonaldia bukatu ostean. Bi hilabete egingo ditu Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoan. Badira tartean material oso zaharrak, eta horietan seguru asko zaharrena, 1923an Uruguain egindako filmazio bat, non lagun batzuk ikusten diren fandangoak eta arin-arinak dantzatzen.
Erakusketa multimedia da, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) ekoitzia. Besteak beste 400 material baino gehiago daude kontsultagarri bertan (argazki bildumak eta filmak, lekukotasunak, soinu zatiak...). Euskadiko Filmategiko altxor batzuk erakutsiak dira, bai eta beste artxibo aski ezezagun asko ere. Artxibo horiei gehitu behar zaizkie euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz erakusketarako eginak izan diren bideo sorkuntzak. Ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak eta koadro numerikoak baliatu dira edukien aberastasuna bisitarien esku uzteko.
Batik bat Oier Araolaza, Xabier Itzaina eta Jose Goienetxeren lanari esker osatu ahal izan da erakusketa. Donostia 2016k bat egin du ekimenarekin, eta Elkarrizketak programaren barruan sartu du. «Elkarrekin dantza egiteko gai baldin bagara, elkarrekin bizitzeko gai izan gaitezke», esan du Kultur Hiriburutzako Xabi Payak.
Denis Itxaso Kultura diputatuak, berriz, hau adierazi du: «Voltairek esan omen zuen hura, topiko bihurtu dena, esan daiteke orain berriz ere: alegia, euskaldunak herri bat direla, Pirinioen bi aldeetan dantza egiten duena. Kosmopolitismoa lortzeko, ezinbestekoa da gure kultura ongi ezagutzea, eta erakusketa honek laguntzen du».
Erakusketa ibiltaria da eta beste toki batzuetatik ere agertu dute dagoeneko interesa, adibidez, Bartzelona, Bordele eta Pabetik. Kultura diputatuak agertu duenez, ahalegina egingo dute –horretarako EKErekin adostuta– erakusketa hau New Yorkera ere eramateko, ekain bukaera aldera, Smithsonian Institutek Folklife Festival delakoa egiten duenean. Jakina denez, euskal kulturak presentzia berezia izango baitu aurtengo festibalean.
"Pasa zaitezke ordu erdia erakusketan, baina pasa zaitezke lau ordu ere, material ugari eskaintzen baitu", esan du EKEko Patxoa Etxegoienek. Lehenengo moduluan, adibidez, 'Soka' izenekoan, dantzarien bizipen intimo batzuk agertzen ditu Joana Asurmendi bideogileak. Bigarren moduluak 'Euskal dantza eta historia' du izenburu. Hirugarrengoan, 'Dantza eta gizartea' izenekoan, alderdi hauek ukitzen dira, besteak beste: erritualen esanahi ezkutua, dantza eta Eliza, eta dantzaren transmisioa. Laugarren atalak 'Sorkuntza bideak' du izenburu eta bertan sortzaile batzuen lanak ikus daitezke: besteak beste, Oskar Alegriaren dokumental batzuk.
Dokumentuaren akzioak