"Osasunak ez zidan laguntzen, kalean ibiltzeko eta taldeari segitzeko ere baldartuta nengoen. Pausoa moteldu behar izaten zuten besteek nigatik, txistua jotzen ere baldartzen hasita nengoen... Ondo jotzen zutenak izorratzen ari nintzela sentitzen nuen, eta onena alde egitea nuela pentsatu nuen". Aurtengo saninazioak baino pixka bat lehenago kideei erabakia jakinarazi, eta festa horiek bere ibilbidea agurtzeko egunak izatea erabaki zuen Jose Mari Sagarzazu txistulariak (Azkoitia, 1949), Izarraitz taldeko sorrerako kide eta zutabeak.
Txistulari ibilbidea uzteko erabakia hartuta, bestela ere bereziak izango ziren saninazioak Sagarzazurentzat, baina espero baino hunkigarriagoak izan ziren azkenean, "gehiegi eta dena". San Inazio egunean Nagore Alkorta alkatea joan zitzaion agurtzera; eta San Inazio bigarrenean, "flipatu egin" zuen Sagarzazuk, Imanol Pradales lehendakariak eta EAJren beste hainbat ordezkarik eta alderdikidek 43 urteko lana eskertu nahi izan ziotenean.
Txistuari lotuta
"Lagunentzat, Perre". Azkoitiko Perretxikosenekoa da Sagarzazu, eta aitarengandik jaso zuen goitizena; izan ere, hari jarri zioten Perretxikos ezizena, fraideekin eskolan perretxikoak gaitzat hartuta egin behar izan zuen hitzaldi baten ondoren.
"Hamaika tailer" pasatu ondoren, Blug enpresan egin zuen laneko ibilbidearen zati nagusia azkoitiarrak, delineatzaile, makinak proiektatzen; han lan egiteko aukera sortu zitzaionean jarri zen bizitzen aldameneko herrian. Azpeitira ezkondu zen, Mari Jose Arregirekin. Musikarik ez da inoiz falta izan bikotearen etxean: Sagarzazu txistularia da eta Arregi soinu jotzailea, baita Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolaren zuzendaria ere; eta Koldo semea ere txistuarekin hasi zen, gero bateriari eusteko.
62 urterekin hartu zuen lanetik erretiroa Sagarzazuk, eta beste hamahiru urtez luzatu du nerabezaroan Azkoitian hasitako txistulari ibilbidea. 1965a zen, 16 urte zituen Sagarzazuk, eta Antonio Arenas Azkoitiko Udaleko txistulariarekin egin zituen lehen urratsak instrumentuarekin. Harekin denbora bat egin ondoren, Anaitasuna mendi bazkunak sortu zuen dantza taldearekin hasi zen txistulari. Txistua jotzen irakasten ere aritu zen Sagarzazu. "Mutil koskor talde bat eduki nuen, eta beste bat pixka bat haziagoena". Azken horiekin eta soinu handia jotzen zuten beste batzuekin –emazte izango zuena tartean zela–, Euskal Gaztedia taldea eratu zuten. "Talde oso berezia" zen hura Izarraitzeko kide ohiaren esanetan, "oso gutxi ikusitakoa", txistua eta soinua nahasten zituzten taldeak ez zirelako batere ohikoak. "Herriz herri ibiltzen ginen, batez ere dantzari txiki egunetan", azaldu du Sagarzazuk.
