Dokumentuaren akzioak
«Segurako Txapelketa irabaztea ‘Champions’-a irabaztea bezalakoa da guretzat. Oso pozik gaude»
Seguran jokatzen den Euskal Herriko Dantza Txapelketako 44. edizioko txapeldunak dira. Katerin Artola Telleria (Oiartzun, 2001) eta Iker Belintxon Lizarazu (Lezo, 2002) oso kontentu daude lortutakoarekin. Bigarren urtea zuten Seguran eta emanaldi bikaina josi zuten. Plaza exijentea da, perfekzioa da helmuga, eta perfekzioaren gainean aritu ziren teknikoki eta estetikoki. Hori gutxi ez eta, gainera, ondo pasa zutela transmititu zuten. Eta bai, asko gozatu zutela aitortu dute.
Merezi izan dute hainbeste entsegu orduk, iluntzean hasi eta ordu txikitan bukatzen diren entrenamendu saioek. Artola Enpresa ikasketak egiten ari da eta Belintxon, berriz, Kimika ikasten dabil. Beti ez da erraza dantzarako tarteak hartzea, baina txikitatik dantzak pizten dituenez, gustuko aldapan nekerik ez.
Zorionak. Segurako txapeldunak. Gauza handia da hori.
[Katerin Artola] Egia esan bai. Txapelketetan maila gorena da Segura, futbolean “Champions”-a den bezala. Guretzat maila horretako lehiaketa da Segura. Oso pozik gaude.
[Iker Belintxon] Gainera Segura berezia da ikusgarritasun handiko txapelketa baita. Telebistan ematen dute, jende asko joaten da bertara ikustera –aurten askoz gutxiago covid-19arengatik–. Txapelketa berezia da. Lan asko egin dugu, entrenamendu ordu asko eskaini dizkiogu eta merezi izan du.
2020. urtea arraro joan da baita dantza txapelketetan ere. Hala ere, Segura baino lehen ere ondo ari zineten.
[K.A.] Bai, normalean 14-15 txapelketa izaten dira eta aurten lauzpabost baino ez. Bikoteka jokatu ditugun sei txapelketetatik lautan irabazi dugu; Lekeition, Zarautzen, Donostian eta Seguran azkena.
Bakarkako txapelketa bakarra jokatu dugu, Zarauzko Aurresku Txapelketa, eta hori nik irabazi nuen.
Segurako txapelketan elkar ondo ezagutzen duten bi dantzari ikusi genituen.
[I.B.] Bi urte daramagu elkarrekin dantzan. Lehenengo urtean gehiago kostatu zitzaigun, elkar ezagutzen genuen, baina ez hainbeste. Aurten entsegu ordu asko eta asko eman ditugu elkarrekin eta konplizitatea lortu dugu. Hori nabaritu egin da. Astean hirutan elkartzen gara eta bi orduko saioak egiten ditugu, jo eta fuego.
[K.A.] Nik uste dut dantzan ari garenean segituan konturatzen garela nola dagoen bestea, zer-nolako eguna duen, ondo iristen ote den bukaerara, pausoak ondo ixten ote dituen... Gauza horiek denak oso garbi ikusten ditugu barrutik.
Segurako saioan gozatzen ari zinetela ematen zuen, patxada eta poza transmititu zenituzten.
[K.A.] Nik ez nuen espero, baina esango nuke aurten izan ditudan txapelketa guztietatik gehien gozatu dudana izan dela. Uste nuen askoz urduriagoa egongo nintzela, baina oholtzan asko disfrutatu nuen.
[I.B.] Sentsazio oso onekin bukatu genuen eta hori nabaritu egin zen. Emanaldia amaitzean sentitu genuen ondo dantzan egin genuela eta gure eguna izan zela.
Begien bistakoa da aldea zuen garaieran. Horrek eragiten al du dantzan egiteko orduan?
[K.A.] Nik uste dut eragiten duela eta gure dantza irakasleak ere askotan esaten digu kontuz ibiltzeko horrekin. Niri ez dit hainbeste eragiten, gora begiratzen dudalako Ikerrekin dantzan egiteko, baina Ikerrek arriskua dauka behera begiratu eta sorbaldak gehiegi jaisteko. Uste dut nik zailagoa jartzen diodala berari berak niri baino.
