Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Soinu txikiaren gorabeherak

Dokumentuaren akzioak

Soinu txikiaren gorabeherak

Trikitiaren I. jardunaldiak. 'Trikitiaz, zenbait gogoeta' mahai ingurua egin zuten Iriondok, Lajak, Iturbidek, Beltranek eta Tiliñok

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/10/03

Juan Mari Beltranek esan zuen trikitia, «euskal soinu tresna berriena izanik», gainerako guztiei gailendu izana «nabarmentzekoa» dela. Aurkako ugari izan zituen trikitiak, jardunaldietako lehenengo egunean Amagoia Ibanek azaldu zuenez; elizak ahalegin handiak egin zituen trikitiaren aurka. Iriondok berak herri musikak etsaiak «beti» izan dituela esan zuen: «soinua herrietatik kanpo, ezkutuan jo beharra izan zuten; txistua, berriz, onartua zegoen, udalaren bandak bazeuden, baina soinua ez zuten onartzen». Iturbidek adierazi zuen berak ezagutu zuela soinu txikia jotzeagatik lotsarazten zituztenak. Lajak, berriz, etxean «oso elizkoiak» izan arren, ez zuen zailtasunik izan, trikitizaleak ere baziren eta. Lajaren ustez, egun erlijioak soinuarekiko jarrera «asko» aldatu du: «Orain geu joaten gara elizara soinua jotzera».



Dantza, harreman bidea



Soinuak trabak izan bazituen ere, «garai batean jendeak izan zuen dantzarako grinari eta txapelketako indarrari esker» iraun du soinu txikiak, mahaikideen iritziz. Egun dantzarako ohitura galtzen aritzea «dantza soltea mito» bihurtu izanari egotzi zion Tiliñok: «Lehen pauso errazak egiten zituzten, eta denak dantzatzen ziren plazan; naturala zen, zerbait soziala zen. Orain, ostera, erabat zaildu dira, eta lehengo insinuazioa eta inprobisazioa galdu egin da; lehengo gazteek dantza zuten elkarrekin harremanetan jartzeko une bakarra, eta orain hori galdu da».



«Trikiti txapelketarik izan ez balitz, ez dakit zer izango zen soinuarekin», esan zuen Lajak. Iturbideren ustez, «dinamitaren modukoa» izan zen sariketek emaniko indarra: «Hortik etorri da ikasteko joera». Pandero jotzailearen ustez, «txapelketek ekarri zioten trikitiari indarra eta bariazioa». Tiliñok gehitu zuen «bitxia» zela txapelketek dantzatu ezin daitezkeen soinu azkarrak bultzatu izana. Iriondok gogoratu zuen, berak bultzaturiko 1970eko sariketan inork ez zuela parte hartu nahi: «Erabat beldurtuta zeuden».

Dokumentuaren akzioak