Dokumentuaren akzioak
Sei estreinaldi erabateko hartuko ditu aurtengo BAD jaialdiak
Idoia Zabaletaren eta Filipa Franciscoren lan berria estreinatuko dute festibalean: 'Bicho, eres un bicho'
Egun gehiago, eta leku gehiago. Ohiko aretoetan ez ezik, emanaldiak
izango dira aurten BBKren kultur aretoan, EITBren egoitzan, Kafe
Antzokian, Zabalguneko merkatuan, Hika Ateneo aretoan, Artelan
Berreginen Museoan eta Vanguardia arte galerian. Eraikin bitxiagoak ere
erabiliko dituzte: Zubiarte saltoki guneko aparkalekua eta
Zorrozaurreko Beta lantegi zaharra.
Zubiarte saltoki guneko aparkalekuan, El ser humano perfecto izeneko performance-a egingo dute azaroaren 1ean. Lehenbiziko aldia izango da Euskal Herrian ematen dutena. Zorrozaurren, berriz, Fuera de la fábrica Beta lana emango dute, Itineris Apur Bad atalaren
barruan. Bilbon ibilaldia egitea proposatzen du Nilo Galego
espainiarraren lanak, Arriaga antzokian hasi eta Beta lantegian
amaitzen dena. Autobusean egingo dute bidea.
Erabateko sei estreinaldi
Estreinaldiak dira BAD jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat.
Aurten, hamahiru lan emango dituzte lehengoz Euskal Herrian, eta sei
erabateko estreinaldiak izango dira. Guztietan dago euskal herritarren
bat tartean. Bihar, Arriaga antzokian, Acebeda hirutarako balleta emango dute; eskeletoak izango dira dantzari protagonistak. Etzi, Vanguardia galerian, obrari buruzko performance-a
egingo du Mabi Revueltak. Lanaren inguruko erakusketa zabaldu zuten
iragan larunbatean, Vanguardia galerian bertan. Azaroaren 8ra arte
egongo da ikusgai.
Idoia Zabaletak eta Filipa Franciscok Bicho, eres un bicho lana estreinatuko dute larunbatean, Artelan Berreginen Museoan. Performance
berezia izango da, bankete eta guzti izango baitute; Andoni Luis Aduriz
eta Javier Bergara sukaldariek prestatuko dute. Sukaldaritza eta artea
uztartu nahi izan dituzte gisa horretara. Gainera, lanari buruzko
liburua ere argitaratu dute. Obra eman aurretik aurkeztuko dute hura,
BAD jaialdian bertan.
Bilboko Trashumantes y la Novia antzerki konpainiaren Leyendas urbanas lana estreinatuko dute azaroaren 4an, Bilborock aretoan. Crónica de la noche abierta lanaren ondorengo atala da; 2007ko BAD jaialdian eman zuten hura. Beatriz Gazquezen Out
dantza ikuskizuna emango dute La Merced aretoan lehenbizikoz.
Atzera-aurrerak nagusi dituen lana da. Azaroaren 6an, Juanjo Otero
aktorearen eta Sala Triangulo taldearen Hamster antzezlan berria emango dute EITBren egoitzan. Gizakien eta etxekotutako animalien desberdintasunak izango dituzte hizpide.
Erabateko estreinaldiak ez izanagatik ere, euskal herritarren lan gehiago ere emango dituzte jaialdian. Besteak beste, Kapzuloa instalazioa, Dantzan bilaka ikuskizuna eta Diktat
antzezlana. Hala, Kultura zuzendari Iñaki Lopezen esanetan, BAD
jaialdia euskal herritarren lanak zabaltzeko plaza izatea nahi dute.
«Gure bokazioa da Euskal Herriko artistentzat irteera oholtza izatea,
eta inguruko lanik berritzaileenei aukera ematea jendaurrean
erakusteko».
Nolanahi ere, kanpotarrak ere izango dira BAD jaialdian.
Besteak beste, Espainiatik, Herrialde Katalanetatik, Frantziatik,
Belgikatik, Portugaldik, Italiatik eta Suitzatik etorriko dira
artistak. Antolatzaileek Vicente Arlandisen parte-hartzea nabarmendu
dute. «Urte asko generamatzan haren atzetik, eta bi espektakulurekin
etorriko da», esan du BADeko zuzendari Fernando Perezek.
Bilboko jaialdiaren karietara, bestelako ekintzak ere izango
dira datozen egunetan. Bermeon, Arrigorriagan eta Durangon ere
eskainiko dituzte antzerki eta dantza emanaldiak, BAD Bizkaia Antzerkia
Dantza zikloaren barruan. Bilboko Kafe Antzokian, berriz, kontzertua
emango du Filastine & McNova taldeak, Nadya Tribal Dancers dantza
taldearekin batera.
Topaketak, mintegiak eta gisa horretakoak ere izango dira.
Antolatzaileek IETM Informal European Theatre Meeting jardunaldia
azpimarratu dute. Nazioarteko 50 programatzaile baino gehiago izango
dira Bilbon.
Dokumentuaren akzioak