Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Seguran jokatuko da igandean dantza sueltoaren finala

Dokumentuaren akzioak

Seguran jokatuko da igandean dantza sueltoaren finala

Hogeita bi bikote izango dira biharko kanporaketan eta hamalau-edo igandean

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/06/19

«Goi mailako dantza ikusten ari gara azken urteotan. Segura da puntu gorena, eta aldi berean, denboraldiaren hasieraren ondoren, uda partean, hamabost-hogei bat txapelketa egingo dituzte, eta urrian bukatuko da denboraldia», esan zuen Jose Juan Ugaldek, Euskal Dantzarien Biltzarreko kide, dantzari ohi eta urte askoan epaimahaiko izan denak, EiTBek Miramonen duen egoitzan atzo egin zuten aurkezpenean.

«Lezon eta Beasainen egin dira dagoeneko txapelketak, eta ikusitakoak ikusita, Seguran sekulako ikuskizuna izango dela ziurtzen dugu», jarraitu zuen Ugaldek. Aurtengo edizioak izango dituen berrikuntza zenbait aipatu zituen; musikaren arloko bat esate baterako, fandangoa txistuz jotzen zen oraindainokoan, eta aurten aukeran jarriko da txistuz edo albokaz dantzatu ahal izatea, bizkaitar eta arabar bikote batzuek joera hori izan dezaketelako. Bi bikotek egin omen dute aukera hori, eta Juan Mari Beltran izango da albokarekin fandangoa joko duena. Parte-hartzeari buruz ere datu batzuk eman zituen Jose Juan Ugaldek. «Parte-hartze aldetik gorabehera handiak izan dira, eta aurtengo kopurua nabarmentzeko modukoa da», esan zuen. Lurraldetasunari dagokionez ere baikor zen Ugalde. «Norbaitek pentsa dezake aurten ere hamazazpi bikote gipuzkoarrak direla, baina Bizkaitik hiru bikote ditugu eta Nafarroatik eta Arabatik bana. Bost bikote ditugu Gipuzkoatik kanpokoak, eta urte asko izan ditugu Seguran txapelketak gipuzkoarren arteko parte-hartzearekin bakarrik. Gehiago zabaldu beharko da, baina bidea egiten ari igara», jarraitu zuen.

'Jalgi hadi dantzara' izenarekin, bi urtez behin egiten duten erromeria nazionala ere aipatu zuen Ugaldek. «Datorren urtean egingo dugu bigarren edizioa Berrizen, eta Amurriok 2006rako eskatua du txanda», jarraitu zuen.

Mikel Areizagak, Segurako alkate berriak, Joxe Mari Oterminek eta Nestor Basterretxeak ere hitz egin zuten aurkezpenean.

Dokumentuaren akzioak