Azkoitiarrak, ordea, bizimodua nola, Azpeitian osatu du txistulari ibilbidearen zatirik handiena ere. Izarraitz txistulari taldearen ernamuinera iritsi aurretik hasia zegoen 'azpeitiartzen'. Victoriano Fernandez Maixu Beltza-ren eskolak hartzen hasi zen Azpeitian, eta orduan ezagutu zuen Jose Inazio Elias txistulari azpeitiarra, "lagun handia". Harekin batera hasi zen txistua jotzen, talde berean aritu ez arren. "Eliasek Oargin jotzen zuen, eta ni Baserri Gaztedia izeneko beste talde batean sartu nintzen, xumeagoa, baina oso ederki pasatzen genuen. Berdura plaza zaharrean egiten genituen entseguak. Kultur talde bat zen hura: dantzariak zeuzkan, antzerkia ere bai... Han ibiltzen nintzen, txistua jotzen", kontatu du txistulari erretiratu berriak. Francoren diktadura urteetako muga eta traba guztiekin, baina euskal kulturari hauspoa ematen ahalegintzen ziren gazteetako bat zen Sagarzazu, eta horrek bazuen arriskua. "Txistua jotzea onartzea miraria" zela dio urte haietaz, eta kontu eske ibiltzen zitzaizkienak ez ziren nola-halakoak izaten. "Behin, kuartelera deitu gintuzten guardia zibilek Elias eta biok. Joan ginen, eta honela esan ziguten: 'Ustée han tocao Gora Eujcadi en Zozote'. Eta neure artean pentsatu nuen, 'ez genian hain gaizki joko, hauek igartzeko'". Irribarrez ekarri du gogora Sagarzazuk bere garaian batere gozoa izan ez zen trantzea. Bestelakoak ere baditu kontatzeko, ordea, txistulari azkoitiarrak. Soldadutzan, Gasteizen, Euskotarrak gera jo zuen txistuarekin... Espainiako banderari zin egiteko ekitaldian. "Ez dira asko izango gauza bera esan dezaketenak", dio Sagarzazuk, barre txikia ezpainetan.
Azpeitira, "erdaraz ikastera"
"Azpeitiarrei esaten diet erdaraz ikastera etorri nintzela. Segituan 'pikatzen' dira", dio, barrez, handikaldean jaioterrian baino urte gehiago daramatzan herrian nola hartu zuten galdetuta. Eta segituan gehitu du "oso ondo" hartu zutela bizitoki berrian. "Oso eskertuta nago Azpeitiko herriarekin".
Azpeitian bizitzen jarri zenean, Itsasi euskal kultur taldean hasi zen txistua jotzen eta erakusten, Tomas Geretak utzitako tokia hartuta. Itsasin pare bat urtetan ibili ondoren, talde hura laga eta txistulari taldea eratu zuten, Izarraitz txistulari taldea izango zenaren ernamuina. 1980ko hamarkadaren lehen urteak ziren, eta hasieran, Gereta eta haren taldearekin txandakatuz jotzen zituzten igandeetako dianak. Eduardo Aranak, Xabier Arregik, Xabin Zulaikak, Iñaki Lizasok eta Sagarzazuk berak osatu zuten hasierako talde hura, baina laster batu zitzaizkien Amaia Lizaso eta Agurtzane Muguruza.
1981ean ekin zion bideari Azpeitiko txistulari talde berriak, eta 1983an eratu zuten, izen eta izapidez behar bezala hornituta, Izarraitz txistulari taldea. Hasiera haietan Jose Maria Altuna Azpeitiko Musika Bandaren orduko zuzendariak "asko lagundu" ziela dio Sagarzazuk; besteak beste, lehengo pieza zaharrak, "Txokolorenak eta", moldatu zizkien Altunak. Izan ere, "usadio zaharrak gordetzea" zen talde sortu berriaren helburuetako bat: "1980ko hamarkadaz ari gara. Txokolotarrak ezagutu zituen jende asko zegoen, eta jakina da gaztetan ezagututako gauzak kariño bereziarekin gogoratzen direla, eder iritzita".
Berrogei urtetik gorako ibilbidean, usadio zaharrak gorde eta eguneratu, eta beste hainbat lan egin ditu eta egiten jarraitzen du Izarraitzek. Herriko festa nagusietan lortzen dute ikusgarritasun handiena, dianetan ez ezik, besteak beste udal ordezkarien elizarako joan-etorrietan zein prozesioetan parte hartzen dutelako; eta sokamuturraren hasiera iragarriz ere bai, esaterako, karnabaletan eta sansebastianetan. Sagarzazuk gogoan ditu txistulariak arratsalde osoa sokamuturraren aurretik ibiltzen ziren urteak ere, "megafoniarik ez" zegoenean, zezenaren iritsiera kalez kale iragarriz. Udalarekin korporazioan irten ziren lehen aldia ere oso ondo gogoratzen du azkoitiarrak; kirioak dantzan zituela pasatu zuen tratuagatik, batik bat: "Zulatuta ere ez nukeen odol tantarik botako. Lehen aldiz korporazioarekin, okasiorako jantzita... Nire ikuspegitik, kristorena zen, kategoria zen hura, eta serio egin behar zen. Mila entsegu egin genituen aurretik".
