Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Soahanta de Oliveira, Biarritz Baleteko saio berriak zabaltzen

Dokumentuaren akzioak

Soahanta de Oliveira, Biarritz Baleteko saio berriak zabaltzen

Gorputz mugimendua, Pilatesen Metodoa eta akrobaziarekiko harremanak aztertuko dituzte tailerretan

Egilea
Leire Aramendi
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/01/16

Orain dela hilabete batzuk Biarritz Baletak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatu zuten akordioak lehen urratsak egin ditu, eta datorrenari begira jarri dira jada; Miarritzeko konpainiak Donostiarako prestatu dituen hainbat saio, horren adibide. Egiako Gasteszenan —jarri berri duen egoitzan— maiatzera bitartean izango direnak aurkeztu zituzten atzo.



Egitarau zabalean, esperientzia handia duten dantza adituek eskainitako ikastaroak egongo dira, herritarrengan dantza zaletasuna pizteko betiere, eta, horiez gain, ikuskizunak ere egongo dira. Oraingoz bat aurreratu dute: L’heure de celebrer obra egongo da ikusgai Egiako Kultur Etxean apirilean.



Etzi Parisko Operako Dantza Eskolan anatomia fisiologikoko irakasle den Soahanta de Oliveira etorriko da Donostiara, Mugimenduaren analisia tailerra ematera. Dantzan mugimendua errazteko, gorputzaren analisia egiten du Oliveirak. Dantza klasikoan eta Dantza Mugimenduan Gorputzaren Analisi Funtzionaleko Prestatzaile gisa diplomatua da, hori egin aurretik dantzan denbora askoan aritutakoa. Mugimendu biomekaniko eta fisiologikoen analisia eta dantzaren esperimentazioa uztartuko dira.



Dantzako ikasleez eta profesionalez gain, herritar guztiei irekita egongo dira tailer guztiak; ondorioz, bi saio eskainiko dira: goizetan, 11:00etatik 13:00era hasiberrientzako saioa izango da; arratsaldetan, berriz, 16:00etatik 18:00etara profesional eta akademietan dabiltzanentzat. Ekitaldi guztiak Egiako Kultur Etxean egingo dira.



Bartzelonako adituak



Martxoan Pilates Metodoa ezagutzeko aukera eskainiko du Biarritz Baletak, horretarako Bartzelonatik etorriko dira Javier Perez Pont eta Esperanza Aparicio dantzariak. Hainbat dantza konpainiatan ibiliak dira; Victor Ullateren konpainia (Espainia), Scapino Ballet Rotterdam (Herbehereak) eta Tanz Theater Wienenen (Austria), besteak beste. Pilates Metodoa New Yorken ikasi zuten, metodoaren jatorrizko erakundean. Harrez gero, Herbeheretan eta New Yorken eskolak eman dituzte; gaur egun, Katalunian dihardute irakasten.



Pilatoren Metodoa gorputz heziketa bat da. Orain arte gehienbat dantzariek eta mugimenduaren perfekzioa bilatzen zutenek erabiltzen bazuten ere, gaur egun edozeinek egin dezakeela diote dantza munduan dabiltzanek, gorputza fisikoki eta mentalki prestatzen laguntzen duelako. Helburua gorputzak hobeto funtzionatzea da, muskulu guztien oreka lortuz. Ondorioz, gorputzaren kontrola, indarra eta flexibilitatea handitzen dira.



Zirkuaren munduak dantzari egin diezaiokeen ekarpena ere aztertuko dute martxoan Stephane Coudray zirkuko artistak eskainiko duen Dantza eta akrobazia ikastaroan. Biarritz Baleteko dantza sentsibilizaziorako arduradun Adriana Pous-Ojedaren ustez, «zirkuaren mundutik ateratako teknikak, koreografiak ikasteko osagarria izan daitezke». Dantza klasikoko nahiz akrobaziako heziketa jaso zuen Coudrayk. Mundu pedagogikoan nahiz ikuskizunetan esperientzia handiko artista da.



Apirilean, dantza hastapenerako tailerrak eskainiko ditu Adriana Pousek. Joan den azaroan egin zituzten gisa honetako lehen ikastaroak, eta oso emaitza onak izan dituela-eta jarraipena emango diote. Dantzaren mundua ezagutu nahi duen jendea sentsibilizatu eta barnean daramaten dantza aurkitzea da helburua.



Hamabostaldi berezia dantzaren hilabetean



Maiatzaren 12tik 24ra bitartean, berriz, dantza hamabostaldi berezia egingo dute. Dantzaren inguruan ikastaroak, erakusketak, bideo-proiekzioak eta hitzaldiak antolatuko dituzte, besteak beste, egunero. Sonia Schoonjeans irakasle eta dantza kritikoak Dantzaren historia hitzaldia emango du. Biarritz Baletak, berriz, prestatzen ari den azken lanaren entsegu irekia egingo du.

Dokumentuaren akzioak