Dokumentuaren akzioak
Soka dantza izango da gaur arratsaldean plazan
San Nikolas egunean egiten omen zen. Baita San Pedrotan
eta Luixtarretan ere. Hala kontatu zion Imanol Urkizuri Patxi
Danbolinek. Halere, Jorge Oteizak Quousque Tandem liburuan egiten du
erreferentzia garbiena. Orion Soka dan-tza egiten zen aitzina eta
lehengo ohitura berreskuratzeko proposamena egin dute festa batzordean.
Guri, halere, zehatzen Eugenio Garmendiak kontatu digu.
Dirudienez garaiak aldatu dira eta soka dantza bera ere bai. Garmendiak
kontatu digunez, 1965. urtearen bueltan herriko festetan koadrilako
hamar bat lagun inguru atera ziren, festetako programatik kanpo. Tartean
ziren Joxe Antonio Atorrasagasti, Florentino Arrizabalaga, Eugenio
Garmendia bera, Esteban Gozategi, Inazio Leunda, Juanjose Oliden, Jose
Javier Piquero Jabier Urdangarin eta besteren bat.
Aspaldian plazan ikusten ez ditugun dozenatik gora dantzari 'xaxatu' ditu festa batzordeak eta baiezko mordoa jaso du. Azaroaren bederatzian hasi zituzten entseguak Garikoitz Otamendi dantzari añorgarraren esanetara. Dantza irakaslea da eta beste herrietan ere antzeko dantzak berreskuratzen parte izan du. Bere esanetara ari dira Maitane Mujika eta Ander Errasti -sokaren bi muturretan aurrelari eta atzelari lanak egingo dituztenak-, Itziar Barrenetxea, Laida Iturralde, Ainhoa Urkizu, Eneko Dorronsoro, Jon Itxaso, Bittor Andres, Mirari Arriola, Maialen Rodrigez, Mari Jose Salsamendi, Goiuri Unanue, Lander Sarasola, Joseba Orella, Eneko Oliden eta Joakin Illarramendi.
Zazpietan plazan
Emanaldi laburra egingo dute gaur San Nikolas egunean, zazpietan herriko plazan. Guztira ordu erdiren bueltan iraungo du. Garikoitz Otamendik kontatu digunez San Nikolas festetan egingo den emanaldia eta garai batean egiten zena ez da gauza bera izango, garaiak aldatu direlako eta dantzei gaur egungo ikuskera eman behar zaielako: garai batean mutilek bakarrik egiten zuten baina taldeak neskak egitea ere erabaki da. Amaiera aldera, ohiturak hala agintzen duenez, herritarrak aterako dituzte ari-arina eta fandangoa dantzatzera.
Ez da gaurko ekitaldi bakarra izango. Bete-beterik
datorkigu eguna. Besteak beste, goizeko 11:00etan meza nagusia izango
da; eguerdian gaztetxoen dantxa txapelketa eta Salatxo abesbatza
kalez-kale. Arratsaldez pilota partiduak eta spining maratoia eta gauean
bertso saio ederra eta musika herriko plazan, reagge eta salsa
doinuekin.
Dokumentuaren akzioak