Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Soinen eskolan antzezle

Dokumentuaren akzioak

Soinen eskolan antzezle

Zirku eta dantza ikastaldia. Miarritzeko Maulraux ikastetxeko ikasleek ikastaldia dute Hendaian, Anton Abbadiaren bizilekuan; haren bizitzari buruzko antzezlana prestatuko dute

Egilea
Aitor Renteria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Hendaia
Mota
Albistea
Data
2005/04/06

Lehenik, Abbadia eremuko zokoak bisitatu dituzte, jauregia, itsaslabarrak, ortziaren behatokia. Eremuaren indarra barneratu ahala, dantza eta zirku eskolei ekin diete. Orotara, 16 urteko 30 ikasle daude ikastaldian. Agnes Baty da dantza irakaslea, Mary Rospide zirku irakaslea, eta Anne Schaller antzerkiaz arduratzen da.«Abbadiaren bizia mugimenduan ikasi eta adierazi nahi dugu», erran zuen atzo Shallerrek egin duten urratsa azaltzerakoan. Nekatoa izeneko baserriaren parte batean dantzariak ari ziren, ondoan zirku ikasleak.



Sentimenduak adieraziz







Lotsak eta tentsioa kentzea da lehen urratsa, eta, horretarako, dantza urratsak eginarazi zizkien Batyk. Lehenik, bakarka; ondoren, ikasle batek bertze bat besoetan hartuta, hirugarrenaren bila. «Ohiko bizian, gorputza gotorleku bilakarazten dugu, inguruan babes eremu bat eraikiz», zioen atzo irakasleak, ikasleei begira. Defentsa horiek indargabetuta bakoitzaren ahalak eta dohainak agerian gelditzea nahi zuen.



Hiriko tentsioek tokia hartzen dute maiz ikasgeletan. Abbadia eremuan, aldiz, lasaitasuna da nagusi. «Lehen hamar minutuan bitxi sentitu gara, baina orain libreago gabiltza, ez dugu deus atxiki behar», zioen atzo Vincent Bessier ikasleak.Antzerkiak eta dantzak bertzeenganako urratsa errazten dutela zioen Lea Bretterek, ikasgeletako giro arautuan baino gehiago ikasten dutela. Halaber, bertze ikasleak hobeto ezagutzeko bide aparta dela Abbadiakoa.



Neurgailu gisa, ostiralean Abbadiaren biziari buruzko antzerlana aurkeztu beharko dute ikasleek, 19:30ean. Talde bat Abbadia jauregiko kanpoaldean antzezten ari delarik, bigarren taldeak jauregiko behatokitik aritzeko beta ukanen du. Abbadia osoan ametsaren magia hedatzeko.

Dokumentuaren akzioak