[I.B.] Egia da bikotea txikiagoa izatean, joera dagoela makurtzeko dantzan egiteko orduan. Hori akaso gehiago gertatzen zitzaidan lehen urtean, baina aurten neurria hartu diogula uste dut eta ondo orekatu dugu bion artean dagoen aldea altueran.
Gogor entrenatu zaretela aipatu duzue. Zein lan egiten duzue entrenamenduetan?
[I.B.] Fisikoa landu behar da. Maila fisikoa beti puntu-puntuan eduki behar da, bestela ezin da iraun txapelketan. Eta, noski, teknika ere asko landu behar da. Bion arteko sinkronizazioa, batera aritzea, oso garrantzitsua da. Hori ere lantzen dugu.
Zerk ematen du lan gehien?
[I.B.] Teknika oso txikitatik lantzen dugu, nahiz eta beti hobetu behar den. Adinean aurrera egin ahala txapelketetan dantzatu beharreko piezak gero eta luzeagoak dira eta hor oso garrantzitsua da maila fisikoa lantzea. Indarra izan behar da hanketan eta iraun egin behar da. Bi salto gehiago egin beharrak maila fisiko hobea eskatzen du.
Nola lantzen du maila fisikoa dantzari batek?
[K.A.] Entseguetan Ikerrek asko laguntzen dit maila fisikoa lantzen. Nik normalean gure dantza egin eta bukatu egingo nuke, baina Ikerrek animatzen nau beste bitan edo egiteko. Dantzak luzatzen ditugu eta era horretan nire maila fisikoa indartzen laguntzen dit. Entseguetan dantza luzeagoak egiten badituzu beti, gero motzagoak errazago menderatzen dituzu.
[I.B.] Edozer gauza egin daiteke fisikoa lantzeko, hankak indartzeko. Ni ez naiz geldirik egoten, futbolean aritzen naiz, mendira joaten naiz, korrika egitera. Ez naiz geldirik egoten eta horrek laguntzen dit maila fisikoa mantentzen.
Askok pentsatzen dutena baino ahalegin fisiko handiagoa eskatzen du dantzak.
[K.A.] Bai, egia da hori. Dantza ez da kirol moduan hartzen eta kanpotik begira dagoenak pentsa dezake oso polita dela, baina seguruen ez du asko pentsatzen eskatzen duen ahalegin fisikoaz. Niri lagunekin gertatzen zait, parrandan plazan dantzan hasi eta askotan esaten didate, «ez du ematen, baina nola nekatzen duen dantzak». Dantzak maila fisikoa eta indarra eskatzen ditu.
Dantza ez da kirol modura hartzen, baina zuek kirolari askok adina entrenatzen duzue.
[I.B.] Dantza kulturaren alorrean sartzen da eta badirudi horrek garrantzia kentzen diola jarduera fisiko bezala. Baina dantza kirol oso gogorra eta exijentea da eta hori ere aldarrikatu beharko genuke agian.
Zuentzat zer da dantza?
[I.B.] Zaila da azaltzea. Ni oso gustura sentitzen naiz dantzan egiten dudanean eta batez ere bikoteka, beste batekin partekatzen duzunean sentsazio hori, dantzatzearen poz hori. Nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenetako bat da dantza zalantzarik gabe.
[K.A.] Niretzat ere oso garrantzitsua da. Dantzan egiten dudanean beste guztiarekin ahazten naiz eta asko gozatzen dut. Oso sentsazio berezia da. Nire bizitza une honetan ezin dut imajinatu dantzarik gabe.
Soka baten segida zarete. Pentsa, Segurako txapelketak 44. edizioa bete du aurten.
[K.A.] Niretzat oso garrantzitsua da hori, emozio kolektibo baten parte sentitzen gara. Adibidez, Segurako txapelketa oso berezia da, gure irakasleak irabazitako txapelketa bat da eta horrek motibazio berezia sortzen du gugan. Sentitzen duzu berezia dela plaza horretan dantzatzea.
Txapelketetan dantzatzeko modua aldatu egin al da urteen joanean?
