Dokumentuaren akzioak
Soka dantza argazkitan
Iñaki San Martinek dantza, argazkia eta pintura uztartu ditu
Apur batean soka dantza argazki erakusketa hutsa baino
gehiago da. Iñaki San Martinek dantza herrikoiaren detaileei erreparatu
die eta, haiekin jolasean, argazkiak margolanen mugaraino eraman ditu.
Erakusketa hiru hitzetan laburtu daiteke: sormena, elementuak eta
kultura.
Sormena
Argazki-erreportaje bat
egiteko orduan gaia aukeratzea da lehen pausoa, eta Iñaki San Martini
gehien kostatu zitzaiona. Abuztuaren 24 batean, San Bartolome egunean
kalera atera eta herriko plazan topatu zuen erantzuna: soka dantza
izanen zuen aztergai.
Ideia buruan zuela, hura gauzatzeko garaia
zen. Bi urteetan argazkiak atera eta atera aritu da eta ondoren
zirriborroak, kolore probak eta abar etorri dira. Elgoibarko artistak
argazki makina xumeak nahiz azken belaunaldiko teknika digital
sofistikatuenak erabili ditu. Zenbait estilo erabili ditu: errealismoa,
surrealismoa, abstrakzioa, txuri-beltza, kolorea, lientzoa eta abar.
Haien bidez, dantza, argazkilaritza eta pintura uztartu ditu.
Elementuak
Elgoibarko
argazkiak zenbait elementu aurkitu ditu soka dantzan: ehunak, koloreak,
pintzelak, kamerak, oihalak eta abar. Dantzaldiko plano orokor eta
errealistetatik hasi eta detaile txikieneraino joan da: poxpolina,
urratsa, zapia, txapela edo errespetu keinura. Elementu horien bidez
ikuslearekin hartu-emanean jarriko da.
Kultura
Iñaki
San Martinek kultura ezagutza, ikasketa eta bizitza eskarmentu gisa
definitzen du. Alde horretatik, oinarri sendoa du Elgoibarko
argazkilariak. Gipuzkoarrak argazkilaritza eta zinematografia ikasketak
egin ditu Donostian eta Italian. Euskal Herriko zenbait film ezagunetan
lan egin du (La fuga de Segovia, La conquista de Albania…), baita Italiako film eta bideoklip batzuetan ere. 80ko hamarkadan zenbait filmetan lan egin du Teo Escamillaren lan taldean (Tata mía, Mi general, El Dorado). 1989an Soarte argazki estudioa ireki zuen Elgoibarren.
Apur batean soka dantza du bigarren erakusketa Carnaval de Venecia (1984) erakusketaren ondoren.
Soka dantza
Euskal
Herrian oso hedatua dago soka dantza. Elgoibarren abuztuaren 24an, San
Bartolome egunean dantzatzen da. Sakanako Dantzaki edo Zortzikoen
antzera, dantzariek elkarri eskuak emanda osatutako katean egiten dute
dantza, sokaren muturreko dantzariek gidatuta.
“Euskal Herriko
folklorea oso aberatsa eta koloretsua da” dio Iñaki San Martinek. “Gure
erroak mantentzen lan itzela egin dute askok. Bihoakie nire esker ona
guztiei”. Aipamen berezia egin die erakusketan ageri den Haritz euskal
dantzari taldeari.
Erakusketa
Iñaki San Martinek Apur batean soka dantza
erakusketan bildu du 40 bat argazki. Aniztasuna handia da: batzuetan
plano orokor eta jendetsuak ageri dira, besteetan detaileak azpimarratu
ditu eta zenbaitetan argazkiekin jolas egin du margolanen mugaraino
eramanez.
Ordutegia
Martxoaren 25era arte,
astelehenetik ostiralera, 18:30etik 21:00etara, eta igandean 19:00etatik
21:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean.
Dokumentuaren akzioak