Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sohütako hartza eta buhaminak

Dokumentuaren akzioak

Sohütako hartza eta buhaminak

Hogeita hamalau urtean ez dute maskaradarik sortu herri horretan, bi pastoral aurkeztu diren arren

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Maule
Mota
Erreportajea
Data
2003/01/03

Orain dela bi urte Jean-Louis Davant euskaltzainak idatzitako Xiberoko Makia pastorala 2001ean eman zuen Sohütako herriak ditu aurten maskaradak ikusterat emango Zuberoako 12 herritan zehar, etxean bertan egingo dituen bi agerraldiez gain. Hain zuzen ere, ohiturak hala nahi duenez, maskaraden lehen agerraldia datorren urtarrilaren 12an egingo da Sohütan bertan eta azkena, berriz, apirilaren 13an Hokiko auzunean.



Pastorala aipatu dugunez hasieran, ohargarria da horrelako bat paratzen duen herri batek sarritan maskaradak antolatzen dituela epe laburrera. Hala gertatu da, beraz, Sohütaren kasuan, baina aurretik halaber egin zuten Urdiñarben (maskaradak 1977, 1982, 1993 urteetan egin dituzte eta pastoralak 1980, 1988 eta 1999 urteetan), Eskiulan (pastorala 2000. urtean eta maskaradak 2002an), Atarratzen (pastorala 1997an; maskaradak 2000n) edo Santa Grazin (pastorala 1992an; maskaradak 1994an). Alderantziz ere gerta daiteke, hala nola Idauze-Mendiren kasuan, horiek maskaradak eman baitzituzten 1999an eta aurten, berriz, aurkeztuko baitigute Pier-Paul Berzaitzek idatzitako Ramuntxo pastorala.



Sohütak, haatik, Aimunen lau semeak (1984) eta Xiberoko Makia (2001) pastoralak antolatu baditu ere azken hogei urteotan, maskaradak narbarmen urriago egin izan ditu, helduen azkenengoa 1969. urtean egin baitzen herrian, duela hogeita hamalau urte, eta haurtxoena bederatzi urte lehenago, hots, 1960an.



Apustua ez zen gutxikoa, beraz, pastoralaren ildotik maskaradak egin nahi zituztenentzat. Pastoralak, baina, elkartzeko ohitura hazi egin du eta asmoetatik obretara, 2001eko irailetik maskaradak lantzen hasi zen talde bat. Dantzariak eskolatzen eta soinuak apailatzen aritu da Mixel Belhartz, pastoralarentzat egin zuen lan eskergari jarraituz. Horri esker, zortzi dantzariz osatutako aitzindari talde batek dantza-jauziez oparituko gaituzte maskaraden ateraldietan. Hiri entseinarietatik bata, haatik, zauritu egin denez, ez da agertu ahal izango lehen ateraldietan. Battitta Berrogain eta Alain Gimon arduratu dira, aldiz, maskaraden bigarren aurpegia —gizarte mespretxatuarena— islatzen duen beltzeriaren, hots, kautere eta buhameen jokaldien osatzeaz.



Sohütarrak ohitura zaharrak berpizten



Maskarada hauetan arituko diren 45 jokalariak oro izendatzea zaila litzatekeenez, esan dezagun, hala ere, Jean-Michel Hegiapal izango dela Kabana handia, Daniel Sagape Pitxu, Xavier Rekondo Jauna, Emilie Duhalt Anderea eta David Sagaspe Buhame erregea. Xorrotxak izango dira, berriz, Pinke eta Gabaston. Azken hau, Xiberoko Makia pastoraleko Süjeta pertsonaia izan zela gogoratuko dira asko.



Maskaradetan berrikuntzarik egotea zaila badirudi ere, Sohütak erronka honi ere eutsi dio. Hala, hartza sartu dute maskaradakarietan eta hau oso pozgarria da, maskarada gutxitan agertzen baita. Alta bada, jatorriz, hartza da maskaradetako pertsonaia funtsezkoenetatik bat. Juan Antonio Urbeltz balet sortzaileak dioenez, Kabana handia bera jatorriz hartz bat da. Ohitura zahar baten berpiztea izango da, halaber, buhaminak edo buhame emakumeak berriro plazaratzea. Buhaminek ez dute buhame gizonez ezer ikasterik baldreskeria kontuetan! Esaterako, euren gizonei bizarra moztera etortzen diren bakoitzean... ikusi egin behar da nola egiten duten!



Ez dugu hemen azalduko, Sohütako maskaraden 14 agerraldiekin aukera nahikoa egongo baita Zuberoara buelta bat egiteko. Gogoan hartu, arratsaldeko 15:00ak inguruan, herriko plazan hasi ohi den maskaraden ikusgarriaz gain, barrikada hausteak bizitzeko paradarik ere bada, goizeko 10:00etan hasita.

Dokumentuaren akzioak