[I.B.] Bai, dantzak eta jantziak aldatu egin dira. Lehen plazako giroa erakusten zen gehiago, piezak desberdinak ziren, azkarragoak, beti pauso berdinak errepikatzen zituzten... Orain pauso guztiak desberdinak dira eta, gainera, bikote guztiak saiatzen dira zerbait desberdina eskaintzen.
Zuen aurtengo proposamenean, adibidez, zein zen berezitasuna?
[K.A.] Arin-arineko lehen pausoa nabarmenduko nuke, Arratiako pauso bat da eta hori ekarri genuen oholtzara. Besoak goian beharrean, erdi parean jarrita. Jolas moduko bat proposatu genuen.
[I.B.] Joera hori indartzen ari da orain. Azken bi urteetan ikusten ari da besoak jaisteko joera hori.
Fandangoak eta arin-arinak zer kontatu behar dute?
[K.A.] Nik uste dut gozatzen ari zarela kontatu behar duzula eta bikotearen artean konplizitatea dagoela. Baina batez ere gustura dantzatzen ari zarela transmititu behar duzu.
Jantzi onenaren saria ere irabazi zenuten.
[K.A.] Ikerren jantzia XX. mende hasierako jantzi batean inspiratua dago eta Lourdes Esnaolak egin du, gure irakasleak. Nire kasuan, blusa Goizuetako baserri batean topatutakoaren kopia da, gona Atharratzen topatutako baten kopia eta mantala Errenterian aurkitutako batena. Mantalak badu berezitasun bat. Normalean atzean edo aurrean lotzen dira mantalak eta nirea albo batean lotzen zen. Nire jantzia Ramon Garcia jostunak egin du.
Jantziak politak bai, baina erosoak ere bai, ezta?
[K.A.] Bai, oso garrantzitsua da hori. Niretzat oso garrantzitsua da erosoa izatea eta gonak pisu handia ez izatea. Ramon Garciarengana joan nintzenean horixe eskatu nion, gona ahalik eta arinena izatea. Eta hala egin du.
[I.B.] Nire kasuan kasakak hartzen du pisu gehiena. Segurara eraman nuena justu gehien pisatzen duena da, baina ohitu naiz horrekin dantzatzen. Hasieran kostatu egiten zitzaidan, sorbaldak kargatzen zitzaizkidan, baina dagoeneko ohitu naiz eta ondo moldatzen naiz. Galtzak elastikoak izaten dira eta garrantzitsuena da zu zeu eroso sentitzea. Niretzat okerrena gerrikoa ondo jartzea izaten da eta Seguran Katerinek jarri zidan eta primeran neraman.
Nola definituko zenukete batak bestea, zuen dantzako bikotea?
[K.A.] Iker asko laguntzen duen pertsona bat da eta nire onena ateratzen saiatzen da. Bere helburua ez da berak bakarrik ondo dantzatzea, biok ondo egitea baizik. Eta ahalegina egiten du ni berarekin ondo sentitzeko eta biok ondo dantzan egiteko.
[I.B.] Katerin oso-oso dantzari ona da. Aurreskuan eta fandangoan dagoen dantzari onenetakoa da eta horregatik lortu du bietan Euskal Herriko txapela. Oso pertsona alaia da eta hori ikusten da dantzatzeko orduan. Asko transmititzen duen dantzaria da.
Segura eta gero, atsedena?
[I.B.] Bai eta oso beharrezkoa gainera. Segurara ondo iristeko entsegu asko egin ditugu, gogor lan egin dugu eta behin bukatuta, atsedena behar dugu.
Presio pixka batekin iritsi zarete Segurara? Faboritoen artean zineten?
[I.B.] Ez ginen faboritoak, baina bagenekien borroka horretan aritzeko aukera genuela. Presio pixka bat bagenuen, aurretik hiru txapelketa irabazi ditugu eta karga hori bagenuen. Hori egia da.
[K.A.] Bai, aurretik hiru txapelketa irabazi eta gero kontziente ginen aukerak izan bagenituela eta horrek estutu egiten zaitu.
Euskal Herriko txapeldunak zarete. Eta, orain, zer? Zein da hurrengo erronka?
[K.A.] Gure helburua da hiru urtez jarraian Segurako txapelketa irabaztea. Hori lortuz gero, saria Lezoko Udalean geratuko litzateke. Hori da gure erronka.
Dokumentuaren akzioak