Dokumentuaren akzioak
Sekula ez ahazteko irudiak
Kritika, Nederlands Dans Theater
Bilboko Arriaga antzokian izandako egitarauak ederto adierazten du Nederlands Dans Theaterren bilakaera: emanaldiko lehen bi piezak Jiri Kylian zuzendari historikoak sinatu zituen 1993 eta 1997an eta geroko biak Paul Lightfoot eta Sol Leon konpainiako bikote artistiko berriak sortu zituen iaz.
Kylianen Whereabouts unkown koreografiak antzinako zibilizazioen mitoak eta aztarnak hartzen ditu aitzakiatzat, oso urrutik hartu ere, eta agian horregatik ahazten dugu lehen momentutik balizko abiapuntu hori, geure burua dantzaren edertasunean murgiltzeko. Arvo Pärt-ek eta beste egile garaikide batzuek sortutako soinu-banda atmosferikoak maisuki egituratzen ditu koreografoaren ideiak giza paisaia onirikoak eraikitzeko eta hainbat irudi ahaztezin eratzeko. Haien artean ezin ederragoa da hasierako atala, non dantza konpainiako hamalau neskek dantza hipnotiko bat garatzen duten gorputz femeninoen lerroen harmonia bat-bateko mugimendu kementsuekin konbinatuz eta denen arteko sinkronizazio itzela eta energia neurtua bizipen-keinuekin batera adieraziz.Nik esango nuke printzipioz nahiko bateraezinak diren hainbat elementuren elkarketan datzala konpainiaren erakarpena: adagio baten gozotasunean arpegio ez-harmoniko batzuk tartekatzen dira, dantzarien ibilbide geldo-geldoetan egiazkoak ez diruditen mugimenduak agertuko dira, dantza-bikote batek pausorik ederrenak garatuko ditu konpainia guztia lo dagoen bitartean, eta ñabardurez beteriko estilo horrekin batera dantzarien maila ikaragarria dago, keinu eta jarreren izaera humanoa gordetzen dakiena.Gaueko beste hiru lanetan ere mantendu ziren esandako ezaugarriak, nahiz eta Jiri Kylianen bigarren lana Wings of Wax izenekoa kutsu neoklasikokoa den eta haren soinu-banda atseginak dantzak berak baino dentsitate gehiago hartzen duen.
Lightfoot/Leonen lehen koreografia guztiz berezia izan zen hala sortze nola egikeraren aldetik: Shutters shut lau minutuko pieza laburra da eta haren soinu-banda Gertrude Steinek 1912an irakurritako poema baten hitzak dira. Deskonstruktibismoaren ildotik sortutako olerki hark oihalaren aurretik mugitzen diren neska eta mutilaren mugimenduak gidatzen ditu, Picassoren estiloaren alegoria ausarta eta dibertigarria marrazteko.
Baina dudarik gabe aztarna sakonena utzi zuen lana Signing off izan zen, bertan Lightfoot/Leon bikoteak sekula ahaztuko ez ditugun irudi artegagarri ederrak sortu baititu dantza, argia, haizea eta eszenako oihalak maisuki erabiliz Philip Glassen musika sujerigarriaren gainean. Agus Perez
Dokumentuaren akzioak