Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Shangaiko begiekin Egin gabeko galderak (II)

Dokumentuaren akzioak

Shangaiko begiekin Egin gabeko galderak (II)

Jalgi Hadi Dantzara

Egilea
Sabin Bikandi Belandia
Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Mota
Elkarrizketa
Data
2012/03/06
Lotura
Deia - Noticias de Bizkaia

Denak balio du?

Mendebaldeko kultura etnozentriko eta globalizatzaileak irakatsi digu, gaur egungo ikuspegi moderno kosmopolita horretatik, doinua ateratzen duen edozer dela musikagailu edo musikagai, eta gizakion gorputzak egiten duen edozein keinu dantzatzat hartu daitekela. Eta era berean, abangoardiako arte garaikidetik datorkigu edozein muga apurtzeko joera, edozein egitura, oinarri edo arau, dena da posible gaur egungo artean: doinurik gabeko musika, mugimendurik gabeko dantza... Baina gai honen inguruan ikuspegi ezberdinak aurkitzen ditugu toki, garai, eta sarritan banakako ezberdinen arauera.

Zer da dantza?

Gure herri kulturan, esaterako, dantza eta musikaren arteko bereizketa nahiko berria da. Dantza eta musika esan dut, baina agian ez nituzke hitz bitan bereiztu behar. Dantzak gizakiaren mugimendua du abiapuntutzat. Eta mugimenduak espazioa eta denbora. Eta denbora, dantzari dagokionez eta gure kulturan, musikarekin bat dator. Dantza aipatzean, dantza bere osotasunean ulertu izan dugu euskaldunok, hau da, doinua eta gizakiaren gorputzaren mugimendua uztarturik, bat eginik. Gure dantzari zaharrek argi zeukaten dantza pausu edo urrats konplikatuenak, modu fin, galant eta dotorean markatuta egon arren, musikarekin bat etorri ezik, ez zirela dantza berez. Tradizioan, gorputza musikarekin bat egiten da dantzan egitean. Dantza, musika gorputz osoarekin entzun eta bizitzeko modu bat izan da Auñamendi inguruan saltuka bizi izan diren euskaldunentzat. Eta horregaitik iraun du tradizioan eta bizirik dago.

Dantzarik gabeko dantza?

Gogoan daukat behin danbolinteru baten etxera joan, bideo kamera eta guzti, eta bere herriko jai nagusiko dantzak jotzeko eskatu genionean, ezin zuela ulertu gure eskakizuna, ez zitzaion buruan sartzen: etxeko sukaldean eta dantzaririk gabe dantzak jotzea? Eta modu beretsuan zer da fandango edo bals bat dantzik gabe? Gure etxeko zaharrenek ez dute ulertzen nola egon daiteken sasoiko jendea jota-fandango bat entzuten dantzatu gabe. Edo, beste adibide bat jartzearren, Strausstarrek XIX. mendean, dantzarako idatzi zuten musika eder eta batez ere dantzagarria nola entzuten den kontzertu aretoetan eserita zintzo-zintzo. Shangaiko begiekin, ez da erraza ulertzea, nola bideratu edo erreprimitu dituen gure kulturak, gizakiak musikaren aurrean duen berezko erantzun psikomotorea.

Dokumentuaren akzioak