Konpromisoa, diziplina eta errespetua
Egun handietakoa, ordea, txistularien urte osoko lanaren zati bat besterik ez da. Beste hainbat herritan bezala, Azpeitian ere mantendu egin da txistularien igandeetako dianaren ohitura, eta hori "hutsik egin gabe" betetzen saiatu izan dira beti Sagarzazu eta kideak. Azkoitiarrarentzat, gauzak "serio antzera" hartzea izan da taldearen indarguneetako bat. Berak, bederen, garrantzia ematen dio gauzak "ahalik eta ondoen" egiten saiatzeari eta lanean ahalegintzeari. "Konpromisoak ondo konplitzea" ezinbesteko betekizuna izan da Sagarzazurentzat eta taldekideentzat. Agindutako egunean eta orduan zuzen eta txukun agertzea eta lan egitea "funtsezkoa" izan da Izarraitzeko kide ohiarentzat: "Niretzat, talde guztietan egon behar da, lehenengo, diziplina; eta, gero, errespetua".
Konpromisoaren erakusgarrietako bat da igandeetako dianarena. Hileko lehen igandean ez dute jotzen gaur egun, "gazteek gau-pasa egiteko egun bat bada ere" eskatu zietelako. Baina gainerako igandeetan, 09:00-09:30 aldera hasita, Alde Zaharretik Bustintzuriko Errebaleraino eta handik bueltan udaletxe azpian bukatuz, txistu doinuekin esnatzen dituzte igandeak Izarraitzeko musikariek. "Batek esan zigun txistuarekin traumatizatuta zegoela. Beste batek, berriz, ea beste kalerik ez al zegoen". Saninazioetan tabernak goizeraino irekitzen zituztenean egoera desatseginen bat edo beste bizitzea ere tokatu zitzaien.
"Saiatua izatea" da Sagarzazuk txistulari gisa bere buruaz nabarmenduko lukeen ezaugarria, baina, era berean, perfekzionista ere bada –"neure mailan, e"-, eta txistua "txukun eta, Altunak esaten zigun bezala, 'aditzeko moduan'" jo behar dela dio: "Musikari batek pieza zailak gaizki jotzen baditu, musikari txarra da; beste batek pieza errazak ondo jotzen baditu, hura musikari ona da". Bere trebetasuna norainokoa den badaki azkoitiarrak, eta Garikoitz Mendizabalen goi mailarekin –"munduko txapelduna!""– edo Izarraitzera batu berri diren Alain eta Janitz Sorazu gazteekin ez du alderatu ere egin nahi bere burua. Poz ematen dio, ordea, maila horretako txistularien esku laga izana berak sortzen lagundutako taldea. Izarraitz "osasuntsu" utzita esan du agur Sagarzazuk, taldekide izandakoekin tartean behin elkartu eta, orduan soilik, hainbeste maite duen lagunartean, txistua berriro ezpainetan jartzeko esperantzan.
Motzean
- Txistulari bat?
- Bi: Garikoitz Mendizabal eta Jose Ignazio Ansorena.
- Pieza kutun bat?
- Minueto de Monzón. Oraingo txistularientzat ez da ezer, baina hori jotzera iritsi nintzenean, "Joxemai, kristorena haiz" pentsatu nuen.
- Batere gustatzen ez zaizunik bai?
- Ez.
- Urteko ekitaldi bereziena?
- Saninazioetakoak eta sansebastianetakoak. Karnabaletan... Astearte goizean, zezena ikusten dut burutsuena.