Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Segurako Dantza solteko txapelketan izen emateko epea ekainaren 7an amaituko da

Dokumentuaren akzioak

Segurako Dantza solteko txapelketan izen emateko epea ekainaren 7an amaituko da

Egilea
Andoni Etxeberria
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2005/05/26

Bikotekidetako batek 16 urte baino gehiago izan beharko ditu izena emateko orduan eta Euskal Herriko udalerri bat ordezkatuko dute. Apuntatutako bikoteak 12 baino gehiago izanez gero, ekainaren 18an, larunbatean, kanporaketa saio bat egingo litzateke Baratze pilotalekuan.



Bai kanporaketa zein finalean eta zozketaren arabera, bikote bakoitzak fandangoa eta arin arina dantzatu beharko ditu, baina musika aldatu egin da aurten, eta fandangoa trikitiaz eta arin-arina txistuz izango dituzte. Kanporaketa egiten bada, bertan sailkatutako lehen 12 bikoteak eta Euskal Herriko herrialde bakoitzeko onenak, igandean, arratsaldeko seietan jokatuko den finalera pasatuko dira.



Kanporaketa nahiz finalean Euskal Herriko dantza jantzi tradizionalak eramatea derrigorrezkoa izango da dantzarientzat, jantzien ikusgarritasuna eta dotorezia areagotzen dituzten bikoteak sarituak izango direlarik.



Epai mahaia bost edo sei dantza adituk osatuko dute eta euren izenak lehiaketaren aurkezpen egunean ezagutaraziko dira. Epaitze lan eta erabakiak, Euskal Dantzarien Biltzarreko federazioan ezarrita dauden solteko dantza arauetan oinarrituak egongo dira.



Eskultura berria



Nestor Basterretxea eskultoreak sari berria diseinatu du aurtengo ediziorako, txapelketa hiru aldiz irabazteagatik Hernaniko Udaletxera eraman bai zuten iaz Parrondo anai-arrebek azken trofeoa. Bost bikotek irabazi dutenez orain arte hiru aldiz jarraian, seigarren eskultura izango da aurten Nestor Basterretxeak egingo duena, dantza sueltoa esanahia jasoaz. Nestor bera ere dantzaria izan zenez, ongi ezagutzen du dantza mota hau. Herriko erromerietatik dator dantza askea, baina dantzarien teknika asko aldatu da garai berrien arabera. Lehen espazio txikiagoan egiten zen dantza, pauso eta mugimenduak txikiagoak eta laburragoak ziren, baina dantza airosoagoa eta biziagoa zen.



Gaur dantza egiteko teknika zehatzagoa da, hankei eta besoei dagokionez batik bat eta, ondorioz, alderdi espresiboak baztertuak geldituaz, keinuak, irriak edo kriskitinak adibidez. Lehiaketa mota hau batez ere Gipuzkoan dago sustraituta eta irabazle denak bat ezik gipuzkoarrak dira. Kontuan hartu behar da urtean zehar dantza solteko 40 txapelketa baino gehiago egiten direla Gipuzkoan, 6 Bizkaian, 3 Araba eta Nafarroan eta bat bera ere ez Iparraldean.

Dokumentuaren akzioak