Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Armendaritzeko seme bat pastoralean goraipatuko du Gamere-Zihiga herriak

Dokumentuaren akzioak

Armendaritzeko seme bat pastoralean goraipatuko du Gamere-Zihiga herriak

'Eñaut Elizagarai' tragedia antzeztuko dute uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Tokia
Gamere-Zihiga
Mota
Albistea
Data
2007/06/20

Eñaut Elizagarai itzal handiko errege horren itsasontziko ingeniari nagusia izan zen. Berak La Galiote gerraontziaren planak diseinatu zituen, eta itsasontzi azkar eta maneiagarri horri esker, Frantziako gerraontzidiak garaipen handiak lortu zituen, hala nola Aljerko itsas gudukaldian. Frantziari, garai batean, itsasoetan nagusitasuna eman zion ontziaren asmatzailea eskertzearren, Eñaut Elizagarai nobletu egin zuen Luis XIV. erregeak.

Euskal Herriko seme baten ibilbide ezohiko hori pastorala batean aipatu nahi izan du Junes Casenave-Harigilek, Altzaiko erretore eta Zuberoan euskal kulturako jardule nagusietarik denak. Arbailak mendialdearen altzoan, Altzabeheti eta Ozaze herri auzoen artean, kokatua den Gamere-Zihigako herritarrek tragedia hori oholtzan agertzea erabaki dute. Hori dela-eta, urte honen hasieratik mustraka edo trebakuntza saioetan ari dira asteburu orotan, oholtzako jokoen, zein bertset eta kantuen ikasten, hurrengo uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean gertatuko diren agerraldi egunetan prest izateko xedez. Dantzak, aldiz, aurretik ere ikasten hasiak ziren.

72 AKTORE, 21 JELKALDI, ZAZPI KANTU. Pastorala honetan taulara igoko diren 72 aktoreen artean, betiko legez, hautu zail bat egin beharra tokatu zaio Jean-Pierra Rekalt errejentari, süjeta, hots, Eñaut Elizagarai pertsonaia nagusiaren kargua izango duena aukeratzetik hastea. Kargu ohoragarri baina era berean ardura handiko hori Nicolas Urruti Zihiga auzuneko semeari tokatu zaio. Ederki jokatuko duenik ziurtzat eman daiteke, 2002. urtean Gamere-Zihigak eman zituen maskaradetan xorrotx bezala erakutsi zuen dohaina gogoan edukita. Erronka zailari eutsi beharko dio, baina guztira 45 bertset eta bakarkako kantu bat eman beharko baititu, oholtza gainean joko egiteaz gain.

Pastorala honetan, jakina, Luis XIV. erregearen pertsonaiak ere lehenbiziko garrantzia izango du. Kargu horretan arituko da, dotore eta boz indartsuz, Jean-Luc Tauzin, hori ere Zihigako herritarra. Pastoralean aipatzen dena laburbiltzen duen lehen peredikua Dominique Patalagoiti, Hiriondo auzuneko bizilagunak emango du. Kontakizunaren ondorioztatze bat bezala den azken peredikua, berriz, bi neska gaztek, Elise Axigarrek eta Maider Agerrek, emango dute bi bozetara.

Zihigan jarriko den pastorala soroan, hiru ordu inguru iraungo duen ikusgarrian tartekatuko dira 21 jelkaldi, zazpi kantu eta hiru guduka. Bertset emateen eta taula-jokoen ikasaraztea ardura nagusia du, beraz, bere hamaikagarren pastorala izango duen Altzabehetiko seme Jean-Pierra Rekaltek. Abestien ahaire asmatzaile eta kantarien eskolatzaile jardun du, aldiz, Altzaiko laborari Jean-Louis Aranburu Bidabek. Horrek badaki Zuberoako kantu tradizionalaz berri, Nola kanta, hala bizi ikus-entzungarriko arizaleetatik bat izan baitzen. Azken urteotako pastoraletan egon den kantu emate oso landuetatik aldendu nahi izango du, baina, Jean-Louis Aranburuk, bozen indarra agertzeko askatasuna utzita kantu emaileei.

Santanik gabeko tragedia bat pentsaezinekoa balitzateke, horien trebatzaile aritu dira bi dantzari fin, Beñat Etxebarne Kihilla eta Alain Coyos Hardoi. Ohikoa bihurtu den bezala azken garaiotako pastoraletan, dantza berri bat miresteko aukera izango da ere Eñaut Elizagarai pastoraleko gozamenen artean.

 
Erlijio gaietatik aldendu nahian da pastorala

Junes Casenave-Harigilek idatzitako bederatzigarren tragedia da Gamere-Zihigan ikusgai izango dena. Iaz, Zuberoan eman ziren hiru tragedietatik bi ere -Santa Engrazi eta Jesus- Altzai eta beste hamar bat herritako apaiz kargutan dagoenak idatziak izan ziren. Gamere-Zihigan aurten, hasiera batean, antzeztea pentsatu zuten, baina ez zen Eñaut Elizagarai izan eta bai, aldiz, San Frantses Xavier. Alabaina, Santa Grazi herrian iaz eman zen pastoralean ikusle kopuru txikiagoa egon zela ohartuta, erlijioari lotutako gai bat ez hartzea erabaki zuten azken batean Gamere-Zihigako herritarrek. Junes Casenave-Harigilek, dena den, hautua eman zien idatzita dauzkan, baina oraindik taularatu gabeak diren, bospasei pastoralen artean. Horrela zuten Eñaut Elizagarai obraren aukera egin.

Dokumentuaren akzioak