Dokumentuaren akzioak
Soka dakarren jaia
Ezpalak dantza jaialdia egingo dute gaur eta bihar, Eibarren eta Iruñean. Euskal Herriko eta Turkiako sokadantzak erakutsiko dituzte
«Kulturan, mugek nekez funtzionatzen dute, eta dantzan, are gutxiago», esan du Oier Araolaza dantzari, antropologo, Dantzan.com Interneteko gunearen kudeatzaile eta Ezpalak jaialdiaren antolatzaileak. Euskal dantza oso berezia eta desberdina dela «mito bat da», esan duenez. Ingurukoen antza izateak, balioa kendu beharrean, biziago eta interesgarriago egiten duela uste du, munduarekin komunikazioa izan duela erakusten duelako.
Jaialdia egiten hasi zirenean, duela hamar urte, Flandriako ezpata dantzariak ekarri zituzten, hemengoen oso antzekoak. Aurten, sokadantzak. Dantzariek osaturiko sokari esku dantza edo aurreskua ere esaten zaio. «Sokadantzak oso zabalduta daude Mediterraneoko bazter guztietan», azaldu du Araolazak, «eta muturrera joan nahi izan dugu». Kurdistango sokadantzariak ekartzen saiatu dira, «sekulako sokadantza ederrak dituztelako», baina eskualdeak pairatzen duen gatazkak zaildu egin die lana. Horregatik, Ankarako Unibertsitateko Cinar elkartea gonbidatu dute, Turkiako sokadantzak erakuts ditzan.
Herritarrak, emakumeak
Beste bi kasu berezi ere ikusi ahalko dira Eibarren eta Iruñean. Larreako (Araba) sokadantzariak herritar arruntak dira, ez dantza talde bateko kideak. Tradizio gisa gordetzen dute dantza, urteko egun baterako. Ez dute entseatzen, ezta trebatzeko saiorik egiten ere. «Dantza bizitzeko beste eredu bat da», esan du Araolazak.
Beste kasu berezia Garaiko (Bizkaia) emakumeak dira. «Guretzat, argi garrantzitsua izan dira». Araolazak azaldu duenez, Euskal Herrian oso ohikoak izan dira sokadantzak, eta emakumeak ere protagonista izan dira horietan. Baina Eliza katolikoak eta agintari politikoek plazatik atera zituzten emakumeak, eta, XX. mendera, gizonezkoen sokadantzak bakarrik heldu ziren. Garaiko emakumeak dira salbuespen bakarra.
Aipaturiko dantzari taldeez gain, Lekorneko (Lapurdi) Urtsuko Xoriak, Añorgako (Gipuzkoa) Dantzariak, Eibarko Kezka dantza taldea eta Iruñeko Duguna arituko dira aurtengo Ezpalak jaialdian.
Gaur
19:00. Ezpalak, dantza tradizionalen nazioarteko jaialdia. Euskal Jaiaren barruan, Eibarko (Gipuzkoa) Untzaga plazan.
Bihar, Eibarren
12:30. Eibarko dantzarien emanaldia.
13:00. Erromeria Jainaga eta Narbaizarekin.
17:00. Erromeria Patxi eta Konpainiarekin.
Bihar, Iruñean
12:15. Kalejira alde zaharreko karriketan.
12:30. Ezpalak jaialdia, Burgoen plazan.
Dokumentuaren akzioak