Dokumentuaren akzioak
Sohütarrek gaur ekingo diote maskaraden bideari
Hartza eta buhaminak berreskuratuko dituzte saioetan
Kabana handia, Pitxu, Jauna, Anderea, Buhame erregea, Pinke eta Gabaston pertsonaiek sohütarren aurpegia izango dute gaur eta apirila bitartean Zuberoan emango dituzten ikuskari guztietan. Horiekin batera, berriz, aspaldian ageri ez diren pertsonaiak berreskuratuko dituzte, hartza jatorriz maskaradetako pertsonaia funtsezkoa da, eta buhaminak edo buhame emakumeak, hain zuzen. 10:00etan hasiko dute festa sohütarrek barrikada hausteekin, eta 15:00etan ekingo diote emanaldiari.
Berrogeita bost jokalarik hartuko dute parte aspaldian Sohütan izan ez den ikusgarrian, izan ere, hogeita hamalau urte dira azken maskarada herri horren esku egon zela. Ordea, pastoralak herrian elkarretaratzeko sortu duen ohiturari bide luzeagoa ematea erabaki zuten, eta maskarada antolatzeari ekin zioten. Ohikoa da pastoralak antolatzen dituen herriak ondoren maskaradari eustea, eta horixe gertatu da Sohütan ere. Jean-Louis Davantek idatzitako Xiberuko Makiak pastorala antzeztu zuten duela bi urte.
Bi urteko lana
Makien gorabeherekin amaitu eta berehala hasi ziren maskaradaren lehen urratsak ematen, 2001eko irailean. Pastoralerako egindako lan eskergari jarraituz lanari heldu zion Mixel Belhartzek, dantzariak eskolatzen eta musika doinuak apailatzen.
Era berean, protagonisten inguruan dabilen gizarte baztertuaz, beltzeriaz, gauterez eta buhameen munduaz, Alain Gimon eta Battitta Berrogain arduratu dira. Protagonisten azalean, berriz, pastoraletan agertutakoak ikusi ahal izango dira.
Ohiturei jarraituz gaurko egunarekin herrian bertan denbora luzean egindako lana erakutsi, handik abiatu, eta Zuberoako txoko anitzetara helduko dira Pitxu eta bere lagunak. Inauteen giroa eskainiko dute apirilaren 13ra arte, azken saioa ere etxean emanez, Hoki auzunean. Tartean, Urdiñarbe, Ligi-Atherei, Mitikile, Maule, Gamere-Zhiga, Muskildi, Arrokiaga, Atharratze, Altzürükü, Larraine, Barkoxe, Idauze-Mendi eta Altzai bisitatuko dituzte.
Dokumentuaren akzioak