Dokumentuaren akzioak
Seigarrenean aldaketa
Euskal koreografo gazteen VI. erakusketa
Abian da Euskal Koreografo Gazteen VI. erakusketa. Aurten aldatu egin da hautaketa prozesua, eta dantzarekin zerikusia duten hainbat eragileren botoekin aukeratu dira ikusgai diren bost piezak.
Ikutu dantza taldeak Bostak S2 lana aurkeztu du. Taula gainean neska bi eta mutil bat dira, eta eszenako albo batean gorputz atalak erakusten dituzten lau kubo daude. Talde-koreografia honetan keinu pausatuak, tentsio goreneko formak eta akrobazia suabeak burutzen dituzte, gorputzen arteko topaketak eta jolasak mugimenduaren muina direla. Saioko unerik lortuena azkenean dator, gozo eta garratzaren arteko kontrastea sortzen delako mutilak eta neska batek beren gorputzak etengabe korapilatzen dituztenean, esandako kuboen artean beste neskak limoi bat zuritzen duen bitartean.
Araztasuna Telleriaren piezan
Firua deituriko sorkuntza Pantxika Telleriarena da. Lan labur honetan Celia Thomas bakarlari aritzen da, Juan Carlos Perezek hari-instrumentuetarako sortu duen doinupean. Koreografia honen ezaugarri nagusiak araztasuna eta zorroztasun estetikoak dira, eta uneoro igartzen da emakume biek heziketa sakona jaso dutela dantzaren arloan.
Dantzariak kafe-errota txiki baten inguruan eratzen du bere joan-etorria, behegainetik etzanda lehenik eta progresiboki altuera hartuz geroago, airetik estilo handiko jauziak egin arte. Oso interesgarriak iruditu zaizkit dantzariaren ibilbide zirkularrak eta oin zein eskuetatik proiektatzen ziren indar-lerroak, eta azpimarratzekoa da era berean ekialdeko estetika, dantza garaikide eta euskal dantzaren arteko solasaldia.
Saioa Ibañez koreografo eta bakarlari gisa aritzen da Ihes puntuak piezan. Erabateko isiltasunean eta etzanda hasten da Saioa mugitzen, norabide horizontal guztiak esploratuz-edo. Bere desplazamenduetan zorutik zertxobait altxatzea lortzen badu ere, behin eta berriro bueltatzen da behera, eta zutik dagoela eratzen ditu mugimendurik interesgarrienak Richie Hawtinen erritmo hipnotikoekin batera.
Jausiek eta altxatzeek erabateko perfekzio teknikoa erakusten dute eta oso ezuste politak eta aberasgarriak sortzen dira mugimenduaren norabidea eta abiadura aldatzean. Telleriarekin batera, Ibañez izan da ene ustez aurtengo errebelazioa.
Umorea eta ustekabeak azken lan bietan
Natalia Mongeren Mejor mal acompañado que solo lanean Jon Urraza, Natxo Montero eta Natalia bera ditugu, kirol arropa jantzita eta elkarren babesa bilatuz ezezagunaren aurrean. Ausardiaz, gaztetasunaz, kemenaz eta ezustez beteriko ariketa freskagarri honetan laguntasuna da nagusi, eta berarekin batera umorea eta norberaren beldurrak.
Musikaren alaitasunak lagunduta lasterketak egiten dituzte behegainetik irristatzeko, eta baita ere akrobaziak burutu, ikusleen aurrean paratu, Argiñanoren irudiak tartekatu, elkar jo eta mukiak kendu, harik eta hirurak behera jausten diren arte, elkarri lagun- tzen zintzoki ahalegindu diren arren.
Mayda Zabalaren ...y descuelga mi corazón izeneko koreografian bikote ezkondu berri bat irudikatzen dute Maydak eta Isidro Zapaterok. Bost lanen artean hauxe da antzerkitik hurbilen dagoena, batez ere musika hautaketaren eraginagatik. Baina, zorionez, koreografoak argumentu linealaren tentazioa gainditu du eta erruz sartu da iradokitze eta sinbolismoaren eremu emankorretan, clown teknikekin eta akrobaziarekin hornituz pantomima kutsuko lan gozagarri hau.
Dokumentuaren akzioak